→Arrigorriaga

Arrigorriagak Enplegu arloa eta komunikazioa, Parte-hartzea eta Gardentasuna indartuko ditu

Maite Ibarra, Osoko bilkura batean // Geuria

Iazko irailan hausnarketa prozesua abian jarri zuen Arrigorriagako Udal Gobernuak, Koronabirusak sorraraziko osasun-krisiak plangintza goitik behera jarri ostean. 2020ko martxotik gaur egun arteko egoerak hainbat ikasgai argi utzi dituela azaldu du Udal gobernuak eta horren ondorioz datozen bi urteetarako erabaki estrategikoak hartuko direla iragarri du: “Alde batetik, behar-beharrezkoa ikusten dugu komunikazio, parte hartzea eta gardentasun arloa indartzea, herritarrek, -eta are gehiago egungo egoeran, non aurrez aurreko harremana mugatuta dagoen-, komunikatzeko eta parte hartzeko modu berriak eskatzen dituztelako. Herritarren eta udalaren arteko harremana indartzea eta saretzea behar-beharrezkoa da”, izan dira Maite Ibarra alkatearen hitzak.

Bestalde, hainbat berrikuntza egin dira Udalean, Udal komunikazio eraginkorra eskaintzeko helburuarekin: Kale Zainduz programa berrezarri da, Buletin digitala sortu da, osoko bilkuren informazioa ematen da eta Bideo akta sistema abiaraziko dela azaldu du Udalak. Gainera, Udal webgunea berrituko dutela eta kultura-agenda berria egin dela iragarri dute Udaletik. Bizitzeko Hobetu bideo-buletina martxan jarriko dutela iragarri dute ere.

Zinegotzien aldaketa

Gauzak horrela, komunikazio, parte-hartzea eta gardentasunaren zinegotzitza Eñaut Barandiaranen esku egongo da, kirol arloarekin batera. Celia Rubiok, ordea, bere gain hartuko ditu Hezkuntza eta Euskara zinegotzitzak. Ekonomia eta enplegu arloak, ordea, alkatetzaren eskuetara igaroko da zuzenean.

Bestalde, Koronabirusak enplegu arloan aldaketak sortu dituela adierazi du alkateak: “Covid 19ak eragindako krisi ekonomikoak enplegu arloan behar berriak sortu ditu, eta arlo hori modu berezian indartu nahi dugu, eta horregatik alkatetzaren esku egotea erabaki dugu. Modu horretan orain, arte egindako lan oparoa indartu, eta tokiko merkataritzarekin harremana estatutu nahi dugu, erdigunean kokatuz enplegu arloa, zehar lerroa den heinean”, azaldu du Ibarrak. Alkatearen arabera, aldaketa horiek ez dute inolako gastu gehigarririk ekarriko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak