→Arrigorriaga

Arrigorriagako EAJk aurrekontuetan etorkizuneko ikuspegi estrategikoa duten ekintzak txertatzea eskatu dio udal gobernuri

Sonia Rodriguez, Peio Garmendia eta Maite Ibarra, maiatzeko Osoko bilkuran // geuria

Arrigorriagako alderdi jeltzaleak udalerriaren garapenerako ekintza estrategikoak erregistro bidez aurkeztu behar izan dituela adierazi du “2021eko aurrekontu proiektuan aintzat har daitezen”. Erregistro bidez sartzearen arrazoia “hermetismoa eta gardentasun falta”, direla dio EAJk: “Itsu-itsuan lan egin behar izaten dugu beti, gobernu taldearen gardentasun faltak erabakietan parte hartzea eragozten digulako. Izan ere, joan den urrian egin zen informazio batzordean, aurrekontuen proiektua zein gauzatze fasetan zegoen galdetu genuen, ez zitzaigulako horri buruzko zirriborrorik edo iruzkinik helarazi”, adierazi du Sonia Rodriguez bozeramaile jeltzaleak eta hurrengo proposamen zerrenda aurkeztu du EAJko alderdiak herritarren bizi-kalitatea hobetzeko asmoz:

  • Zaintza-kamarak erostea udalerriko gune estrategikoetan ipintzeko eta gaur egun daudenak ondo konpondu.
  • Donantes plazaren hobekuntza: erlojuaren ondoko hondoratzea aztertu eta konpontzea, loratokiak hobetzea eta nagusientzako gimnasia aparatuak lekuz aldatzea.
  • Dirulaguntza lerro berria sortzea jabeen erkidegoetan eta tokiko establezimenduetan arkitektura-oztopoak kentzen laguntzeko.
  • Irisgarritasuna hobetzea: Abusu
  • Mugikortasun plana eratzea
  • Abusuko umeen parkeari estalkia jartzea (jubilatuen etxe ondokoa)
  • Cubo auzorako sarbidean dagoen tunelean irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea
  • Zentro soziokulturaleko igogailua 24 orduz zabaltzea
  • Lanbarketako berrurbanizatzea
  • OHZren murrizketa ostalaritzan eta merkataritzan
  • Ikasketa gela gehiago zabaltzea
  • Tokiko musika taldeentzako entsegu gelak prestatzea
  • Herriko gazteei udal instalazioetan kirola egitea diruz laguntzea
  • Terrazen tasa bertan behera uztea
  • Zerga pizgarriak ezartzea Arrigorriagan egoitza soziala duten eta jarduera garatzen duten enpresa eta autonomoentzat (IAE, ICIO, IBI, IVTM, …)
  • Lagun egiteko eta laguntza emateko zerbitzu bat abiaraztea pertsona nagusiei begira
  • Enplegu arlorako pertsonal gehiago kontratatzea
  • Enpresak laguntzea herriko langabetuak kontratatzeagatik
  • Covid 19k irauten duen bitartean ikasten ari diren ume/gazteen familiei maskarak erosteko laguntzak ematea

Proposamen horiez gain, Rodriguezek 2020ko aurrekontuetarako proposatutako enplegu-politikak berreskuratzea eskatu dio gobernu taldeari. Bozeramaile jeltzalearen hitzetan, “gobernu taldearen proposamenean, %77,78ko murrizketa aurreikusten da enplegu arloaren garapen estrategikoan, eta %31,71koa enplegurako prestakuntzara bideratutako partidan eta Arrigorriagako herritarrek ez dute merezi arlo horretara bideratutako neurriak murriztea, are gutxiago egungo egoeran. Espero dugu planteatzen ditugun etorkizuneko ikuspegi estrategikoko proposamenak eta elkarrizketarako prest gaudela kontuan hartzea”, adierazi du Soniak.

Maiatzeko Osoko bilkurakoak

Gogoratu beharrekoa da joan den apirilean gobernu taldeak iragarri zuela 500.000 euro bideratuko zituela tokiko merkataritza, enplegua eta egoera zaurgarrian dauden taldeak babesteko eta baita desinfekzio-lanak burutu zein garbiketa-lanak gogortzeko. Plan hori eta 2020ko aurrekontuen luzatzearen ingurukoak eztabaidagai izan ziren maiatzaren 28an antolatutako osoko bilkuran (itxialditik bueltan egin zen lehena, telematikoki egindako bilerak kontuan izan barik). 39 puntuko gai-ordeneko osoko bilkura hartan udal aurrekontuko hainbat kredituren aldaketak eta diru-laguntzen plan estrategikoaren aldaketa izan ziren mintzagai, besteak beste eta osasun-krisiari aurre egiteko neurriak aho batez onartu ziren: “Egindako bilerak eta negoziaketa guztiak aintzat hartzea nahiko nuke. Guztion arteko lan nekeza izan da eta oso harro gaude. Orain aurrera begiratzeko unea da“, adierazi zuen Arrigorriagako alkateak.

EAJ alderdiak neurri horiek onartu arren, osoko bilkura hartan Rodríguezek adostasun falta adierazi zuen, negoziaketarik egon ez zela adieraziz. Alderdi sozialistako Argoitz Gomezek eta NOAko José Ignacio Fernándezek ere aldeko bozka eman zuten.

Krisiak eztanda egin aurretik, ostera, EH Bilduk eta Arrigorriaga Garak osatzen duten udal gobernu taldeak gainontzeko indarrekin adostutako aurrekontuak lortu zituela adierazi zuen EAJk berak apirilean. Horren aurrean, EH Bilduko Peio Garmendia Ogasun eta Kontuen zinegotziak bideratutako kontuak, behin pandemia garaian egonda, zergatik ez ziren erabilgarriak argitu zuen: “Bi aukera uzten zizkigun: aurrekontu berri batzuekin hasi, edo ditugunak luzatu, beharrezkoak diren aldaketak eginez. Eta bigarren aukera hobetsi dugu“. Hala ere, alderdi jeltzaleak desadostasuna agertu zuen krisi aurretik adostutako aurrekontuak bertan behera uzteagatik, “herritarrei mesede egiten ez dietelako” eta interes propioei begiratu izana egotzi zion Udal gobernuari.

 

Krisiari aurre egiteko milioi erdiko diru-poltsa aho batez onartu du Arrigorriagako udalbatzak

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak