Sareak

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako toponimiaren inguruko lan bi aurkeztuko dituzte hurrengo asteetan

|

Arrigorriagako San Antonio baseliza // Geuria

Malmasingo Lagunak ikerketa lan osotua egin du alde batetik, eta Udalak, Labayrurekin batera, ‘Arrigorriaga, Gure Bazter Kuttunak’ dibulgazio lana kaleratuko du hurrengo egunetan. Batak zein besteak helburu bakarra dute: Arrigorriagako toponimia aztertu eta herritarrei eskaintzea: “Udal Gobernura heldu ginenean toponimia ardatz hartuta bi proiektu ezberdin garatzen ari zirela ikusi genuen. Biak bateratzeko aukera aztertu genuen, baina ordurako oso aurreratuta zeuden bai bata zein bestea, eta ordutik hona elkarlanean aritu diren arren, guztiz bateragarriak zirela ikusi genuen” azaldu du Celia Rubio Euskara zinegotziak.

Proiektuak, sakonean

Asier Ibarretxe Malmasingo Lagunak taldearekin aritu izan da ikerketa sakona egiten: 1.200 toponimo inguru izendatu ditu, 9 eremutan sailkatutakoak. Udalak azaldu du horietako batzuk  Arrigorriagako parte zirela, eta beste batzuk elizari atxikituak zeudela Alonsotegi, Bilbo, Basauri eta Ugao eremuetan. Argitalpena euskaraz idatzita dago, artxibategiko aipuak jatorrizko hizkuntza errespetatuz.

Bigarren lana kolorezko 104 orriz osatutako ‘Arrigorriaga, Gure Bazter Kuttunak’ liburua dugu, eta Udalak Labayrurekin batera egindako argitalpen honen helburua herriko leku-izenak batu, aztertu eta finkatzea da. Horretarako, 2017an Foru Artxibategiko atal ezberdinak aztertu ostean, 2018an herriko lekukoen ahozko testigantzekin kontrastatu zirela azaldu du Udalak.

Lan hauei esker toponimoen datu historikoak batzen dira eta leku-izen bakoitzak denboran izan dituen izendapenak ikus daitezke: “2019-2020an egindako lana honako hau izan da: dokumentaziotik eta ahozko bilketatik jasotako informazioa liburuxka baten argitaratzea. Arrigorriagako leku-izenak modu erakargarri eta dibulgatiboan zabaltzea da liburu honen helburua. Liburuxka honetan ez da ikerketan jasotako informazio guztia bilduko, herritarrentzat datu interesgarrienak baino ez dira emango” zehaztu du Celia Rubiok. Liburuko testuek eta argazkiek balio berbera dutela adierazi du Udalak, bertan antzinako eta gaur egungo argazkiak agertzen direlako, lekuak nola aldatu diren azalduz.

Udalak herritarren etxeetara bidaliko du ‘Arrigorriaga, Gure Bazter Kuttunak’ liburuaren buruzko informazioa eta bertan QR kodea erantsita egongo da, argitalpenaren inguruko booktrailerra ikusi ahal izateko. Halaber, liburua eskatu ahal izateko epea zabalduko dute, guztira 1.000 ale egin baitira.

☉ Arrigorriaga

Argazkiak | Sorginek eta mamuek Arrigorriagako Gau Beltza hartu dute etxeko txikiekin

Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek

|

Mozorratutako neskatxo bat, Arrigorriagan // Geuria

Heldu da urriaren azken eguna eta horrekin… Gau Beltza. Azken urteetan ikusi denez, Hego Uribeko udalerri askotan antzinako tradizio hau berreskuratzen joan dira herritarrak eta Arrigorriagan ez dira gutxiago izan.

Izan ere, Arrigorriagako Gau Beltza etxeko txikientzat eta gazteentzat prestatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek 17:30ean. Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute, sorginen txano eta sendabelarren artean. Ondoan, kalabazak apaintzeko eta aurpegiak margotzeko eta eskulan-tailerra prestatu dute.

Orduek aurrera egin ahala, herritarrak udaletxeko plazara hurbiltzen hasi dira, askotariko mozorroekin jantzita eta jolas eta koreografiak egin dituzte bertan. Amaitzean kalejira antolatu dute herriko kaleetan barrena.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Mendi Asteak emakumeen ahotsak ekarriko ditu Lamiaena eta Lonbo aretora

Aurtengo hitzaldietako protagonistak Igone Mariezkurrena, Elixabete, Johanna eta Bego hirukotea eta Pipi Cardell izango dira

|

Lesothora egindako bidaiaren argazki bat // Igone Mariezkurrena

Azaroaren 10etik 20ra Mendi Astea antolatu du Padura Mendi Taldeak Lamiaena Emakumeen Etxean eta Lonbo aretoan.

Aurtengo hitzaldietako protagonistak Igone Mariezkurrena, Elixabete, Johanna eta Bego hirukotea eta Pipi Cardell izango dira. Gainera, Alex Txikon beste urte batez hurbilduko da Lonbo aretora.

Saioak arrastietan izang0 dira eta sarrera doakoa izango da.

Egitaraua | Arrigorriagako Mendi Astea 2025

Azaroak 10, astelehena
20:00 Igone Mariezkurrena: ‘Leshoto, mendietako erresuma afrikarra, bizikletaz’, Lonbo aretoa

Azaroak 13, osteguna
19:00 Elkarregaz (Elixabete, Johanna eta Bego): ‘GR 11, zeharkaldi bat baino gehiago’, Lamiaena

Azaroak 18, asteartea
20:00 Pipi Cardell: ‘Nanga Parbat (8.125mt) – Via “Nezabudka”‘, Lonbo aretoa

Azaroak 20, osteguna
20:00 Alex Txikon, Lonbo aretoa

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Argazkiak | Ehun arrigorriagar baino gehiagok Heidelberg enpresan gertatutako heriotza-istripua salatu dute herriko plazan

“Eredu berri bat behar dugu Euskal Herrirako, enpresen irabazi ekonomikoen aurretik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duena. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu, eta horren alde borrokatu eta antolatuko du langileriak”, aldarrikatu dute herritarrek

|

Herritarrak, udaletxe aurrean elkartuta // Geuria

Gaur arrastian joan den urriaren 22an Arrigorriagako Heidelberg enpresan gertatutako heriotza-istripua salatu dute herritarrek, udalatxe aurreko plazan.

Elkarretaratze isila izan da, 20 minutu ingurukoa. Amaitzerakoan adierazpenak egin dituzte: “Istripuak ez dira kasualitateak sortuak. Ematen diren prekarizazioaren eta lan baldintzen ondorio zuzenak dira. Patronalaren aldetik, kapitala langileen segurtasunaren gainetik jartzearen ondorioz. Lan istripu bat eragiten duen makinak ez du lan osasunerako araudia betetzen; Eusko Jaurlaritzari dagokio enpresei lan-osasun araudia betearazteko bitartekoak jartzea eta ez dute egiten”.

Herritarrek elkartasuna eta babesa adierazi diete istripuaren ondorioz zendu zen langileari. “Eredu berri bat behar dugu Euskal Herrirako, enpresen irabazi ekonomikoen aurretik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duena. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu, eta horren alde borrokatu eta antolatuko du langileriak. Aski da, bizitzak erdigunean!”.

19:45ak inguru amaiera eman diote elkarretaratzeari, txalo zaparrada batekin.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Gazteen hiru laurdenak ezin du emantzipatu Arrigorriagan, udal diagnostikoaren arabera

Txostenaren helburua  “joera demografikoak, egoera sozioekonomikoa eta etxebizitza parke publiko zein pribatuaren ezaugarriak” ezagutzea dela adierazi dute udal ordezkariek

|

Udalak bi aurkezpen publikoa egingo ditu, bata azaroaren 6an eta bestea 12an // Geuria

Arrigorriagako Udalak herriko etxebizitza diagnostikoa egin du, udalerriko etxebizitza egoeraren argazki zehatza jasotzeko asmoz. Txostenaren helburua  “joera demografikoak, egoera sozioekonomikoa eta etxebizitza parke publiko zein pribatuaren ezaugarriak” ezagutzea dela adierazi dute udal ordezkariek.

Ikertaldek eraman du azterketaren ardura, eta haren arabera, “udalerriak %10,7ko hazkunde demografikoa izan du 2001etik, Euskal Autonomia Erkidegoko batez bestekoa gaindituz”.

Hazkunde hori, Bilbo Handiko migrazio-dinamiken ondorioz izan da batez ere, eta ondorioz, etxebizitza-premia duten gazteen kopurua ere handitu egin da.

Aldiz, eskaintza  ez da erritmo berean hazi, eta horrek prezioetan eragin nabarmena izan du. Horren erakusgarri da Etxebiden izan den eskari kopurua, Arrigorriagan inguruko herrietan baino handiagoa dena.

Gazteen egoerari dagokionez, emantzipazio-tasa orokorra %28,1ekoa da, EAEko batez bestekoaren azpitik. Hau da, 34 urtetik beherakoen ia hiru laurdenek ezin dute emantzipatu gaur egun. Auzoen artean aldeak daude: Abusun %36,1eko tasa da, eta Herrigunean %24,9koa.

Bestalde, udalerriko etxebizitzen %10a hutsik dago, eta azken urteetan ez da nabarmen handitu alokairura bideratutako etxebizitzen kopurua. Salerosketaren erritmoak ere behera egin du, eta gaur egun metro karratuko prezioa 2.400 eurotik behera dago, Bilbo Handiko batez bestekoaren azpitik.

Gardentasuna eta etorkizunerako oinarri sendoak

David Cidre Hirigintza zinegotziaren hitzetan, diagnostikoa “gardentasun-ariketa bat” da, etorkizuneko etxebizitza politiken oinarria, hain zuzen ere: “Emaitzek argi erakusten dute Arrigorriaga udalerri erakargarria dela, baina, aldi berean, etxebizitza eskuratzeko arazoak badaudela. Guretzat, etxebizitza oinarrizko eskubidea da, eta ez inbertsio espekulatiborako merkantzia”.

Udal gobernuak etxebizitzaren erronkari aurre egiteko duen asmoaz ere hitz egin du Cidrek: “Txosten hau hasiera besterik ez da. Orain, azterketan identifikatutako arazoei erantzungo dieten neurri zehatz eta ausartak zehazten ari gara”.

Zailtasunak zailtasun, Arrigorriagako Udalak etxebizitzaren egoera hobetzeko hainbat pauso eman dituela nabarmendu nahi izan dute udal gobernutik.

Duela urtebete onartu zen behin betiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, eta aurten bertan, Maite Ibarra alkatea, David Cidre eta Josetxu Olivares arkitekto aholkularia Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendari Pablo García Astrainekin bildu ziren, babes sozialeko 127 etxebizitza eraikitzeko hiru orube eskaintzeko.

Horrez gain, gobernu taldea beste udal batzuetako proiektuak bertatik bertara ezagutzen aritu da, etxebizitza arloko esperientziak partekatzeko helburuarekin.

Herritarrentzako aurkezpenak azaroan

Txostenaren emaitzak herritarrek gertutik ezagutzeko, Udalak bi aurkezpen publiko antolatu ditu:

  • Azaroaren 6an, 19:00etan, Edurne Garitazelaia kultur etxean (Azokea aretoa)

  • Azaroaren 12an, 19:00etan, Abusuko Zentro Soziokulturalean

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Bideoa | Dozenaka pertsona elkartu dira Arrigorriagan Heidelberg enpresan gertatutako lan-heriotza salatzeko

LAB: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea. Harrapaketa sor dezakeen edozein tresna egokitu beharra dago”

|

Gaurko elkarretaratzea, Arrigorriagako udaletxe aurreko plazan // Geuria

“Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte” lelopedun pankartarekin dozenaka pertsona elkartu dira Arrigorriagako udaletxeko plazan, joan den asteazkenean Heidelberg enpresan gertatu zen lan-heriotza salatzeko.

Elkarretaratzea LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek deitu dute: “Dauzkagun datuen arabera, torno batek harrapatuta hil zen eskualdeko langile bat”, azaldu du Agus Figal LABeko Hego Uribe eskualdeko arduradunak. “Gaur elkartu garen sindikatuok egoera hau salatu nahi dugu”, izan dira sindikatuko ordezkariaren berbak.

LABeko ordezkarien arabera, Heidelberg enpresan gertatutako istripua “ekidin zitekeen”: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea. Harrapamendua sor dezakeen edozein tresna egokitu beharra dago. Lan-kodeak argi esaten du hori hala egin behar dela”.

LAB: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea”

Elkarretaratzean egon diren herritar batzuk // Geuria

Agusen hitzetan, lan prebentziorako eskumena Eusko Jaurlaritzarak dauka: “Baina, Jaurlaritzak beharrezkoak diren aldaketak egiteko zein behar diren prebentzio neurriak hartzeko presioa egin beharrean, enpresei nahi dutena egiten uzten die. Ondorioz, honelako ondorio larriak gertatzen dira”.

LAB: “Jaurlaritzak beharrezkoak diren aldaketak egiteko zein behar diren prebentzio neurriak hartzeko presioa egin beharrean, enpresei nahi dutena egiten uzten die”

Ezbeharra gertatu zenetik ekimen ezberdinak antolatu dituzte eskualdean: ELAk elkarretaratzea deitu zuen enpresa aurrean; gaur, euskal gehiengo sindikalak Arrigorriagako elkarretaratzea antolatu du.

Hurrengo astelehenean, herrian ere beste elkarretaratze bat deitu du herri mugimenduak, 19:30ean, “Prekarietateak hiltzen du” lelopean.

Osorik irakurri