→Arrigorriaga

Arrigorriagako Umorea Labur aurrera doa, programako aldaketa batzuekin

Abenduaren 14an hasi zen Lanbarri Kultur Elkarteak antolatutako Umorea Labur Arrigorriagako Umorezko Laburren XIX Jaialdia. Aurtengoa, Koronabirusak sortutako egoera dela eta, 19+1 edizio berezia izango dugu eta bertsio dualean antolatuko dute, aurrez aurrekoa eta sarekoa: “Egungo egoera korapilatsu honetan, suspergarria da HEC bezalako ekimenak mantentu ahal izatea, eta kultura espazio seguru gisa aldarrikatzen jarraitzea ahalbidetzen digutela ikustea. Ia bi hamarkadaren ondoren, ezin da ulertu abendua Arrigorriagan umorezko jaialdi laburrik gabe” azaldu du Iratxe Rubio Kultura eta Gazteria zinegotziak

Guztira 32 film labur aukeratu eta proiektatuko dituzte eta horietako erdia emakumeek zuzendutakoak dira. Zinta guztiak astean zehar proiektatuko dira asteartetik ostiralera, 19:00etan, Lonbo aretoan.

#NoSoloPaja eta Pintxolabur barik

Covid-19ak baldintzatutako egoeraren ondorioz, aurreko urteetako zenbait atal bertan behera uztera eraman dio jaialdiari: #NoSoloPaja atala kendu behar izan dute, zeinetan herriko eta inguruetako profesionalen lanak proiektatzen dira. Horien ordez bestelako lanak proiektatuko dira egunero atal ofizialen aurretik. Gainera, segurtasun neurriak mantendu ahal izateko Pintxolabur jarduera bertan behera utzi dute ere.

Bestalde, badira mantendu diren aurreko edizioetako bestelako jarduerak: Arrigorriagako institutuarekin egiten diren proiekzioek aurrera egingo dute, zenbait aldaketekin: Lonbora irteera egin ordez filmak klasean proiektatu eta bozkatuko dituzte.

Abenduaren 14an, astelehena, 18:30ean hasi zen urteurrena ospatzen ari den Umorea Labur jaialdia eta Iñigo Salinero aktorearen eskutik. Salinerok Laburretik Luzera atala aurkeztu zuen eta David P. Sañudoren Ane filma proiektatu zen, Donostiako Zinemaldian saritutakoa.

Aurtengo epaimahaian Ylenia Baglietto (Eibar, 1986) (Acacias 38, Presunto Culpable eta beste horrenbeste film, laburmetrai eta telesailetan aritutako aktorea), Victor Lamadrid (Cantabria Film Comission koordinatzailea eta Spain Film Comissioneko zuzendari ordea) eta Esther Cabero (Kimuakeko koordinatzailea) egongo dira.

Lander Otaola (ezkerretik bigarrena), 2019ko Umorea Laburren / Geuria

Lander Otaola (Barakaldo, 1989) zinema eta antzerki aktoreak aurkeztuko du jaialdiaren itxiera, abenduaren 19an (Patria (HBO), La Pequeña Suiza (Kepa Sojo)). Otaolak, Umorea Labur jaialdiaz gainera, Bilboko Fant jaialdiaren itxiera galak aurkeztu ditu behin baino gehiagotan, harrera ezinhobearekin. Umorea Laburreko itxiera galan publikoaren, gazteen eta epaimahaiaren hiru sariak banatuko dira: aktore onenarena, zuzendari onenarena eta epaimahaiaren sari nagusia.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak