→Arrigorriaga

Arrigorriagako herritarrentzat erabilterrazagoa den webgune berria abiaraziko du Udalak

Maite Ibarra eta Eñaut Barandiaran // Arrigorriagako Udala

Udaleko webgune berria asteazken honetan abiaraziko dute. Udala Biscaytik enpresarekin egon da elkarlanean eta diseinu berriaz gainera herritarrekiko komunikazioa hobetu dutela azaldu dute: “Bi dira helburu nagusiak: Alde batetik diseinua eguneratu eta txukundu dugu. Hala ere, itxurari baino, mamiari eman nahi izan diogu garrantzia: zaharkituta zegoen informazioa asko aurkitu dugu. Arlo ezberdinetatik lan handia egin dute, garbiketa egin eta edukiak eguneratzeko. Bestalde, eta hau da azpimarragarriena, herritarrentzat erabilera errazagoa izango duen web orria egin nahi izan dugu. Azken hau prozesu bizia izango da eta erabiltzaileen esperientziaren arabera hobekuntzak egin daitezke”, izan dira Eñaut Barandiaran Komunikazio, Gardentasun, eta Parte-Hartze zinegotziaren hitzak.

“Lanari ekin zitzaionetik herritarrekiko komunikazioa eta gardentasuna garatu eta indartzea lan ildo estrategikoa izan da eta helburu horri bideratutako hainbat erabaki hartu dira, sail ezberdinekin elkarlanean”, azaldu du Udal gobernuak.

Aldaketa nabariak

Otsailaren 24an martxan jarriko den webgune berriko erabaki garrantzitsuen artean aipagarriak dira honako hauek:

  • informatikariaren lanpostu sortzea: zeinaren bidez Udal webgunearen digitalizazioa martxan jarri da
  • Udal buletin digitala sortu dute
  • Zerbitzu kartak eguneratu dira
  • Kalezaindu sistema berrezarri dute
  • Whatsapp bidezko zenbakiaren bidez herritarren galderei erantzungo zaie
  • Osoko bilkurei buruzko informazioa emango da buletinean zein webgunean bertan
  • Kultur Agenda berria eskegiko dute webgunean bertan
  • Komunikazio, Gardentasun, eta Parte-Hartze zinegotzia indartuko dute, pandemiak sortu dituen beharrei aurre egiteko

Aste honetatik aurrera ere hiru berrikuntza gehiago ikusi ahal izango dituzte webguneko erabiltzaileek: komunikazio-zerbitzua esleituko da, Arrigorriagako Udalean lehen aldiz. Zerbitzu sozialen gida argitaratuko da Gizarte Ekintza sailean eta bideo-akta sistema ezarriko dute, Osoko bilkurak streaming bidez ikusi ahal izateko.

“Gardentasuna eta komunikazioa elkar lotuta ikusten ditugu Udal gobernutik. Herritarrekiko komunikazioan sakontzea, azken batean, gardentasunean sakontzea bait da: Informazioa modu garden eta egokian eman, herritarren zalantzak jasotzea, online tramiteak erraztea… Egungo egoeran, gainera, non aurrez aurreko arreta hain mugatuta dagoen, bide telematiko eta digitaletan sakontzeko konpromisoa eta beharra daukagu”, azaldu du Maite Ibarra alkateak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak