Arrigorriagako Udalak eta Inauterietako Batzordeak bilera egin ostean aho batez erabaki dute 2021eko inauteriak ez ospatzea: “Aratusteak, batez ere, kalean eta jende artean bizitzeko herriko jaia da, eta horrela izanik, ezinezkoa da gaur egungo egoerara ekartzea. Aurtengo inflexio-puntu hau aprobetxatuko dugu inauteriek azken urteetan izan duten ibilbideaz hausnartzeko eta ohiko jaiari berrekin orduko hobekuntzak zehazteko”, izan dira Iratxe Rubio Kultura eta Jaien zinegotziaren hitzak.

2019ko inauteriak, Gaztetxean // Geuria
Gauzak horrela eta kaleetan urteroko jai hauek ospatzeko aukerarik egongo ez denez, Udalak herriko inauteriak gogora ekarriko dituzten argazkiak eta bideoak igoko dituzte Udalaren beraren eta zenbait elkarteren webguneetan.
Kanporamartxorik gabe ere, aurten
Inauteriekin gertatu den era berean eta osasun neurriak mantendu ahal izateko, Arrigorriagako Udalak iragarri du aurtengo Kanporamartxo jaia bertan behera utziko dutela, “COVID-19ari aurre egiteko osasun eta higiene neurriak betetzea ezinezkoa da eta”.
