→Arrigorriaga

Tamara Lucarini: “Hiru proiektutan nabil eta filmatzeko gogo handiz nago”

Txango filmagaz Mendi Film 2022ko beka irabazi zuen Tamara Lucarini basauriarrak. Politika zientzietako ikasketak bukatu ostean ikus-entzunezkoak egin eta praktikak Arrigorriagako Banatu Filmak ekoiztetxean egin zituen. Txangok pandemia garaian inspiratutako zinta dugu, eta abenduaren 9an proiektatuko dute Mendi Filmen.

Tamara Lucarini // Geuria

[Geuria #080 alean argitaratutako erreportajea] Tamara Lucarini zinemagileak (Basauri, 1987) hiru hankako proiektu ezberdinak ditu eskuartean: ‘El Peso’ izeneko dokumental pertsonala, ‘Prioridades’ izeneko fikziozko laburmetraia eta abenduaren 9an 20:00etan Mendi Film Festival jaialdian estreinatuko duen ‘Txango’ izeneko proiektua. Txangok Pagasarrira igoera egingo duten lau emakumeren istorioa kontatzen duen zinta dugu, adiskidetasun harremanak aztergai dituena. Lucarinik ikus-entzunezko proiektuez beteta dauka burua eta horren inguruan berba egin dugu inspirazio-iturri izan duen Basauriko Basozelai auzoan. Esku artean dituen proiektu batzuk pandemia aurrekoak dira eta zinema-zuzendariak filmatzeko gogo ikaragarriak dituela aitortu digu.

Espero al zenuen Txango proiektuak beka irabaztea?
Proiektu interesgarria dela uste dut. Deialdia zabaldu zutenean, Ian Altube argazkilaritza zuzendaria eta biok izena ematearen inguruan egin genuen berba. Alkarregaz ondo moldatzen gara lanean eta ondo baino hobeto ezagutzen dugu elkar. Horregatik gure ideia aurrera eramatea erabaki genuen. Azken batean, ideia sinplea da eta agian horrexegatik proiektua bideragarria izan zitekeela pentsatu genuen.

Beka irabazi zenutela jakin ostean, nola jarri zineten martxan?
Apirilean eman ziguten albistea. Orduan, ideia lotu, borobildu eta errodajea prestatzen hasi ginen: gidoia behar bezala bukatu genuen, aktoreekin berba egin eta maiatza heldu zen. Uztailean grabazioa izan genuen eta, bukatu ostean, zintaren muntaia egiten eman dugu denbora. Dagoeneko filma prest dugu, abenduaren 9an proiektatzeko prest!

Nolako istorioa kontatzen du Txangok?
Lau lagun Pagasarrira doaz. Horietako bi ez dira bertara sekula joan: bata Brasilekoa da eta bestea, Guadalajarakoa. Mendira behin baino gehiagotan izan direnak bertakoak ditugu, ahizpak. Mendiaren bidez adiskidetasun harremana indartzearen inguruko istorioa kontatzen du zinta honek, aire zabaleko mugimenduaren eta kirolaren bidez, nolabait. Pertsonaiak ez dira goi-mailako kirolariak, ezta gutxiago ere! Horrek guztiak pertsonen arteko harremanak sendotzen ditu.

Eta zertan oinarritu zara istorioa eraikitzeko?
Txango dokumentala dugu, eta grabaketaren zati handi bat igoeraren prozesua bera da, bertan gertatzen baita pertsonaien arteko elkarrizketa, nahiko inprobisatua. Istorio hau eraikitzeko nire lagunekin batera egindako mendi igoeretan oinarritu naiz. Denbora dexente igaro da horrelako igoerarik egiten ez dudala, eta koronabirusak ez du asko lagundu esparru honetan. Gogoan dut, itxiera garaian, herriko jendea Basozelaira igo zela. Gune berdeen beharra sumatu dut pandemia garaian. Gaur egun bertan bizi naiz, Basozelain, eta kalera irten ahal zenean auzoa jendez gainezka zegoen, mendira joateko irrikitan.

Pagasarriz gainera, bestelako lekuren batean izan zarete filmatzen?
Aktoreak Santutxun bizi dira eta, bertan grabatzeaz gainera, Basaurin ere plano batzuk grabatu ditugu. Gainontzeko guztia, Pagasarrin.

Tamara Lucarini Basozelain // Geuria

Nola kudeatu dituzu bekako 10.000 euroak?
Ekoiztetxeak berak kudeatu du dirua, gehien bat. Aukerak genituela ikusi nuenean, Arrigorriagako Banatu Filmak eta Getxoko Katz (E)studio ekoiztetxeagaz harremanetan jarri eta bekaren azken fasean geundela komentatu nien. Proiektu hau gauzatu ahal izateko eurena bezalako ekoiztetxe batekin lan egitea sekulakoa litzatekeela esan nien. Era honetako proiektuetan aurrekontuaren zati handiena lan-taldera eta langileen kontratuetara bideratzen baita.

Oztoporik izan al du Txangok bidean zehar?
Elkarren artean koordinatzeko lan handia izan dugu, batez ere aktore eta lan-taldearen aldetik. Azken batean, esparru honetan lan egiteak denbora asko kentzen du. Nik denbora gehiago daukat garai honetan, baina argazkilaritza zuzendariak filmazioak egitetik bizi da, esaterako. Txangoren grabaketa asteburu batean egin genuen, eta asteburu libre hori topatzea ezinezkoa zirudien. Hori guztia eguraldia eta jende kopurua kontuan izan barik! Kar, kar, kar! Nire kasuan, etengabe nenbilen hurrengo asteetako eguraldiaren iragarpena kontsultatzen. Baina tira, zorte itzela izan genuen eta eguraldiak gure aldeko apustua egin zuen asteburu hartan.

‘Zinema-zuzendari’ definitu zaitugu, baina nolako ikasketak dituzu?
Politika-zientziak. Herbeheretan garai bat eman ostean, itzuli eta Generorik Gabeko Ikasketa Feministen inguruko masterra egin nuen. Ikasketa horiek bukatu bezain pronto ikus-entzunezkoetan lan egin nahi nuela erabaki nuen. Egia esateko, ikasitako guztiak gaur egiten dudan mundu honetarako analisi-tresnak eman dizkit. Lan mundua egoera larrian dagoela jakinda, goi mailako ikasketak egitea erabaki nuen eta praktikak non eta Arrigorriagako Banatu Filmak ekoiztetxean egin nituen. Bertan lau urte eman nituen, filmen banaketa esparruan lanean eta asko ikasten.

Nola ezagutu zenuen Banatu Filmak praktikak egin baino lehen?
Arrigorriagan bizi izandako garaian nire etxe azpian zegoen ekoiztetxea zen. Gertu nituen! Garai hartan dokumentalak egin nahi nituen eta Banatuk ez zituen horrelakoak ekoizten, baina etxe alboan nituenez, ‘zergatik ez?’ galdetu nion nire buruari. Horrela hasi nintzen bertan.

Ikus-entzunezkoetara dedikatzen duzu denbora guztia edo ba al duzu fakturak ordaintzeko bestelako lanik?
Artistak eta ostalariak eskutik doaz. Hasiera batean Banatun eta ostalaritzan egiten nuen lan, aldi berean, lanaldi erdiko kontratua nuelako. Baina lanaldi osoko ordutegiarekin hasi nintzenean tabernako lana utzi behar izan nuen eta gaur egun langabezian nago. Lan barik egotearen ondorio bezala, denbora gehiago izateagatik agian, Txango proiektua jaio zen. Udan, gainera, mentoring programa batean onartu ninduten, eta bertan fikziozko laburmetrai bat garatzen ari gara.

Zer nolako gomendioak emango zenizkie zinemagintza ikasketak burutzen ari diren gazteei?
Pazientzia eta konfiantzazko sare bat izatea, emakumezkoei bereziki. Zinemagintzan oso garrantzitsua da konfiantzazko lantalde bategaz lan egitea. Horrez gainera, oso garrantzitsua da, nire ustez, lan egingo den esparru hori definitzea, lan-jarioak ezberdinak direlako lan teknikoak edo kreatiboak direnean: idazle-zuzendari edo arte-zuzendari baten artean, esaterako.

Zinemagintzako zein sektoretan egin duzu lan zuk?
Laburmetrai batean ekoizpen laguntzaile bezala egin nuen lan. Gainontzeko lanak nire proiektuetan egindakoak izan dira, zuzendaritza eta gidoigintzakoak.

Eta gaur egunera etorrita, zenbat proiektu dituzu eskuartean guztira?
Txangoz gainera, 2019an Zineuskadiko ‘Noka Mentoring’ programan onartu ninduten, arestian esan bezala, eta bertan ‘El Peso’ izeneko dokumental pertsonala garatzen ari naiz. Ni eskultoreen familia batetik nator, eta familia kontuak tarteko eskulturaz betetako lonja batzuk ditu nire familiak. Denborak aurrera egin ahala, eta senideak hiltzen diren heinean, eskultura horiek nire anaia eta biontzat izango dira. Luzemetraiak familia-obra horiek nola kudeatuko ditugun kontatzen du, kudeaketa horretarako ideiarik eta dirurik ez dugunean. Dokumentalak iraganarekin lotura erakusten du eta bertan familia-obra horiek irakurri eta interpretatu behar ditut nire ikuspuntutik. Gaur egun herentziekin gertatzen den antzeko egoera kontatzen dut bertan, beste hitz batzuekin. Espero dugu luzemetrai hau datorren urtean grabatzea. Filmatzeko gogo izugarria daukat. Eta azkenik, ‘Prioridades’ proiektua ere esku artean dut. Bertan amodioa eta zainketa gaiak lantzen ditut, ikuspuntu makur batetik: ajea duten bi emakumek larrua jotzen dute, deshidratatzera arte, eskura urik ez daukatelako. Duela urte bi harreman sentimental bat hasi nuen eta jendeak urte bitan bikotearen arteko pasioa eta poztasuna galduko zela esaten zidan. Horren inguruan pentsatzen hasi nintzen eta galdera bat egin nion nire buruari: “Zer gertatuko litzateke pasioa bakarrik existituko balitz?”. Ondorio modura, ohiturak beharrezkoak zirela pentsatu nuen. ‘Prioridades’en pasioa muga barik handitzen dut, errutinarik ez balego hilko ginatekeela azalduz.

Filmazioetan nolako lan-taldeak gogoko dituzu?
Proiektuaren arabera erabakitzen dut hori, baina hala ere, nik uste dut aurpegi bi ditudala: dokumentalarena eta fikzioarena. Dokumentalen esparruan set arinagoak eta gidoi egitura trinkodunak gogoko ditut, muntaian modu libreagoan lan eginez. Fikzioan, ostera, genero fantastikoa gogoko dut, horrek dakarren azpiegituragaz: makillaje gehiago, argiztapen prestatuagoa…

Eta fikzioaz ari garela, ba al duzu ametsik zinemagintzan?
Gaur egun zabalik ditudan proiektuak ixtearekin aski izango nuke. Momentu honetan ‘Txango’, ‘El Peso’ eta ‘Prioridades’ proiektuak dauzkat. Beraz, esan daiteke burura etortzen zaizkidan proiektuak lasaitasunez gauzatzea dela zinemagintzan, orain, dudan amets nagusia.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak