→Arrigorriaga

Bizi Eskola proiektuaren inaugurazioa egingo dute Arrigorriagan urtarrilaren 17an

Arrigorriagako Udala / Geuria

Arrigorriaga Harrera, Ongi etorri Errefuxiatuak, Biziz Bizi eta Arrigorriagako Gazte Asanblada elkarteek sortutako proiektuaren emaitza da Arrigorriagako Bizi Eskola, urtarrilaren 17an arratsaldeko 19:00etan inauguratuko dena. Proiektua, duela urte bat herrian bizi diren migratzaileek dinamizatuta, herritar guztiei egongo da irekita. Bizikletaren bidez herritarren arteko harremanak sortu eta indartzea da egitasmoaren helburuetako bat. Baita herritar migratzaileak gizarteratzen laguntzea ere.

Eskolan hainbat jarduera eta zerbitzu eskainiko dira, horien artean, bizikletan ibiltzeko ikastaroak, bizikletei konponketak egiteko eta bizikleta-mekanikaren inguruko tailerrak, ibilgailu hauen birziklatzea, salmenta eta alokairu zerbitzuak eskaini, ibilbide antolaketak eta, denborarekin, txikienentzako eskola bat.

Horretarako, aste honetan eta hurrengoan zehar, zehazki, gaur, urtarrilaren 7an eta hilaren 8, 9, 13, 14 eta 15ean 16:00tik 19:00ra material bilketa egingo da, Arrigorriagan, Bizi Eskolan, Juan XXIII plazan, eta Bilboko Ekoetxean, Pilota Kalea, 5, Behean, Zazpikaleetan. Jasoko duten materiala berrerabiltzeko moduan dauden kaskoak, txirrinak, gurpilak eta abar izango dira.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak