→Arrigorriaga

30 herritar bildu ditu ‘Bultza Euskaltegiak! Bultza Euskara! AEK’ ekitaldiak Korrikaren egunean

Aurtengo Korrikako edizioa errealitate bihurtzea posiblea ez bada ere, 30 pertsona inguru bildu dira gaur eguerdian Arrigorriagako Argala plazan, gaur izango baitzen Korrika ospatzeko eguna: martxoak 28. “Aurten ezin izan dugu Korrikarik egin”, azaldu du Saioa Zubiaur Urraza Arrigorriagako AEK-ko irakasleak. “Baina urtero gurekin lanean aritzen diren Arrigorriagako Korrika Batzordeko kideak lagun izan ditugu gaurkoan: Aztarnak taldeko Andoni Ortiz grafitilaria, Aritz Berriko lagunak, Musika Eskolakoak, Bertso Eskolakoak… Ekitaldi xumea izan da gaurkoa, baina ez dugu ahaztu behar datorren urtean, martxoaren 31tik apirilaren 10era berriro elkartuko garela hemen, eta orduan bai: Korrika egiteko izango da“, jarraitu du. Bertara hurbildu diren lagunen artean Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea izan dugu, besteak beste.

Arrigorriagako AEKtik adierazpenak egin ostean, Bertsoa bota du Arkaitz Zipitria ‘Zipi’k eta Arima Berunez Ordain-ek eta lagunek egin dute bertso rapa, Aritz Berri taldekoek Oskorriren ‘Euskal Herrian Euskaraz’ abestia txistu eta teklatuarekin jo dute eta ekitaldia bukatzeko argazki saioa egin dute udaletxearen aurrean. Ekitaldiak iraun duen bitartean Andoni Ortizek ‘Bultza Euskara Euskaltegiak’ zioen grafitia egin du udaletxeko zutabeen artean inprobisatutako plastikozko mihise batean. Ekitaldi osoak ordu erdiko iraupena izan du.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak