→Arrigorriaga

Mitxel Bacigalupe: “Badago zortzi buru-hiltze jasan behar izan dituen tren gidaririk”

26 urte eman ditu Mitxel Bacigalupe arrigorriagarrak makinista lanetan. Gaur egun etorkizuneko gidariak hezten ditu Bilboko Renfe Bidaiariak enpresan

Mitxel Bacigalupe, ALVIA baten aurrean // Geuria

Renferen datuen arabera, Hego Uribeko herrietako trenbideetatik 150 tren igarotzen dira egunero: Aldirietako 120, Bartzelona eta Madrileko zortzi Alvia eta 22 merkantzia tren, guztira. Tren asko badira ere, garraioen sektoreak koronabirusaren eragina pairatu du eta distantzia luzeetako bidaiari kopuruak astindu nabarmena jasan du azken urtean. Hala ere, burdinbide bidezko garraio zerbitzua ez da eten eta bidaiariak edo merkantziak garraiatzeko bada ere, tren horiek gidatzea eta horrek guztiak dakarren erantzukizuna makinistari dagokio.

Mitxel Bacigalupe Barrios, Bilboko Abando geltokiko nasan // Geuria

Mitxel Bacigalupe (Bilbo, 1965) 1984an hasi zen lanean Renfen eta 26 urte eman ditu trenak gidatzen. Egun Bilboko Abando geltokiko kudeaketa zentroan egiten du lan arrigorriagarrak, makinisten nagusi bezala, Renfe bidaiariak enpresan giza baliabideak eta baliabide materialak kudeatzen. Bacigalupe arrigorriagarra da eta bertako tren geltokiaren parean bizi da, trenak etxeko leihotik joaten eta etortzen ikusten, eta lorik kentzen ez badiote ere bere bizitzako parte dira.

Mitxelek askotariko trenak gidatu ditu baimena atera zuenetik: “Mota guztietako trenetan ibilia naiz, abiadura handikoetan izan ezik. Bilbora heldu nintzenean bi tentsioetako makina japoniarrak gidatu nituen eta baita 269, 279, 289 seriekoak ere. Horiekin egiten genituen lan gehienak. Maniobrak egiteko 1900 eta 3000 diesel makinak erabiltzen genituen eta baita 303, 309 eta 311 modeloak ere”. Bacigalupek urtebete eman zuen Galizian, 7700 modeloarekin lanean bidaiariak eta merkantziak garraiatuz. Horrez gain trenak gidatu ditu Madrilen, Bartzelonan, Alacanten eta Salamancan. Bizkaia mailan merkantziak eraman ditu Santurtzin, Sestaon, Zorrotzan, Lutxanan eta Barakaldon, besteak beste.

Mitxel 252 serieko lokomotoran, Miranda de Ebrora abiatu baino lehen // Geuria

Lanbidearen eraldaketa hurbiletik bizi izan du Mitxelek: “Ni hasi nintzenean txandaka egiten nuen lan, eta etxetik urrun: Zaragoza, Castelló, Valladolid, León, Miranda de Ebro… Helmugara heldu bezain pronto, atsedena hartu eta berriro bueltatu ohi ginen gidariok”, azaldu du, eta lanbidean dagoenetik aldaketa sakonak egon direla aipatu du: “Aldaketa nabarmen bi gertatu dira estatu mailako trenbide sarean: 80. hamarkadan, derrigorrezkoa zen tren bat gidatzean pertsona bi egotea lokomotoran. 2001ean guztiz aldatu zen araudia, eta harrezkeroztik gidari bakarra dago tren-makinan. Gainera, gaur egun ere mugak jarri dituzte gidarien lanaldietan eta ez dira antzinako lanaldi amaigabeak egiten: lanaldia bukatzean, Renfeko langileek gela batzuetan atseden hartzen genuen eta nik bonbilla bat eraman ohi nuen ordu horietan ikasi ahal izateko: gaur egungo gidariek gutxienez hiru izarreko hoteletan atseden hartzen dute”. Lanbideak ez ezik, trenek ere aldaketa nabarmenak jasan dituztela adierazi du makinisten nagusiak: “Lehen zarata asko entzuten zen trenean eta Urduñako portua bobinekin igotzea ikuskizun hutsa zen. Gaur egungo makinak hosgabetuta daude eta berogailua zein aire girotua dauzkate, eta makinistek eserleku ergonomikoetan egiten dute lan”.

Miranda de Ebrorako trena, irtetzeko prest // Geuria

Bilboko Abando geltokiko bigarren nasan Miranda de Ebrora irtengo den Talgo Pendular zaharraren 252 serieko lokomotoran sartu gara. Unitatea zaharra bada ere, kabinan ez da motorren zarataren arrastorik entzuten. Motorrekin komunikatzen duen atzeko atea irekitzean, ostera, burrunba jasangaitza entzuten da. Trena 12:32ean irtengo da, eta Mitxelek makinista eta lizentzia atera berri duten bekadunen talde gazte batekin egin du topo. Mende laurdena trenak gidatzen eman ostean, Renfe Bidaiariak enpresara salto egin zuen Bacigalupek eta gaur egun iparraldeko tren gidarien formazio aholkulari bezala egiten du lan, lanbidean hasiko diren etorkizuneko makinistei formazio-eskolak ematen, besteak beste: “Aurten 390 formazio eskola antolatu behar dira estatu mailan eta horietako asko iparraldeko sektoreari dagozkigu”. Kezkatuta dago Mitxel, Filomena denboraleak Madrilen egin behar ziren formazio klase asko atzeratu dituelako.

Mitxel, Abando geltokiko trenbide-hondartzan // Geuria

Aldaketa nabarmena

Antzina, tren-gidaria izateko soldaduska egiten zen gidaritza eta praktika alorrean, eta makinista laguntzaile zein makinista lanbidea irakasten zen, enpresak berak ordainduta: “Gaur, gidaritza lizentzia edo diploma eskuratu behar da eta 22.000 euro ordaindu behar ditu ikasleak. Zortzi hilabeteko formazioa jaso ostean, burdinbideko enpresetan lan egitera aurkezten da ikaslea. Aukeratutako enpresak 12 eguneko formazio klaseak emango dizkio eta erresidentzia bakoitzak ibilgailuaren eta azpiegituraren inguruko formazio berezia eskainiko dio etorkizuneko gidariari. Renfek berak enpresaren beha- rrizanen arabera erabakiko du makinista bakoitzak non egingo duen lan. Titulua bi urtero berriztu beharrekoa da eta urtero azterketa psiko-fisikoa egiten zaie gidari guztiei”.

Mitxel, 252 serieko lokomotoraren tripetan, motorren artean // Geuria

Trena Arrigorriagako eta Ugaoko trenbideetatik igaroko da. Bi gune horietan zenbait harrapaketa jazo dira azken urteetan. Makinisten erantzukizuna izugarria da eta euren arreta guztia gidaritzan dago. Hala ere, segurtasun neurri asko dauden arren (alkoholemia eta droga kontrol zorrotzak…), ezbeharrak gertatzen dira noi- zean behin: “Istripuak lanbidearen arrisku nagusiak dira eta gauza ezberdina da inor kolpatzea edo pertsona batek bere borondatez trenbidera salto egitea. Era honetako ezbeharrak gertatzen direnean, trena gelditu behar da, epaileak etorri behar du… Eta gero aurrera egiten jakin behar da. Makinistok hamaika ikusteko jaioak gara: badago zortzi buru-hiltze jasan behar izan dituen tren gidaririk”, azaldu du Bacigalupek.

Tren makinista gazteak, Mitxelekin bilduta, Mirandara abiatu baino lehen // Geuria

Makinista batek gidaritza marko erregulatzaile bat eta hitzarmen kolektibo bat dauzka orokorrean, eta gidari batek 35 opor egun natural ditu: “Horrez gain jaiegunetako beste 14, hitzarmeneko beste 6 egun eta asteko atseden egunak dauzkate”, azaldu du arrigorriagarrak. “Lan nekeza da gurea. 10 urte betetzen direnean bider 0.1 egiten dugu: lan egindako 10 urte 11 balira bezala kontatzen dira”. Trenak gidatu eta esperientzia eskuratu ahala, kategoriaz igotzen doa makinista.

Mitxelek aspaldian eskuratu zuen kategoria gorena, eta gaur egun bulegotik zein etxeko leihoetatik ikusten ditu trenak, bidaiariak eta merkantziak aurrera eta atzera eramaten. Bera da, azken batean, Hego Uribeko trenbideetan barrena dabiltzan tren gidarien maisu nagusia.

Bacigalupe, Talgo Pendularraren interkanbiadorearen aldamenean // Geuria

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak