Maiatzaren 6tik 8ra bitartean Clown eta Pailazoen Nazioarteko XXI. Jaialdia ospatuko da Arrigorriagan. Guztira hamahiru konpainiak hartuko dute parte: Rojo Telón (Bilbo), Meriko (Japonia), Hortzmuga Teatroa (Bilbo), Tiritirantes (Euskal Herria-Gaztela eta Leon), El Gran Dimitri (Andaluzia), La Belle Tour (Katalunia), Kate eta Pasi (Finlandia), Dado Oddall (Kanada), Joan Catalá (Katalunia), Clownbaret (Kanariar Uharteak), Oihulari Clown (Euskal Herria), Wilbur Clown (Alacant) eta Cie. Krilati (Frantzia).
Era berean, Ezinen Azoka erakusketa ikusteko azkenengo aukera egongo da udaletxeko Euskaldun Berria Gelan. Bertan hamaika joko izango dira, tartean, kutxa magiko eta ilusio optikoak sortzen dituztenak.
ZIRKU TAILERRA
Nazioarteko jaialdi honen baitan, umeentzako zirku tailerra antolatu dute Herri Ikastetxean. “Zirku-tailerra gurasoentzako eta seme-alabentzako jolastoki bat da, elkarrekin jolas dezaten”, diote antolatzaileek: “Instalazio honetan ez dago trebetasunak erakusteko begiralerik. Hala eta guztiz ere, arduradunak bertan izango dira materiala behar bezala erabiltzen dela ziurtatzeko eta nagusiak karpan sartu eta proposatutako jardueretan parte hartzera animatzeko“.
