→Arrigorriaga

Aiora Probatxoa, Iratxe Fresneda, Beñat Zarrabeitia, Ainhoa Tirapu… Arrigorriagako Euskararen Egunean

Abenduaren 3an ospatuko da Euskararen Nazioarteko Eguna. Arrigorriagan aurreko egunotan ere izango dira euskararen inguruko jarduerak.

Ezkerretik eskuinera: Aiora Probatxoa, Ainhoa Tirapu eta Iratxe Fresneda

Abenduaren 3an ospatuko da Euskararen Nazioarteko Eguna. Arrigorriagan aurreko egunotan ere izango dira euskararen inguruko jarduerak. Gaur bertan, hilaren 28an, Udalbatzaren osoko bilkuraren ostean, herritarrak protagonista izang diren ekitaldia ospatuko dute: EUDELek proposatu eta Arrigorriagako alderdiek landutako adierazpen instituzionala irakurriko dute Arrigorriagako hainbat herritarrek. “Modu horretan, protagonismoa partekatuko da herritarrekin, izan ere, behar beharrezkoa da euskararen normalizazioa eman dadin, gizarteko agente guztien inplikazioa, instituzioena, eragileena eta herritarrena”, adierazi du Eñaut Barandiaran euskara zinegotziak.

Aisia euskaraz gozatzeko ere parada izango da, azaroaren 30ean, Agur Etxebeste filmarekin. Lonbo aretoan proiektatuko dute, 19:30ean, doan. Gazteei bereziki zuzendutako ekimenak ere egingo dira. Abenduaren 3an Aiora Mujika Probatxoa youtuber-arekin Youtube saioa egingo dute Institutuan. Egun berean, arratsaldeko 19:00etan, hausnarketarako tartea irekiko dute goi mailako mahai-inguru batekin. Beñat Zarrabeitia kazetariak gidatuta, Iratxe Fresneda zinemagilea, Arkaitz Zipitria bertsolaria eta Ainhoa Tirapu Athleticeko jokalaria izango dira hizlari.

Haurrei zuzendutako saio bat ere egiteko asmoa bazuen Arrigorriagako Udalak: Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizuna. Iruñean egin behar zuten saioa bertan behera utzi ondoren, egun horretan (hilaren 29an), Arrigorriagan saioa egiteko aukera aztertu zuten. Azkenean, baina, ez dute aukerarik izan. “Iruñeko Udalak jarritako debekuaren itzal luzeak ez du horretarako bide eman”, adierazi dute udal ordezkariek. Arrigorriagako Udalaren ustez, “pailazoen taldeak haurrekin egiten duen lanketak bat egiten du Udalak landu nahi dituen baloreekin (euskararen aldeko lana, pertsonen arteko berdintasuna, errespetua…)” eta horregatik, aurrerago herrira etor daitezen lanean ari dela jakinarazi du.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak