☉ Arrigorriaga
Aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunak herritarren partehartzea izango du Arrigorriagan

Azaroaren 26ko Osoko bilkuran Euskararen Nazioarteko Egunaren adierazpen instituzionala onartu zen eta bertan esaten zen Covid-19aren ondoriak nabarmenak izaten ari direla euskararen erabileran eta hori dela eta, Arrigorriagako ikastetxe bietako ikasleen arteko motibazio-tailerrak indartu direla adierazi du Udalak.
Aurtengo Euskararen Eguna benetan berezia izango dela jakinarazi du Arrigorriagako Udalak. Hala ere, gaur egun bizi dugun egoera berezira moldatuz jarduera bereziak antolatuko dira abenduaren 3an eta hurrengo egunetan, Inspirarte proiektu partehartzailearekin hasita, abenduaren 3an bertan. Egitasmo honen helburua Bizkaiko kaleak literaturaz betetzea da, probintziako hainbat Udalerritan 60 esaldi margotuz.
Arrigorriagaren kasuan, hurrengo asteetan euskal idazleen sentimenduak eta pentsamenduak irakurriko dituzte, esaldi horien hiru hizkuntzetako herriko mapa eraikiz (euskaraz, erdaraz eta inglesez) eta QR kode irakurlearen bidez ikusi ahal izango dira esaldiak. Arrigorriagan lau esaldi margotuko dira guztira eta Udalaren nahia da herritarrek beraiek esaldi horien aukeraketan parte hartzea. Proiektuaren iraupena urtebetekoa izango da eta 1.500 euro bideratu ditu Udalak.
Proiektuan nola parte hartu
Parte-hartzaileek formatu horizontaleko bideo laburtxo bat bidali beharko dute aukomunikazioa@gmail.com helbidera edota 688 82 94 39 telefono zenbakira. Bide horretan euskal idazle horren esaldi laburra irakurri beharko da, 90 karakterrekoa gehienez eta esaldi horri dagokion liburua erakutsi beharko da. Astebeteko epea egongo da esaldi guztiak jasotzeko eta ostean Udaleko sare sozialetan jarriko dituzte, botoak jasotzeko. Astebete igaro ostean, botu gehien jasoko dituzten bi esaldiak aukeratuko dira margotzeko: “Beste biak programatik aukeratuko dira”, azaldu du Eñaut Barandiaran Euskara zinegotziak.
Bestalde, abenduaren 3an Abenduaren 3a egunero da izeneko bideoa argitaratuko dute, gure hizkuntzaren zeharkakotasuna eta eguneroko erabilerako hizkuntza gisa duen balioa aldarrikatzeko helburua duena: “Aurten berrasmatzea egokitu zaigu, baina egun zehatz bat baino gehiago, Arrigorriagan denak euskararen eguna izan daitezen aldarrikatzea eta lan egitea dagokigu, eta hori da aurten helarazi nahi dugun mezua”, izan dira Barandiaranen hitzak.
Hilaren 5ean Birritan Bortxatua antzezlana antolatuko dute Lonbo Aretoan, 19:00etan, Azaroaren 25eko jarduerei amaiera emanez. Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.
☉ Arrigorriaga
Argazkiak | Sorginek eta mamuek Arrigorriagako Gau Beltza hartu dute etxeko txikiekin
Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek

Heldu da urriaren azken eguna eta horrekin… Gau Beltza. Azken urteetan ikusi denez, Hego Uribeko udalerri askotan antzinako tradizio hau berreskuratzen joan dira herritarrak eta Arrigorriagan ez dira gutxiago izan.
Izan ere, Arrigorriagako Gau Beltza etxeko txikientzat eta gazteentzat prestatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek 17:30ean. Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute, sorginen txano eta sendabelarren artean. Ondoan, kalabazak apaintzeko eta aurpegiak margotzeko eta eskulan-tailerra prestatu dute.
Orduek aurrera egin ahala, herritarrak udaletxeko plazara hurbiltzen hasi dira, askotariko mozorroekin jantzita eta jolas eta koreografiak egin dituzte bertan. Amaitzean kalejira antolatu dute herriko kaleetan barrena.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Mendi Asteak emakumeen ahotsak ekarriko ditu Lamiaena eta Lonbo aretora
Aurtengo hitzaldietako protagonistak Igone Mariezkurrena, Elixabete, Johanna eta Bego hirukotea eta Pipi Cardell izango dira

Azaroaren 10etik 20ra Mendi Astea antolatu du Padura Mendi Taldeak Lamiaena Emakumeen Etxean eta Lonbo aretoan.
Aurtengo hitzaldietako protagonistak Igone Mariezkurrena, Elixabete, Johanna eta Bego hirukotea eta Pipi Cardell izango dira. Gainera, Alex Txikon beste urte batez hurbilduko da Lonbo aretora.
Saioak arrastietan izang0 dira eta sarrera doakoa izango da.
Egitaraua | Arrigorriagako Mendi Astea 2025
Azaroak 10, astelehena
20:00 Igone Mariezkurrena: ‘Leshoto, mendietako erresuma afrikarra, bizikletaz’, Lonbo aretoa
Azaroak 13, osteguna
19:00 Elkarregaz (Elixabete, Johanna eta Bego): ‘GR 11, zeharkaldi bat baino gehiago’, Lamiaena
Azaroak 18, asteartea
20:00 Pipi Cardell: ‘Nanga Parbat (8.125mt) – Via “Nezabudka”‘, Lonbo aretoa
Azaroak 20, osteguna
20:00 Alex Txikon, Lonbo aretoa
☉ Arrigorriaga
Argazkiak | Ehun arrigorriagar baino gehiagok Heidelberg enpresan gertatutako heriotza-istripua salatu dute herriko plazan
“Eredu berri bat behar dugu Euskal Herrirako, enpresen irabazi ekonomikoen aurretik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duena. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu, eta horren alde borrokatu eta antolatuko du langileriak”, aldarrikatu dute herritarrek

Gaur arrastian joan den urriaren 22an Arrigorriagako Heidelberg enpresan gertatutako heriotza-istripua salatu dute herritarrek, udalatxe aurreko plazan.
Elkarretaratze isila izan da, 20 minutu ingurukoa. Amaitzerakoan adierazpenak egin dituzte: “Istripuak ez dira kasualitateak sortuak. Ematen diren prekarizazioaren eta lan baldintzen ondorio zuzenak dira. Patronalaren aldetik, kapitala langileen segurtasunaren gainetik jartzearen ondorioz. Lan istripu bat eragiten duen makinak ez du lan osasunerako araudia betetzen; Eusko Jaurlaritzari dagokio enpresei lan-osasun araudia betearazteko bitartekoak jartzea eta ez dute egiten”.
Herritarrek elkartasuna eta babesa adierazi diete istripuaren ondorioz zendu zen langileari. “Eredu berri bat behar dugu Euskal Herrirako, enpresen irabazi ekonomikoen aurretik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duena. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu, eta horren alde borrokatu eta antolatuko du langileriak. Aski da, bizitzak erdigunean!”.
19:45ak inguru amaiera eman diote elkarretaratzeari, txalo zaparrada batekin.
☉ Arrigorriaga
Gazteen hiru laurdenak ezin du emantzipatu Arrigorriagan, udal diagnostikoaren arabera
Txostenaren helburua “joera demografikoak, egoera sozioekonomikoa eta etxebizitza parke publiko zein pribatuaren ezaugarriak” ezagutzea dela adierazi dute udal ordezkariek

Arrigorriagako Udalak herriko etxebizitza diagnostikoa egin du, udalerriko etxebizitza egoeraren argazki zehatza jasotzeko asmoz. Txostenaren helburua “joera demografikoak, egoera sozioekonomikoa eta etxebizitza parke publiko zein pribatuaren ezaugarriak” ezagutzea dela adierazi dute udal ordezkariek.
Ikertaldek eraman du azterketaren ardura, eta haren arabera, “udalerriak %10,7ko hazkunde demografikoa izan du 2001etik, Euskal Autonomia Erkidegoko batez bestekoa gaindituz”.
Hazkunde hori, Bilbo Handiko migrazio-dinamiken ondorioz izan da batez ere, eta ondorioz, etxebizitza-premia duten gazteen kopurua ere handitu egin da.
Aldiz, eskaintza ez da erritmo berean hazi, eta horrek prezioetan eragin nabarmena izan du. Horren erakusgarri da Etxebiden izan den eskari kopurua, Arrigorriagan inguruko herrietan baino handiagoa dena.
Gazteen egoerari dagokionez, emantzipazio-tasa orokorra %28,1ekoa da, EAEko batez bestekoaren azpitik. Hau da, 34 urtetik beherakoen ia hiru laurdenek ezin dute emantzipatu gaur egun. Auzoen artean aldeak daude: Abusun %36,1eko tasa da, eta Herrigunean %24,9koa.
Bestalde, udalerriko etxebizitzen %10a hutsik dago, eta azken urteetan ez da nabarmen handitu alokairura bideratutako etxebizitzen kopurua. Salerosketaren erritmoak ere behera egin du, eta gaur egun metro karratuko prezioa 2.400 eurotik behera dago, Bilbo Handiko batez bestekoaren azpitik.
Gardentasuna eta etorkizunerako oinarri sendoak
David Cidre Hirigintza zinegotziaren hitzetan, diagnostikoa “gardentasun-ariketa bat” da, etorkizuneko etxebizitza politiken oinarria, hain zuzen ere: “Emaitzek argi erakusten dute Arrigorriaga udalerri erakargarria dela, baina, aldi berean, etxebizitza eskuratzeko arazoak badaudela. Guretzat, etxebizitza oinarrizko eskubidea da, eta ez inbertsio espekulatiborako merkantzia”.
Udal gobernuak etxebizitzaren erronkari aurre egiteko duen asmoaz ere hitz egin du Cidrek: “Txosten hau hasiera besterik ez da. Orain, azterketan identifikatutako arazoei erantzungo dieten neurri zehatz eta ausartak zehazten ari gara”.
Zailtasunak zailtasun, Arrigorriagako Udalak etxebizitzaren egoera hobetzeko hainbat pauso eman dituela nabarmendu nahi izan dute udal gobernutik.
Duela urtebete onartu zen behin betiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, eta aurten bertan, Maite Ibarra alkatea, David Cidre eta Josetxu Olivares arkitekto aholkularia Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendari Pablo García Astrainekin bildu ziren, babes sozialeko 127 etxebizitza eraikitzeko hiru orube eskaintzeko.
Horrez gain, gobernu taldea beste udal batzuetako proiektuak bertatik bertara ezagutzen aritu da, etxebizitza arloko esperientziak partekatzeko helburuarekin.
Herritarrentzako aurkezpenak azaroan
Txostenaren emaitzak herritarrek gertutik ezagutzeko, Udalak bi aurkezpen publiko antolatu ditu:
Azaroaren 6an, 19:00etan, Edurne Garitazelaia kultur etxean (Azokea aretoa)
Azaroaren 12an, 19:00etan, Abusuko Zentro Soziokulturalean
☉ Arrigorriaga
Bideoa | Dozenaka pertsona elkartu dira Arrigorriagan Heidelberg enpresan gertatutako lan-heriotza salatzeko
LAB: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea. Harrapaketa sor dezakeen edozein tresna egokitu beharra dago”

“Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte” lelopedun pankartarekin dozenaka pertsona elkartu dira Arrigorriagako udaletxeko plazan, joan den asteazkenean Heidelberg enpresan gertatu zen lan-heriotza salatzeko.
Elkarretaratzea LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek deitu dute: “Dauzkagun datuen arabera, torno batek harrapatuta hil zen eskualdeko langile bat”, azaldu du Agus Figal LABeko Hego Uribe eskualdeko arduradunak. “Gaur elkartu garen sindikatuok egoera hau salatu nahi dugu”, izan dira sindikatuko ordezkariaren berbak.
LABeko ordezkarien arabera, Heidelberg enpresan gertatutako istripua “ekidin zitekeen”: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea. Harrapamendua sor dezakeen edozein tresna egokitu beharra dago. Lan-kodeak argi esaten du hori hala egin behar dela”.
LAB: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea”

Elkarretaratzean egon diren herritar batzuk // Geuria
Agusen hitzetan, lan prebentziorako eskumena Eusko Jaurlaritzarak dauka: “Baina, Jaurlaritzak beharrezkoak diren aldaketak egiteko zein behar diren prebentzio neurriak hartzeko presioa egin beharrean, enpresei nahi dutena egiten uzten die. Ondorioz, honelako ondorio larriak gertatzen dira”.
LAB: “Jaurlaritzak beharrezkoak diren aldaketak egiteko zein behar diren prebentzio neurriak hartzeko presioa egin beharrean, enpresei nahi dutena egiten uzten die”
Ezbeharra gertatu zenetik ekimen ezberdinak antolatu dituzte eskualdean: ELAk elkarretaratzea deitu zuen enpresa aurrean; gaur, euskal gehiengo sindikalak Arrigorriagako elkarretaratzea antolatu du.
Hurrengo astelehenean, herrian ere beste elkarretaratze bat deitu du herri mugimenduak, 19:30ean, “Prekarietateak hiltzen du” lelopean.























































































