→Arrigorriaga

Arrigorriagak aho batez onartu du Euskararen Nazioarteko Egunaren adierazpena

Euskaraldiako txapak // Geuria

Pasa den azaroaren 26ko Arrigorriagako Osoko bilkuran aho batez onartu zen Abenduaren 3ko deklarazioa, Euskararen Nazioarteko Egunari dagokiona. Adierazpen horretan euskaraz berba egitearen garrantzia azpimarratzen da, bizitzen ari garen osasun-krisian murgilduta gaudelarik eta “zaurgarriak izanda, zaurituta gaudelarik”: “Euskararen hiztun elkarteak ere sufritu du pandemiaren eragina, bereziki erabilera mailan. Zentzu horretan, erakunde publikoen konpromisoa sendoa eta egindako lana handia izanagatik ere, ezin izan diogu nahi bezala erantzun”.

Koronabirusak baldintzatutako gaur egungo egoera honi aurre egiteko modurik egokiena euskaraz dela azpimarratu du adierazpenak: “Euskaraz egin behar diogu aurre mundu mailako krisiari; euskaraz egin behar dugu ilunpetik argira eramango gaituen bidea; euskaraz sendatuko gara, euskaraz sendatuko dugu geure gizartea; euskaraz besarkatuko ditugu mundu osoko gizakiak. Bat garelako. Euskaraz bat mundu osoarekin. Euskara gero eta gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiliz ekarpena egiten diogu giza garapenari“.

Zailtasunak aukera bihurtuz

Adierazpenaren arabera, Euskaraldiak zailtasunak aukera bihurtzeko tresna eskaintzen digu berriro ere, “krisia aukera bihurtzeko lanabesa”. Halaber, aurten inoiz baino gehiagoko indarra izango du Euskaraldiak: “Ahobizi, Belarriprest eta bihotza kartsu dugu guztion ekimena“. Adierazpenak dio geroa euskaraz zetorrela bagenekiela, baina aurten beste gauza berri bat ikasi dugula: egoera zailetatik irteteko lagungarria zaigula geure hizkuntza, krisialditik irteteko bidelagun ezinbestekoa, alegia.

Euskaraz biziberritu behar dugulako geure gizartea.
Euskararen ahotsa zor diogulako munduari.
Euskaraz garelako munduko herritar.
Euskara aurrerabidea delako.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak