→Arrigorriaga

Adin txikiko mutil bat atxilotu dute Arrigorriagan beste bati labana sartzeagatik

Ezbeharra 18:30ak aldera jazo da / GoogleMaps

Adin txikiko mutil bat atxilotu du Ertzaintzak gaur arratsaldean Arrigorriagan. Laudioko eta Arrigorriagako bi kuadrilen arteko liskar baten eraginez, gazte batek beste bati sabelaldean labana sartu dio. Zauritua Gurutzetako Ospitalera eraman dute larrialdi zerbitzuek, eskuineko saihetseko zauriarekin, eta Ertzaintzak erasotzailea autoan eraman du, atxilotuta.

Ertzaintzak prentsa ohar bidez adierazi duenez, “17:45ak aldera, herritar batek Arrigorriagako Urgoiti pasealekura joateko eskatu zion Ertzaintzari. Antza denez, borroka bat gertatzen ari zen, eta pertsona batek labankada bat jaso zuen kostaldean”. Udaltzainak eta Ertzainak bertaratu ziren: “Udaltzainek biktimaren zauri odoltsua buxatzen zuten bitartean, Ertzaintzako agenteak eta Udaltzaingoko beste agente batzuk inguruak miatzen ari ziren, handik ihes egin zuen egilearen bila. Handik gutxira, herritarren laguntzari esker, ustezko erasotzailea aurkitu zuten, etxebizitza bateko ganbaretan ezkutatuta. Erasotzaileak erasoa egin zuela aitortu zuen eta atxilotu egin zuten. Handik gertu, 15 zentimetroko orria zuen labana bat ere aurkitu zuten”.

Atxilotua Arrigorriagako herritarra da eta zauritutakoa laudioarra. Hasiera batean, biak adingabeak zirela zabaldu zen, baina ez da hala: hamasei urte ditu arrigorriagarrak eta hogei laudioarrak. Atxilotua ertzain-etxera eraman zuten, eta adingabeen fiskaltzari jakinarazi zioten atxiloketaren berri. Igande goizean epailearen esku utzi dute.

Ezbeharra gertatu eta gutxira, lekuen testigantzei jarraituz, komunikabide honek argazki bat argitaratu zuen albistea ilustratzeko. Berriz ere, lekukoen testigantzei jarraituz, eta jabetuta argazkiak bide eman zezakeela gertakariaren bestelako irakurketak egitera, argazkia aldatzea erabaki zuen. Ezbeharra gertatu den ingurua agertzea izan da komunikabide honen asmo bakarra.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak