Sareak

☉ Arrigorriaga

Go!azen Lonbo aretora helduko da

|

Urtarrilaren 21ean Go!azen ikuskizun ezaguna helduko da Arrigorriagako Lonbo aretora. Edukiera behar bezala antolatzearren, txanda bi antolatuko dituzte: 16:30ean eta 19:00etan eta sarrerak aldez aurretik antolatutako hitzorduetan erosi beharko dira. Interesdunek Lonbo aretora jo beharko dute urtarrilaren 11n 17:00etatik 20:00ak arte, eta pertsona bakoitzak gehienez sarrera bi erosi ahal izango ditu.

Heldu bakoitza ume bakarrarekin joan ahal izango da ikuskizunera eta 10-14 urte bitarteko gazteak binaka joango dira, taldeak ekidinez.

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagatik Martiarturainoko herriguneko bidegorri zatia urte amaiera baino lehen konponduko dute

Bizkaiko Foru Aldundiak, bere partetik, Ugaoko Ondategi auzoko bidegorri zaharraren trazadura aprobetxatuko du Arrigorriagako Martiartu auzoa eta Ugao etorkizunean modu seguruan lotzeko

|

Bidegorriaren amaiera, Martiartun // Geuria

Arrigorriaga eta Ugao etorkizunean lotuko duen bidegorriaren lanak astiro baina aurrera doaz. Duela egun batzuk, maiatzaren hasieran, Arrigorriagako Udalak herriguneko bidegorri zati batzuk hobetu eta birmoldatzeko eskaintzak aurkezteko epea zapaldu zuen. Iragarpen hartan Arrigorriaga eta Ugao lotuko dituen bidegorria aipatu zuten, 2022an inauguratutako herrigunetik Martiarturainoko bidegorriari jarraipena emango diona.

“Gure helburua mugikortasun jasangarria indartzen jarraitzea da”, azaldu zuen David Cidre Arrigorriagako Hirigintza, Auzoak eta Etxebizitzako ziengotziak duela astebete. “Proiektu honen bidez, oinezkoen eta bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzea eta bideragarri eta seguru bihurtzea da helburua”.

Gaur egun, Arrigorriagatik datorren bidegorri zatia Martiartu industrialgunearen sarreran amaitzen da. Hala adierazten du industrialgunearen sarreran ikus daiteken seinale bertikal batek (goiko argazkia). Honek esan nahi du Arrigorriagatik Ugaora joan nahi duen txirrindulari batek bidegorria utzi eta Bi-625 errepidea erabili behar duela, halabeharrez.

Arrigorriagako Udalaren hurrengo urratsa bidegorriak Arrigorriagan zehar dituen zati jakin batzuk konpontzea da, Basauriko bidegorriarekiko loturatik Ugertza parkean dagoen eta Martiartu auzora doan zubiaz bestalderaino. Arrigorriagak 366.696 euro bideratuko ditu guztira proiektu honetara Herriak Egiten funtsen bidez emandako transferentziak aprobetxatuz eta jarduketen artean bizikletentzako eta oinezkoentzako bide bereiziak eraikitzea, seinale bertikalak eta horizontalak jartzea, barandak jartzea eta zoladura-lanak egitea aurreikusi dute.

David Cidre: “Proiektu honen bidez, oinezkoen eta bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzea eta bideragarri eta seguru bihurtzea da helburua”

Cidreren arabera, Arrigorriagako HAPOa “gutxi barru” onartuko du Arrigorriagak eta helburua bidegorriaren eraberritze-lanak ahalik eta lasterren martxan jartzea da: “Gure asmoa bidegorriaren zati hau urtea bukatu baino lehen prest egotea da”, izan dira Hirigintza zinegotziaren berbak.

Ugaoko Ondategi auzoko bidegorria, gaur egun // Geuria

Ugaorako konexioa

Arrigorriagako azken zati hori eginda, eman beharreko hurrengo urratsa bidegorria Ugaorekin konektatzea litzateke. Martiartu eta Ugao arteko bidegorri zatia egitearen eskumena Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio. Cidreren arabera, Ugaora helduko den bidegorri zatia ibaiaren ibilgutik doan “bidegorri zaharraren zati batzuk” moldatuko lituzkete Ugaora heltzeko.

Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak informazio hori berretsi eta Martiartu eta Ugao lotuko duen bidegorria ibaiaren eskumaldeko ibilgutik uztartuko duela azaldu dio GEURIAri (Arrigorriagatik datorren alde beretik, alegia): “Ugaoko hilerritik Martiartura noranzkoan badago gaur egun auzoko errepidearekin elkarbanatzen duen bidegorri txiki bat”, izan dira Ugaoko alkatearen berbak, eta hasiera batean bidegorria Bi-625 errepidearen parean jartzea bazen ere, Mentxakak azpimarratu du trazadura gertuegi egongo litzatekeela bai errepidetik, baita Renfeko trenbidetik: “Bidegorria bertatik igarotzea arriskutsua litzateke”.

Martiarturantz doan bidegorri hori Ondategi auzotik igarotzen da baina Arrigorriagara heldu baino lehen mozten da txirrindularientzako. Foru Aldundiaren asmoa, beraz, bidegorri horren trazadura aprobetxatuz bidegorria Martiartura eramatea da.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Igandean Euskararen alde 1000 buelta emateko gonbitea luzatu die Abusu Ikastolak auzotarrei

Euskara sustatzeko ekimena antolatu du Abusu Ikastolak igande honetarako, 10:00etatik 14:00etara Kaños eta Ibaizabal parkeen artean

|

Ibilbidea 10:00etatik 14:00etara egongo da zabalik / Abusu Ikastola

Hitzordu berezia izango dute Abusuko auzotarrek igande honetan, maiatzak 19, ikastolak Abusun Euskarari, 1000 baietz! ekimena antolatu baitu. Antolatzaileek adierazi dutenaren arabera, “Abusun euskara sustatzeko ekimena jarriko dugu martxan guztiok batera. Helburua, zehaztutako ibilbide zirkular bati, Kaños eta Ibaizabal parketik, 1000 buelta ematea lortu behar dugu, bertaratutako guztion artean, Euskal Herriari buelta sinbolikoa emanez”.

Ibilbidea 10:00etatik 14:00etara egongo da zabalik, eta oinez, korrika, bizikletan edo patinetean egiteko aukera egongo da. Bakoitzak ematen dituen bueltak zenbatu ahal izateko akreditazioak Abusu Ikastolako idazkaritzan lortu daitezke, bai egunean bertan, edo bai gaurtik aurrera, bi eurotan.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Argazkiak / Clown eta Pailazoen Nazioarteko jaialdiaren bigarren egunak algara eta hausnarketa uztartu ditu

Porrotx, Marimotots  eta euren lagun guztiak “Ez gara jaitsiko” izeneko ikuskizunarekin ibili dira goizean, eta Oyun malabarista berritzailea arratsaldean

|

Porrotx umeen aurrean / Geuria

Clown eta Pailazoen Nazioarteko XXIX. Jaialdiak Arrigorriagako kaleak bete ditu beste urtebetez. Bigarren egun honetan, Porrotx, Marimotots  eta euren lagun guztiak “Ez gara jaitsiko” izeneko ikuskizunarekin  heldu dira kantxa urdinera.

Abentura berri honen abiapuntua honako hau da: “Marimotots zuhaitz baten adaburura igo da, han goitik lurra hobeto ikusteko. Pirritxek eta Porrotxek atzetik jarraituko diote. Eta zuhaitzez zuhaitz eta adarrez adar, espero gabeko lekuetara helduko dira”.

Lurra zaintzearen eta maitatzearen beharra, munduko toki ezberdinetan joan etorria… planeta puntarik punta ezagutzeko aukera paregabea izan da!

Arratsaldean, aldiz, eta eguraldiak behartuta, kantxa urdinean egin dira ikuskizun guztiak, eta Oyun izenekoan egon da GEURIA. Bere sortzaileek adierazi dutenaren arabera, “Oyun izeneko lanean (turkiarrez jokoa), dena eltzeen eta eguneroko beste elementu batzuen inguruan dabil, eta, orekan dagoen tresna bat eraikitzen doan heinean, malabaristak espazioa sortzen du, airea marrazten du eta, batez ere, grabitateari aurre egiten dio”.

EZ GARA JAITSIKO – PORROTX ETA MARIMOTOTS

OYUN

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Zabaldu dute Arrigorriagako bidegorria hobetu eta birmoldatzeko eskaintzak aurkezteko epea

Hobekuntzez gain, Arrigorriagaren bidegorri hau Bizkaiko Foru Aldundiaren Bidegorriarekin lotzea aurreikusten du proiektuak, Ugaora bidean

|

Bidegorria, Martiartun // Geuria

“Arrigorriagako Udalak udal bidegorria hobetu eta birmoldatzeko eta Bizkaiko Foru Aldundiaren bidegorriarekin lotzeko proiektua burutuko du”, hori esanez zabaldu dute Arrigorriagako Udaletik udalerriko bidegorria hobetu eta birmoldatzeko eskaintzak aurkezteko epea, eta enpresek maiatzaren 27ra arte aurkeztu ahal dituzte proposamenak.

Herrigunetik igaro den bidegorri hainbat zatik hobekuntzak behar dituztela kexatu dira auzotarrak. Udal ordezkarien arabera konponketa horiek “zehazki, Basauriko bidegorriarekiko loturatik Ugertza parkean dagoen eta Martiartu auzora doan zubiaz bestalderaino” egingo dituzte.

Arrigorriagak 366.696 euro bideratuko ditu proiektu honetara Herriak Egiten funtsen bidez emandako transferentziak aprobetxatuz eta jarduketen artean bizikletentzako eta oinezkoentzako bide bereiziak eraikitzea, seinale bertikalak eta horizontalak jartzea, barandak jartzea eta zoladura-lanak egitea aurreikusi dute Udaletik.

Martiarturantz doan bidegorri zatia, Ugao noranzkoan // Geuria

Ugaorantz zabalduz

2022an Arrigorriagako erdigunea Martiartu industrialgunearekin lotzen duen bidegorri zatia inauguratu zuten. Horrela, Arrigorriaga eta Ugao lotzeko lehen urratsa eman zuten. Proiektu honen helburu nagusia industrialdeetarako mugikortasun-alternatiba bidea sortzea dela azpimarratu dute (aisialdirako alternatiba izateaz gainera), baina ez hori bakarrik: gainera, proiektuak aurreikusten du Udalaren bidegorri hau Bizkaiko Foru Aldundiaren Bidegorriarekin lotzea, Ugaorantz.

Proiektuak aurreikusten du Udalaren bidegorri hau Bizkaiko Foru Aldundiaren Bidegorriarekin lotzea, Ugaorantz

“Gure helburua mugikortasun jasangarria indartzen jarraitzea da”, azaldu du David Cidre Hirigintza, Auzoak eta Etxebizitzako ziengotziak.”Proiektu honen bidez, oinezkoen eta bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzea eta bideragarri eta seguru bihurtzea da helburua”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Bertsolaritzako eskolarteko eta taldekakoen finalak jokatuko dituzte Arrigorriagan

Final handia maiatzaren 25ean antolatu dute Arrigorriagako Elizondo tabernan

|

Bizkaiko bat-bateko eskolarteko txapelketaren hasiera, Getxon // Bizkaiko Bertsozale Elkartea

Maiatzaren 25ean Oinak buruan eskolartekoaren eta Bizkaiko taldekakoen finalak antolatu dituzte Arrigorriagan Bizkaiko Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen elkarteak, Eusko Jaurlaritza, Elkar eta Arrigorriagako Udalaren babesarekin.

10:00etatik 22:00ak arte prestatu dituzte finalaurreko eta final guztiak. “Arratsaldean zehar hiru taldez osatutako hiru finalaurreko jokatuko dira, eta saio bakoitzeko irabazlea gauean jokatuko den finalera sailkatuko da”, azaldu dute Bizkaiko Bertsozale Elkartetik.

Bazkaria ere egingo dute eta bertan parte hartu nahi dutenek esteka honen bidez eskuratu ahalko ditu txartelak.

Programa | Finalak 2024

Maiatzak 25, larunbata

10:00 Bizkaiko eskolarteko idatzizko finala
11:30 Bizkaiko eskolarteko bat-bateko finala
14:30 Bazkaria
16:00 1. Finalaurrekoa, Arrigorriagako eskola
17:30 2. Finalaurrekoa, kalean
19:00 3. Finalaurrekoa, kalean
22:00 Finala, Elizondo jatetxea

Osorik irakurri