→Arrigorriaga

Hauek dira Arrigorriagak 2022ko aurrekontuetan onartuko dituen herritarren zortzi proposamenak

Gaur goizean Arrigorriagako Aurrekontu Parte-hartzaileen emaitzak plazaratu ditu Maite Ibarra alkateak Eñaut Barandiaran eta Peio Garmendia zinegotziek lagunduta: “Irailean hasi genuen aurrekontu parte-hartzaile prozesua bukatutzat ematen dugu”, azaldu du herriko alkateak. “Hiru hilabete luzez herritarron gogo eta beharretan murgilduta ibili gara proposamenak jaso, aztertu eta bozkatuz”.

Eñaut Barandiaran, Maite Ibarra eta Peio Garmendia, udaletxean // Geuria

Gaur goizean Arrigorriagako Aurrekontu Parte-hartzaileen emaitzak plazaratu ditu Maite Ibarra alkateak Eñaut Barandiaran eta Peio Garmendia zinegotziek lagunduta: “Irailean hasi genuen aurrekontu parte-hartzaile prozesua bukatutzat ematen dugu”, azaldu du herriko alkateak. “Hiru hilabete luzez herritarron gogo eta beharretan murgilduta ibili gara proposamenak jaso, aztertu eta bozkatuz”. Aurrekontuen zati bat herritarren esku egotea Arrigorriagan Hobeto Bizitzeko 100 neurrien Gobernu-plana garatu zutenean herritar eta elkarte askorekin partekatu zuten ideia izan zela azpimarratu du Ibarrak: “Arrigorriagan lehen aldia izan da horrelako ariketa kolektiboa egin dela eta emaitza ikaragarria izan da”.

2022an arrigorriagarren zortzi proposamen hartuko dituzte datorren urteko Udal aurrekontuek, bai herrigunean, eta baita Abusun ere: hobekuntzak egingo dituzte Kubo auzoko tunelean, San Isabel auzoko argiterian, Ollarganeko haur-parkean,  eta konponketak egingo dituzte PP2ko zoladuran. Bestalde, hozkailu solidarioa jarriko dute Arrigorriagako eskolan, petankagunea birgaituko dute Ollarganen, bizikleta aparkalekua jarriko dute, Emakume Sortzaileen jaialdia antolatuko dute eta arrapala jarriko dute Iharra plazan.

Prozesuaren lehen fasean 154 jaso zituen Udalak eta hirugarrenean 500 bizilagun baino gehiagoren bozkak jaso ditu: “Gobernu taldearentzat benetan garrantzitsua da horrelako ariketak eta praktikak martxan jarri eta sustatzea. Askotan esan dugun bezala, ‘gure herriaren bidea herritarrekin batera egin nahi dugu'”. Azalpenen ostean, Maitek eskerrak eman nahi izan dizkie lehen aurrekontu parte-hartzaile hauetan parte hartu duten herritarrei.

Eñaut Barandiaran, Maite Ibarra eta Peio Garmendia // Geuria

Zortzi Proposamenak

Peio Garmendia Ogasun eta Kontuak eta Giza Baliabideak zinegotziak aurrekontu parte-hartzaileen emaitzen azalpenetan murgildu da, 2022ko Udal aurrekontuek jasoko dituzten herritarren proposamenak jakinaraziz.

10.000 eurotik gorako proposamenak

  • 45. proposamena: Hobekuntzak Kuboko tunelean. 49.000 euroko aurrekontua eta 240 boto jaso ditu
  • 75. proposamena: Santa Isabel auzoko argiztapena hobetzea. 30.000 euroko aurrekontua eta 195 boto jaso ditu
  • 116. proposamena: Ollarganeko haur-parkea hobetzea. 40.000 euroko aurrekontua eta 172 boto jaso ditu

“Hiru proposamen hauek ia 120.000 euroko partidara iristen da”, azaldu du Garmendiak. “Inbertitzen ez diren 1.000 euroak beste zerrendara igaroko da. Gainera, Ollarganeko proposamena boto kopuruengatik hurbil geratu denez, 46. proposamenari heltzea erabaki dugu PP2 kirol pistako zoladura konpontzea gehitu dugu, 170 botokoa. Gerakinarekin gauzatuko dugu”.

10.000 eurotik beherako proposamenak

  • 89. proposamena: eskolan Hozkailu Solidarioa jartzea. 5.000 euroko aurrekontua eta 274 boto jaso ditu
  • 33. proposamena: Ollarganeko petankagunea birgaitzea. 5.000 euroko aurrekontua eta 171 boto jaso ditu
  • 62. proposamena: bizikletak aparkatzeko instalazioa. 10.000 euroko aurrekontua eta 162 boto jaso ditu
  • 66. proposamena: Emakume Sortzaileen Jaialdia. 5.000 euroko aurrekontua eta 143 boto jaso ditu

“Aurrekontua, beste zerrendatik soberan geratzen diren 1.000 euroekin ere, aurreikusitako 10.000 euroko zenbatekora iristen ez den arren, Udalak, hautatutako bosgarren aukera ere sartzea erabaki du: 55. proposamena: Iharra plazan arrapala jartzea, 6.000 euroko aurrekontuarekin eta 134 botokoa”.

“Gure asmoa era honetako egitasmoak bultzatzea da”, azaldu du Eñaut Barandiaran zinegotziak. “Udal kudeaketak hori bilatzen du azken batean: herriaren partaidetza. Horregatik ez dugu aurrekontu parte-hartzaileak egitasmo soil batean utzi nahi, bide horren hasiera izatea baizik”. Barandiaranek azpimarratu du, berritasun modura, aurrekontu parte-hartzaileek Abusuko herritarrengan arreta piztu dutela: “Horrek datuak ematen dizkigu etorkizuneko proposamenetan kontuan hartzeko ere. Lehen aurrekontu parte-hartzaileak izateko eragin handia izan du arrigorriagarrengan”.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak