→Arrigorriaga

Ikasitakoa desikasten ikasten

Pertsona transexualek bizi duten egoera ez da batere samurra: diskriminazioaren biktima dira eta onartuak izateko presioak baldintzatzen ditu. Gizartea aurrera doan arren, begiradak okerrak dira oraindik.

Xabier Cabrera / Geuria

”Legea eztabaidan”. Irakurri legearen egungo egoera, aldarrikapenak eta ikuspegiak

Txikitatik gizakiok beti pentsatzen dugu zer izango garen hazten garenean: irakasle, suhiltzaile, ile-apaintzaile, dentista… 2001. urtean Xabier Cabrerak (Arrigorriaga, 1996) bost urte zituen, eta ordurako erabakia hartuta zuen. “Nik mutila izan nahi dut”, esan zion amari. Garai hartan, baina, ez bere amari ez beste inori ez zitzaion burutik pasa esaldi hori benetakoa izan zitekeenik. “Pasatuko zaio”, pentsatu zuten. Baina ez zitzaion pasa.

“Orduan ez zenion halako esaldi bati hainbesteko garrantzirik ematen, baliteke ume baten errugabetasunetik esan izana, auskalo”, azaldu du Julio Cabrerak, Xabiren aitak. Duela hogei urte transexualitateak ez zuen gaur egun bezainbesteko ikusgarritasunik. Xabi txikitan nolakoa zen zehaztasunez gogoratzen du bere familiak: “Ilea motza nahi zuen, arropa zabalak janzten zituen… Inkontzienteki bazen ere, beti saiatzen ginen hura berbideratzen, nahiz eta azkenean beti onartzen genuen zoriontsu egiten zuen guztia”.

Xabiren ibilbidean sakondu aurretik, oinarriei helduko diegu: pertsona baten identitatea autopertzepzioaren gainean eraikitzen da. Bi eta lau urte bitartean niaren kontzientzia ematen da; hau da, haurra jabetzen da ez dela amaren luzapena eta indibidualtasuna finkatzen du. Bere testuinguruan dagoen jendea sailkatzen hasten da, zenbait faktore eta ezaugarri sexuatu kontuan hartuta: bularrak, bizarra, ile luzea… Mundua sailkatzen dela konturatuko da, eta bere burua ere sailkatuko du. Hortik aurrera, bere nortasuna sortzen jarraituko du hil arte.

Mendeetan zehar generoa genitalei begira erabaki izan da. Pertsona transexualen kasuan, haien sexua ez dator bat jaiotzean esleitu zaienarekin. Hortaz, gizarteak ezarritako ereduetatik aldendu eta diskriminazioa jasan dute. Oraindik ere, transexualitatea aldaketa fisikoarekin lotzen da, bai genitala bai hormonala. Baina ez du zertan horrela izan; izan ere, batzuk eroso sentitzen dira beren gorputzarekin, eta ez dute behar.

Xabi eta familia / Geuria

Kontua ez da gorputz oker batean jaio izana, baizik eta gizartearen begirada okerra dela. Lehen aipatutako pertzepzioa da horren oinarria, nola identifikatzen den pertsona bakoitza. Belaunaldi berri honek badaki zakildun neskak eta bulbadun mutilak existitzen direla, eta, beraz, pertsona transexual askok beren gorputzak beste modu batera bizitzen hasi dira. Hala ere, presio soziala oso handia da, pertsonak genitalen arabera irakurtzen jarraitzen ohi direlako. Horregatik, estereotipoetatik aldentzea latza izaten da, batez ere nerabezaroan.

Xabiren esanetan, bere bizitzako etaparik txarrena izan zen. “Eta orain identifikatzen naizen bezala identifikatu izan banintz, are okerragoa izan zitekeela uste dut”, dio. Bullyinga jasan zuen neskak gustatzen zitzaizkiolako eta mutil baten itxura zuelako. Gurasoei 12 urterekin esan zien neskak gustatzen zitzaizkiola, eta lehen kontaktua oso hotza izan zen: “Hasieran normala da, beste belaunaldi batekoak dira eta haiek hezi naute eta hazten ikusi naute alaba bat zutela pentsatuz. Estereotipo horietatik gero eta gehiago urruntzen nintzela ikusi zuten, eta talka bortitza izan zen”. Txikitan jolasten zuenean mutilaren papera egin nahi zuen beti. Baina bera jolas hartan bizi zen. Besteen gezurretan. Bere egian.

Oraindik gogoratzen du esan ohi ziotela neskak gustatzeagatik ez zuela zertan mutilez mozorrotu behar: “Ez zen mozorrotzea, naizen bezala identifikatzeko nire modua zen”. Azkenean, gurasoek ulertzen jakin zuten eta une oro haien babesa erakutsi diote. Ikastetxetik bere semea patioan bakarrik zegoela eta ikasteko gaitasunik ez zuela esaten zieten. “Kontua ez ote zen izango horren atzean harremana eragozten zidan edo alde batera uzten ninduen zerbait zegoela?”, iradokitzen du Xabik: “Arazoa beti da biktima”. Honek, ikasketak utzi nahi izatea eragiten zion, eta tripako ondoezak asmatzera iritsi zen eskolara ez joateko. Min horiek errepikatzeak familia asaldatu zuen, eta azkenean ospitalera eraman zuten.

 

Ver esta publicación en Instagram

 

Una publicación compartida de Xabi BTX (@xabii.21)

Egun batean ezin izan zuen gehiago, eta barruan zeraman sufrimendua kontatu zuen: “Normaltasunaren kanonetatik aldentzen bazara, bizitza infernu bihurtzen dizute”. Gainera, institututik beste albo batera begiratzen dela kritikatzen du. Espainiako Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen Federazioak egindako ikerketen arabera, hezkuntza-esparruan ikasleen erdiek jazarpen homofobikoa jasan dute, trans pertsonen %58k transfobia, eta ikastetxe gehienek ez dute diskriminazioaren aurkako neurririk hartzen. Maribel Muñoz, Xabiren ama, arazoa nola edo hala konpontzen saiatu zen. Hala ere, onena bere semea institututik joan zenean izan zela ziurtatu du: “Bazterketa soziala existitzen da, eta oso krudela iruditzen zait jazarpen mota hori bizi behar izatea”.

Denboraren poderioz, Xabik trantsizio-prozesuan zegoen mutil bat ezagutu zuen. Asko poztu zen beragatik, azkenean gustura egotea lortu baitzuen. Aldi berean, inbidia sentitu zuen. Erabat islatuta ikusi zuen bere burua. Ez zegoen eroso bere bizitza emakume bezala bizitzen. “Ez da egun batean zure burua ispiluan ikustea eta esatea: mutila naiz. Autopertzepzio-prozesu luzea darama”, azaldu du: “Norbait trantsizio-prozesuan ikusteak, existitzen dela eta hori egin daitekeela ikusteak, asko laguntzen du”. Orduan, gau askotan buruari bueltak ematen hasi zen, mutila balitz nolakoa izango zatekeen imajinatuz. Gainera, kontrako sexuaren itxura jartzen zuten iragazkiak atera ziren mugikorretan. “Begira ama, emakume bizarduna naiz!”, esaten zion bere amari, eta barre egiten zuten. Baina barrenean ezin zuen burutik kendu barre horren atzean benetako zerbait zegoela.

ARGIA IKUSTEKO UNEA
2019ko iraila zen mutil transexuala zela aitortu zuenean. Bi hilabete behar izan zituen ofizial egiteko, eta sare sozialak bere megafonoa izan ziren: “Uste nuen nire izen berriarekin Instagrameko kontu bat irekitzea izango zela modurik onena mundu guztia jakinaren gainean jartzeko, baita normalizatzeko eta azalpenak aurrezteko ere”. Lehen aldiz, aske sentitu zen. Aske munduaren aurrean den bezala agertzeko. Hala ere, beldur zen ez ote zuten epaituko edo emakume gisa irakurtzen jarraituko ote zuten.

Jakin zuten azken pertsonak bere ingurukoak izan ziren, eta arrebak adierazi duenez, berarengan babestu zen etxean azaltzeko: “Gurasoei kontatzen laguntzeko eskatu zidan, eta nola egin ondo pentsatu behar genuela esan nion, ez baikenekien nola erreakzionatuko zuten”. Baina ez zion astirik eman. Etxera iritsi eta bat-batean kontatu zuen. “Azken finean ulertzen dut, denbora asko zeraman horrekin barruan”, dio Nerea Cabrerak bere nebari harro begiratzen dion bitartean. Uneren batean, denek beldurra sentitu zuten. Baina ez beragatik, gizarteagatik baizik. Beldurra arbuioari, sor zezakeen sufrimenduari.

 

Ver esta publicación en Instagram

 

Una publicación compartida de Xabi BTX (@xabii.21)

Xabik Naizenera jo zuen, adingabe transexualen familien elkartera. Bea Severrekin jarri zen harremanetan, bertako bozeramaile eta arreta arduradunarekin: “Informazioa behar zuen eta hitzaldi batera etorri zen. Entzuten egon ondoren, nigana gerturatu zen eta behar zuen eskua luzatu nion”. Xabik 23 urte zituen. Jada ez zen ume bat, eta Errespetuzera bideratu zuen, transexualen defentsa eta integraziorako euskal elkartera, laguntza handia emango ziona.

Han izan zuen Xabiren familiak lehen hartu-emana. Ares Piñeiro Errespetuzeko idazkariaren arabera, familien bilera batean parte hartzera gonbidatu zituzten. Bertan berdinen arteko topaketa egiten da eta asko laguntzen die bakarrik ez daudela ikusteak: “Erakusten diezu ez dela kasu isolatu edo arraro bat, beste pertsona batzuek gauza bera bizi dutela. Ulertuak sentitzen diren espazio bat sortzen da”. Maribel Muñozen hitzetan, Xabik dena oso ondo lotuta izan zuen eta berak gidatu zituen bizitzen ari zenaz informatuta egon zitezen, gizartearen aniztasuna ikusaraziz. “Nik uste dut modu naturalean hartu dugula”, adierazi du aitak: “Ezin hobeto ulertu dugu, azkenean berak izan nahi duena izan behar duelako. Inork ez zaitu behartu behar ez zaren hori izatera”.

HASIERA BERRI BATERANTZ
Xabik ez zuen Bea Severrekin zuen harremana moztu eta berak lagundu zion eman nahi izan zituen pauso guztietan. Sexu-berresleipenerako prozesua hasteko etxeko medikuarengana jo zuen, Gurutzeta Ospitaleko Genero Identitate Unitatera bidera zezan, EAE osorako erreferentziazko zentroa. Transexualitate-egoeran dauden pertsonei arreta emateko gidaren arabera, haien eginkizuna tratamendu integrala eskaintzea da: Psikiatria, Psikologia, Endokrinologia eta Kirurgia. Osasun zentroetan desinformazio handia dagoela kritikatu du Xabik: “Dena azaldu ondoren, medikuak kontsultatu behar zuela esan zidan, azaltzen ari nintzaiona egia izango ez balitz bezala”. Bere ustez, adituak ez daude batere prestatuta kasu hauetarako, inork ez baitzekien zein zen jarraitu beharreko prozesua. Azkenean agiria lortu eta hitzordua eskatu zuen, itxaron-zerrenda luzea dagoelako.

Zain zegoen bitartean, dokumentazioa bere kabuz konpontzen hastea erabaki zuen. 2018an Osasunaren Mundu Erakundeak erabaki zuen transexualitatea ez zela buruko gaitza. Hala ere, estatu mailan oraindik eskatzen da txosten psikologiko bat erregistroko aipamena aldatzeko eta hormonazio prozesuarekin hasteko. Joserra Landarroitajauregi pedagogo, sexologo eta psikologoak dioenez, txostenak baieztatzen du ez duela inolako psikopatologiarik pairatzen eta genero disforia diagnostikatzen dio; ondoeza esleitu zaion kategoriagatik. “Ni ados nago trans komunitatearekin alderdi askotan; izan ere, gai hau subjektiboa da eta ez luke inolako parametrok kanpotik behartu behar”, adierazi du psikologoak: “Niaren eraikuntzan ez dago pertsona bera baino indartsuagorik erabakitzeko, eta ez du zentzurik norbaitek egiaztatu behar izateak”.

 

Ver esta publicación en Instagram

 

Una publicación compartida de Xabi BTX (@xabii.21)

Landarroitajauregik, kontsulta pare baten ostean, txostena prestatu eta Xabiri bere trantsizioan aurrera egiten lagundu zion. Erregistro zibilean entregatu eta izena bakarrik aldatu ahal izan zuen, genero-aipamena aldatzeko hormona-tratamenduan bi urtez egon behar baitzuen. Hortaz, Errespetuz elkarteko idazkariak salatzen duenez, psikologoarengana joatea eta tratamendua hastea ez da beharragatik bakarrik egiten. Nahi ala ez, derrigorrezkoa izaten jarraitzen du. Gainera, indarrean jarraitzen duen 2007ko legeak adierazten duenez, espainiar nazionalitateak, adin nagusikoek eta horretarako gaitasun nahikoa duten pertsonek soilik eskatu ahal izango dute sexu-aipamenaren zuzenketa.

Lurralde mailako dokumentazioa aldatzeko, aldiz, askoz errazagoa dela azaldu du Xabik: “Eusko Jaurlaritzara joan, eskaera egin eta dena automatikoki aldatzen dizute, banan-banan joan behar izan gabe”. Dokumentazio trantsitorioari esker, trans pertsonek aurrerapenak egin ditzakete erkidegoko esparru guztietan txosten psikologikoaren beharrik gabe. Pertsona transexualen aitorpena 2012an onartu zen Euskal Herrian. Hala ere, nahiko berria da, duela bi urtera arte ez baitzen 3. artikulua aldatu transexualitatea despatologizatzeko eta txostena beharrezkoa ez izateko.

ALDAKETAREN HASTAPENAK
Gurutzetako Genero Identitate Unitateak geldirik jarraitzen zuen eta Xabik ezin zuen gehiago itxaron: “Nik beti izan dut konplexu handia nire gorputzarekin, eta prozesua oso luzea izan da mutil trans gisa argitara ateratzea erabaki nuenetik aldaketa fisikoarekin hasi nintzen arte”. Naizeneko bozeramaileak bidezidor bat erakutsi zion testosterona eskuratu ahal izateko. “Xabiren kasua oso motel zihoan eta Bartzelonara jo zuen, Transiten ez zarelako psikiatriatik pasa behar”, azaldu du Severrek: “Gizarte hezitzaile batek artatzen zaitu, galdetuz zure beharrak zeintzuk diren eta zure identitatea zalantzan jarri gabe”.

2020ko otsaila zen hormonazio gurutzatuarekin hasi zenean. Psikiatrarekin hitzordua martxoaren amaieran zuen, baina bertan behera geratu zen konfinamendua iritsi zelako. “Pandemiak harrapatu ninduen. Zorionez, testosteronarekin hasia nintzen eta dokumentazio izapide guztiak eginak nituen”, adierazi du Xabik irribarrez. Aitzitik, aldaketak oso poliki hasi ziren eta frustragarria izatera heldu zen. Etxean sartuta egunero ohetik altxatu eta ispiluaren aurrean jartzen zen, emaitzak ikusteko irrikaz: “Goiz batean bizarreko ile bat ateratzen zitzaidan, baina hurrengo egunean denak berdin jarraitzen zuen”. Halaber, konfinamenduak bere burua hobeto ezagutzen eta pazientzia izaten lagundu diola gaineratu du.

 

Ver esta publicación en Instagram

 

Una publicación compartida de Xabi BTX (@xabii.21)

Ekainean ospitaletik deitu zioten oraindik psikiatriatik igaro behar zuela esateko, eta gero endokrinoarengana bueltatu. Xabik bere kabuz lortu zuen prozesu osoa aurreratzea, eta azkenean, behar ez zuenean, bere txanda iritsi zen. Osakidetzan ordurako hormonak errezetatu zizkiotela ageri zen. Beraz, hara joan eta errieta egin zioten haien ikuskapenarekin ez hasteagatik. Dena den, ebaluazio diagnostikoa egin ziotela, galdera oso “estereotipatuei” erantzun behar izan ziela, eta testosterona erregulatu ziotela argitu du.

Orain 15 hilabete igaro dira hormonatzen hasi zenetik, eta aldaketa aro berri batean sartu da. Osasun publikoaren itxaron zerrendak amaigabeak dira oraindik ere, eta Xabik ispiluan bere behin betiko isla ikusi nahian jarraitzen du. Duela pare bat aste mastektomia egin zuen, eta oso urduri zegoen arren, espero bezala atera da: “Diru-bilketa bat egin nuen, nahi zuenak bide pribatua aukeratzen lagun ziezadan, trantsizioan azkarrago aurrera egiteko”. Sorpresa handia hartu zuen. Ez zuen espero herriko jendeak hainbeste babestuko zuenik. Genitalen aldaketei dagokionez, ez direla hain ohikoak jakinarazi du Bea Severrek. Faloplastiek ez dituzte baginoplastiek bezain emaitza onak, eta trans pertsonen nahia, nagusiki, kanpotik ikusten diren ezaugarriak aldatzea izaten da, hala nola bularrak edo bizarra. Bestalde, Xabiri datorren hilean obulutegiak kenduko dizkiote, hormonazioarekin bere funtzioa betetzeari uzten diotelako eta arazoak sor ditzaketelako.

Xabi Cabrera / Geuria

BEGIRADEZ HARATAGO
“Pertsona asko sartzen dira sexu-berresleipen prozesuan gizartean onartuak izateko, jendeak benetan sentitzen den bezala ikus eta irakur ditzan”, aipatu du Xabik, horrelako jarrerekin hautsi nahian: “Sozialki eraikitako ikuspegia dugu”. Duela gutxi arte, inork ez zekien errealitate ezberdinak zeudenik, eta Xabik, bere burua benetan den bezala onartzeko, gizarteak zeharka irakatsi dizkion gauza asko desikasi behar izan ditu. Berri Txarrak taldeak behar zuen babesa eman dio musikaren bitartez. Izan ere, ikasitakoa desikasten ikasi esaldia besoan tatuatuta darama, mundu osoari gomendatzen diona: “Jendea deseraiki egin beharko litzateke, kontatzen diguten guztia horrela ez dela konturatzeko”.

Trantsizio-prozesu guztiak ez dira berdinak. Naizeneko Bea Severren ustez Xabiren eboluzioa oso positiboa izan da, benetan bera dena izaten hasi denean loratu egin delako. Bere burua ezagutu zuenean, atseden hartu zuen. “Gezur batean bizi nintzen eta hau guztia pasatu behar izan dudan arren, merezi izan du”, dio harro. “Orain badakit nor naizen”.

Ikasitakoa desikasten ikasten
Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak