→Arrigorriaga

Arrigorriaga, inoiz baino antolatuago erantzun irmo baten alde

Urtarrilaren 12an pintada matxistak agertu ziren, bigarren aldiz, Arrigorriagako Institutuan. Pintadek herri osoaren gaitzespena jaso zuten.

Urtarrilaren 12an Arrigorriagako Institutuan agertutako mezu matxisten pintadak / Sare Sozialak

“Emakumeek gona eta elastikoak eramaten dituzue ipurdia erakusteko, baina gero ez duzue bortxatuak izan nahi”; edo zakila baten irudiaren ondoan idatzitako “honek mundua menperatzen du”. Horrelako pintadekin esnatu zen urtarrilaren 12an Arrigorriagako institutua, bigarren aldiz. Horiez gain, “arriba España” eta “fuck etarras” hitzak ere irakurri ahal ziren marrazki txikiagoetan. Gertakariaren irudiak eta esaldiak azkar zabaldu ziren sare sozialen bidez, ekintza horri eta haren egile anonimoari mezu gaitzesgarriak igorriz.

Nazka, tristura eta haserrea ziren nagusi. Gertakizunak Arrigorriagako emakumeak, zein arrigorriagarrak orokorrean, elkartu zituen, horrelako ideologia duten pertsonek herrian lekurik ez zutela serio esanez. Eguna hasi eta ahalik eta azkarren ezabatu zituzten Arrigorriagako langileek eraikinaren hormetan agertutako pintada matxistak. Institutuko koordinazioak adierazi duenez, mezu horiek ikasleengan izan zezaketen efektua ahalik eta azkarren “desagertzeko” ahaleginak egin zituzten. Noski, ondoren, haiekin gai horren inguruan lan egin zuten. Bestalde, gertatutakoa eskola publikoarekin eta institutuarekin zer ikusirik ez duen ekintza dela nabarmendu dute, bertan arnasten den atmosferan horrelako ideiak zabaltzen dituzten pentsaerek ez baitute tokirik.

2018an egindako pintada Arrigorriagako institutuan / Sare sozialak

HERRIAREN GAITZESPENA. Arestian aipatu bezala, herritarrak, pintaden zein horietan agertutako mezuen kontra agertu ziren, indarrez. Arrigorriagako Urruma Asanblada Feministak, Madalen eta Loturarik Gabe elkarteek, Udaleko Berdintasun Sailak eta herriko hainbat emakumek ere gogor gaitzetsi zuten gertakaria. Aurreko horiek guztiak elkartu eta mezuak baloratu ondoren, “zekenak” izateagatik arreta deitzen zutela adierazi zuten, pintadak egin zituztenen “maila baxua” agerian jartzen zutela gaineratuz.

Bestalde, horrelako mezuek herrian inolako babesik ez dutela baieztatu zuten talde feministek eta Berdintasun Sailak. “Arrigorriagako emakumeak inoiz baino antolatuago gaude, ahaldunduak eta elkartuak gure eskubideak lortzeko borrokan”, esanez erantzun zieten pintadei. Horrez gain, nahi bezala janzten jarraituko dutela, eta nahi duten pertsonekin nahi duten eran erlazionatzen segituko dutela nabarmendu zuten. Aurreko guztiarekin, atzera bueltarik ez duen bidea egiten ari direla argi utzi zuten, eta beraz, haien eskubide eta askatasunen alde indarrez borrokatzen jarraituko dutela baieztatu zuten.

Udalak ere gogor egin zuen pintaden kontra, Arrigorriagan horrelako ekintzek lekurik ez dutela esanez eta institutuan agertutako pintada matxistak “ekimen isolatuak” ez direla adieraziz. Izan ere, mezu horiek gero eta gehiago indartzen ari den jarrera bati erantzuten diotela jakinarazi zuten. “Inpunitate osoz ari dira eskuin muturrean kokatzen diren agenteak gero eta eraso gehiago egiten emakumeen aurka, garai bateko jarrerak gaur egunera ekartzen”, adierazi zuten Arrigorriagako Udaletik. Horrekin batera, udal gobernuak herrian oinarri eta balore jakin batzuk sustatu nahi dituela azaldu zuten, berdintasunean eta pertsona guztien errespetuan oinarritutako herria eraikitzea baita haien asmoa. Beraz, horrelako gertakariaren aurrean “beharrezkoak diren neurriak” hartzeko prest zeudela garbi utzi zuen Udalak. Hala ere, modu horretako ekintzek “denon erantzuna” behar dutela gogorarazi nahi izan zuten, eta horren ondorioz, arrigorriagarrek “nahi eta merezi” duten herria sortzeko helburuarekin herriko eragile sozialekin batera lan egingo duela gehitu zuen Udalak.

Zaratamoko eskolan agertutako pintadak 2019an / Zaratamoko eskola

PINTADEN AURREKARIAK HEGO URIBEN. 2018. urteko abenduaren 3an, Euskararen Egunean gertatu zen aurrenekoz Arrigorriagan. Kasu horretan, “feminismoa bai, baina bortxatuak izatea gogoko duzue” mezua zabaltzen zuen pintadarekin agertu zen institutuko euskal hizkuntzaren aldeko horma-irudi bat. Dena den, Arrigorriagako institutua ez da horrelako ekintzak jasan dituen Hego Uribeko zentro bakarra, joan den urteko martxoan Zaratamoko eskola izan baitzen mezu matxista hauen jomuga: ‘Stop feminaziak’, ‘Babestu umeak orain!’, ‘Scolae planari ez’, ‘Mutilek zakila dute. Neskek alua’ eta ‘Haurren mutilaziorik ez. Haurren hormonatzerik ez’ izan ziren kasu hartan genero berdintasunaren kontra agertutako mezuak.

Guraso elkarteak berdintasunaren alde eta martxoaren 8aren harira egindako hainbat ekintzen ondoren agertu ziren pintadak. Zaratamon emandako gertakari horrek ere zaratamarren gaitzespen osoa jaso zuen. Horren eraginez eta jarrera eta ekintza horien kontra, une hartan alkatea zen Jon Ajuriak premiazko bilera deitu zuen, eta bertan Udalak Besopean Guraso Elkartearekin, eskola zuzendaritzarekin eta Berdintasun Batzordearekin batera elkarretaratzea deitu zuen Elexaldeko plazan, herritar guztien artean gertakari hura gaitzetsi zezaten.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak