→Arrigorriaga

Iraia Urraca: “Herriko mugimendu kulturalak dira ilusio handienarekin hartzen diren proiektuak”

Gizarte zerbitzuetan langilea Arrigorriagan, herriko ekintzetan eta mugimenduetan parte hartzailea eta, tartea libre duenean, aktore. Batean edo bestean, seguru herrian ikusi duzula. Iraia Urracarekin egon gara

Iraia Urraca Dieguez / Geuria

Gizarte zerbitzuetan egiten du lan Iraia Urraca Dieguezek (Arrigorriaga, 1984). Gizarte Lanen eta Gizarte Hezkuntzako ikasketak bukatu ostean Arrigorriagako Udalean lan egiten hasi zen. Lanbide egonkorra eskuratu bazuen ere, Urraca betidanik erakarri du kultur mugimenduak eta Kabia Antzerki Konpainiako ikastaro amaierako antzezpen bat egiteko Alopargo taldea sortu zuen ikastaroko lankide batzuekin. Hortik aurrera, bokazioa bere pasioarekin uztartu du arrigorriagarrak: gizarte-lana eta antzerkigintza.

28 urte zenituela murgildu zinen antzerkiaren munduan. Zer dela eta? Neure burua pertsona espresibotzat jo dut betidanik eta jakin-mina betidanik eraman izan dut barruan. Ikasketa kontuengatik Ekuadorrera joan nintzen eta bizitzaren erritmoak egin nahi nuen hori burutzea galarazi zidan, nolabait. 28 urterekin antzerkira salto egiteko erabakia hartu nuen, eta harrez geroztik ez dut pasio hori askatu nahi izan.

Zer nolako ikasketak dituzu? Gizarte Lanen ikasketak burutu nituen eta bukatzean Gizarte Hezkuntzarekin hasi nintzen, lanarekin tartekatuz. Hori izan da berez nire lanbidea ikasketak bukatu nituenetik. Aurrerago, 28 urte nituela antzerkiaren inguruko formazioa jasotzen hasi nintzen. Ez zen araututako formakuntza izan berez, Bilbo Eszenak antolatzen zituen ikastaro batzuk baizik. Ikastaro horietan lehen harremana ezartzen zen antzerkiarekin, eta horrelako zenbait ikastaro egin ostean Kabia Antzerki Konpainiara egin nuen salto eta eurekin Sorkuntza Eszenikoaren lehen ikastaro luzean izan nintzen.

Antzerkiak jaten eman ez arren, lotura indartsua duzu arte eszenikoekin. Ez dut aukera horretan zentratu nahi izan, ez dut antzerkiaren esparruan buru belarri egon nahi izan. Gizarte hezkuntzarekin lotura duen lanean murgilduta nengoen eta arratsaldeak zein asteburuak libre nituen. Horrek aukera ematen zidan antzerkiarekiko formazioa jasotzeko.

Iraia Urraca Dieguez / Geuria

Hala ere, antzerkiko hainbat lanen parte izan zara. Kabian hasi nintzenean ikastaroa antzerki-pieza txiki batekin bukatzen genuen eta nirea Bertolt Brechten ‘Horacios y Curiacios’ izan zen. Kabiako Borja Ruiz zuzendariak obra horretatik hasita lan berri bat egin genezakeela esan zigun, horretarako konpainia propioa sortu behar genuela proposatuz. Alopargo sortu genuen eta gaur egun bertan dihardugu. ‘Horacios y Curiacios’ egin ahal izateko urte bi eman genituen eta emanaldiak egiten ari ginela Gaitzerdi teatrotik deitu ninduten. Eurekin lan egin nuen paraleloan, ‘Expediente 3 2 1’ antzezlanean eta Bilboko Gau Zurian profesional bezala lan egiten, bi urtez jarraian. Alopargorekin ‘Rebelión en La Granja’ ere egin genuen 2020ko maiatzean, estreinaldia Arrigorriagan bertan izanik.

Baina 2020a urte zaila izan zen, gero! Uda ostean areto-antzerkiko mekanismoa martxan jarri zen berriro, baina Koronabirusa dela eta urte bukaerarako eta 2021erako lotuta geneukan bira bertan behera utzi behar izan genuen. Biraz gainera, hainbat emanaldi ere pikutara joan ziren, zoritxarrez.

Nolakoa da Arrigorriagarekin daukazun lotura? Betidanik bizi izan naiz Arrigorriagan eta herriko hainbat mugimendutan egon naiz, eta antzerkiarekin hasi nintzenetik batez ere arlo kulturalean murgilduta egon naiz: inauteri herrikoiak, Gabonak, Euskararen Eguna…

Nola sortu zen Euskararen Eguneko bideoan parte hartzeko ideia? Herri honetako biztanleak ez gara asko eta elkar ezagutzen dugu. Udalak proiektu honen inguruko proposamena egin zion prentsa arloko arduradunari eta nire izena agertu zen. Herritik sortzen diren mugimendu kulturalak ilusio gehienez egiten diren proiektuak dira niretzat, jendeak ilusioa eta orduak ematen dituelako bertan inolako interesik gabe, eta horietan parte hartzeak benetan asebetetzen nau. Kulturgintzan eta sorkuntzan benetan sinisten dut.

Iraia Urraca Dieguez / Geuria

Nola konbinatzen dituzu lanbidea eta teatroa? Teatroarekin ez gara profesionalak gure proiektuek ez dutelako hiruzpalau hilabeteko lana behar estreinaldiak egin ahal izateko. Zentzu horretan amateurrak gara, eta astean behin edo birritan elkartzen gara taldekideok, lana pixkanaka-pixkanaka egiteko: azken batean, gainontzeko taldekideek ere euren lanbide propioa ere badute eta gure obrak zazpi edo zortzi aktorez osatutakoak izan ohi dira, oso koralak.

Koronabirusak zure lana ere baldintzatu izan du azkenaldian. Oso arraroa izan zen Mari Domingi pertsonaia maskararekin antzeztea. Mingarria izan zen niretzat, aktore bati ezin zaiolako ahotsa kendu edo aurpegia estali. Nire aurpegia gorputzaren atal garrantzitsua da adierazpenerako, eta ‘bozal’ hau jartzea benetan gogorra egin zitzaidan. Hala ere, tokatu zaigun egoera dugu honako hau eta osasun-neurriak bete behar ditugu. Koronabirusak bi eratan eragin die arte eszenikoei: kolpe ekonomikoa izan da alde batetik, ikuskizun bakoitzaren atzean langile ugari dagoelako: artea ez da abstraktua zentzu horretan. Beste alde batetik kolpe emozionala jasan dugu, sorkuntza prozesu batean denbora asko egon ostean proiektu bat bertan behera uztea eta etorkizunean zer gertatuko den ez jakitea kolpe izugarria da. Gorabehera emozional ugari sortzen dira orduan.

Nola moldatu zinen itxiera garaian teatroari dagokionez? Momentu hartan ezinezkoa zen etxetik ateratzea. Orduan, antzerkiaren kulturaren inguruko saioak jasotzen hasi ginen Borja Ruizen eskutik. Astean behin bere klaseak izaten genituen, eta kontaktua, dinamika eta gorputza faltan bota bagenituen ere saio horiek oso ondo egon ziren.

Kontakturik gabeko antzerkia egitea posible al da? Sorkuntza prozesu batean murgildu gara duela gutxi eta ez dago zertan kontaktu fisikoa egon beharrik. Kontaktua derrigorrez egon behar denean, osasun-neurriak betetzen dituzten metodoekin egiten dugu lan. Hala ere, sorkuntza ‘mahai gainean’ egiten hasi gara orain eta bufoien inguruko formakuntza-saioa jaso dugu: kontaktu fisikorik gabeko saioak egitea posiblea dela erakutsi digu esperientzia honek. Egoerara moldatzen joan gara astiro-astiro.

Osasun-egoera kili-kolo egon arren, Arrigorriagako Udalak osasun-neurriak betetzen dituen jarduera ugari abiarazi ditu Gabonez geroztik. Bizi dugun egoera txar honetan badira gauza positibo ugari. Antzerkiak eta kulturak orokorrean gizartean duen garrantziaz jabetu gara. Pertsona guztiok sentipenak askatu behar ditugu nolabait eta kulturak hori egiten laguntzen digu. Itxiera garaian musikari esker dantzatu ahal izan dugu eta zinemari esker arazoetatik urrundu egin garela uste dut, besteak beste.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak