→Arrigorriaga

Izen frankistak dituzten Arrigorriagako bi kaleen izenak ez aldatzea eskatu dute 475 herritarrek

Herritarren eta Udalaren arteko bilera / Arrigorriagako Udala

475 sinadura aurkeztu ditu herritar talde batek Udalari eskatuz herriko bi kaleen izenak ez aldatzeko. Kale horiek Lanbarketa auzoan dauden Pedro Muro eta Lepanto kaleak dira. Auzotarrek adierazi dute Udaleko inor ez dela eurekin harremanetan jarri kale-izenen aldaketen proposamenaren berri emateko eta, aldaketa eginez gero, horrek zein izapide egitera behartuko lituzkeen bertan bizi diren auzotarrak.

Maiatzean bildu ziren Joana Etxeberria politika feministako zinegotzia eta Maite Ibarra alkatea bera auzotarrekin. Sareetan zabaldutako zurrumurruak saihesteko asmoz, hainbat argibide eman zituzten udal gobernuko ordezkariek: batetik, Berdintasun plana aho batez alderdi guztiek onartutakoa izan zela; bestetik, Berdintasun eta Memoria Historikoaren inguruko politikek bat egiten duten proposamen bat dela kale-izendegiaren aldaketa. Azkenik, ekainaren 13ra bitartean prozesu parte-hartzailea ireki du Udalak.

IZEN BERRIEN PROPOSAMENAK
Berdintasun Kontseiluak eskatuta, Memoria Historikoaren Legea betetzen ez duten udalerriko kale, plaza edo kokalekuei buruzko informazioa bildu du Malmasingo Lagunak herriko elkarteak eta hiru kale-izen aldatzea proposatu du: Lepanto, Concha Espina eta Pedro Muro. Hirurak frankismoarekin lotura zuzena dutela ondorioztatu dute elkarteko ordezkariek, eta horiek aldatzeko aukera ezberdinak proposatzen ditu. Egindako ikerketa osoa eta proposamen ezberdinak irakurgai daude elkartearen atari digitalean.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak