→Arrigorriaga

Jose Luis Barroso: “Basurtuko Bizkortze Unitatean ohe guztiak beteta ditugu”

Abusuko erizainak lehen eskutik kontatu dizkigu Basurtuko Areiltza pabiloiko bizkortze unitatean koronabirusarekin izandako bizipen guztiak, eta pandemiak utziko digun balizko etorkizunaz egin dugu berba

Jose Luis Barroso Canales arrigorriagarra, erizaina Basurtun / Geuria

Basurtuko ospitaleko Areiltza pabiloiko bizkortze unitatean egiten du lan Abusuko Jose Luis Barroso Canalesek (Arrigorriaga, 1986) erizain bezala. 2016az geroztik ari da Bilboko ospitalean lanean eta oso gertutik bizitzen ari da koronabirusak eragindako ondorioak. Bere unitatean ebakuntza-gelatik zein larrialdietatik datozen gaixoak tratatzen dituzte eta unitate horrek berebiziko garrantzia hartu du birusaren ondorioz, bertatik igaro baitira covid-19ak kutsatutako gaixorik larrienak.

Covid-19ak arrigorriagarraren eta bere lankideen lan egiteko moduan eta bizitza pertsonalean eragin bortitza izan du, erizaintzatik harago. Momentu benetan gogorrak eta ahaztezinak bizi izan ditu 2020ko martxotik aurrera, eta gaur egun, Areiltzan birusaren aurkako txertaketak egiten ari dira. Horregatik bertara hurbildu ahal izan gara erizainarekin berba egitera. Argazkiak kanpotik egiteko aukera izan dugu soilik, mutazio berrien mehatxua ikusita, unitatea barrutik ikusi ahal izateko aukerarik ez dagoelako.

Nola hasi zinen erizaintzan?
Hasiera batean ez nuen erizaintzan jarduteko asmorik, ez zen nire ametsetako ogibidea. Institutua bukatu ostean ez nekien zer egin eta diagnosi-klinikoko laborategiko teknikaria izateko goi-mailako ikasketak egin nituen. Ikasketak bukatu eta gero, lagun gehienak erizaintzan hasten zirela ikusi nuen. Momentu hartan murgildu nintzen mundu honetan.

Egun Basurtun egiten duzu lan. Beti aritu izan zara bertan?
Basurtuko unitate koronarioan izan ziren nire hastapenak. Baina goizeko sei ordutako txandak egiteko eskaintza egin zidaten, formazio bezala. 2010ko udan hasi nintzen erizain bezala lanean, bizpahiru hilabeteko udako kontratu txikiekin. Hortik aurrera Gurutzetan, Galdakaoko ospitalean eta Basurtun egon naiz. Formakuntza trinkoa bukatu bezain pronto zerbitzu berezietan gelditu nintzen.

Zeintzuk dira zerbitzu berezi horiek?
Zerbitzu horietan dialisia, eguneko ospitalea eta larrialdiak bezalako espezialitateak daude. Lanean hasteko aukera ona izan zen, bertako zerrendatik jende askorik deitzen ziotelako lan egiteko eta bertan ikasitakoa benetan erabilgarria delako. Kontuan izan erizain arrunt batek batez besteko 10 gaixo artatzen dituela solairu bakoitzeko. Bada, zerbitzu berezietan erizain batek gaixo bi zaintzen ditu, eta lan izugarria da, gaixo bakoitzeko kontrol osoa izan behar duelako erizainak.

Ugaoko hilerrian, lore-sortak eta musukoak / Geuria

Gaur egun bizkortze unitatean diharduzu. Nolakoa da zure lana?
Basurtuko bizkortze unitatea bestelako ospitaleetan Zainketa Intentsiboen Unitatea dugu (ZIU). Zentzu literalean ez gara bizkortze unitatea soilik, horrela izatekotan ebakuntza-gelatik eratorritako gaixoak izango genituzkeelako bakarrik; larrialdietatik datozen gaixoak ere tratatzen ditugu.

Zelan dabil pabiloia koronabirusaren garai hauetan?
Covid-19a duten gaixoentzat 16 ohe ditugu gure unitatean, eta bakarra daukagu libre momentu honetan. Hasiera batean koronabirusak kutsatutako gaixo larrienak izan genituen gure unitatean, eta pabiloia gaixoz beteta izan genuen. Solairuko oheak beteta zeudenean, gainontzekoak beheko solairura eramaten genituen. Bizkortzeko unitatea jendez gainezka egoten hasi zenean, ospitaleko beste eremu batzuk betetzen hasi ziren. Momentu honetan Covid unitateak ireki eta itxi egiten ditugun momentu horretan gaude, eskariaren beharretara moldatuz, nolabait.

Koronabirusa iritsi zenean ez zegoen inolako protokolorik eta ezustean harrapatu gintuen. Inolako garapenik egon al da urtebete igaro ostean gaixoak tratatzeko orduan?
Egoerak aurrera egin ahala ikasten joan gara: EPIa nola jarri eta nola kendu, sedatutako gaixoek hobeto arnas egiteko birak nola egin… gaixo bati buelta ematea bezalako maniobra horiek lehen noizean behin egiten genituen, eta eguneroko eginkizuna dira gaur egun. Hilabeteetan zehar ezjakintasuna izan da jasandako beldur nagusia.

Olatuen garaian murgilduta, zer egiten ari gara gaizki?
Gizakiok uste dugu birus hau, gainontzeko gaixotasunekin gertatzen den bezala, ez dugula sekula pairatuko, eta errealitatea bestelakoa da: gaixotasun honek ezustean harrapa gaitzake. Gripearekin ere antzekoa gertatu zen eta jende askok jasan zuen. Fisikoki ikusten ez den gaitza denez, ez dugula jasango uste dugu. Gainera, denborak aurrera egin ahala erlaxatzen hasi gara eta beldurra galdu diogu koronabirusari.

Jose Luis Barroso / Geuria

Jose Luis Barroso / Geuria

Nolako eragina izan du birusak zure bizitzan?
Gurasoekin batera bizi naiz Abusun, eta lehen itxiera egin baino lehen herrira bidali nituen, Kantabriara. Uda ostera arte egon dira bertan. Egoera nolakoa den eta nik non lan egiten dudan jakinda etxera bueltatu ziren. Nire lankide askok erizainentzat prestatutako hotelean egiten zuten lo pasa den urteko udaberrian, senideak ez kutsatzeko prebentzio-neurri modura. Orain euren etxeetara bueltatu dira, segurtasun neurriak errespetatuz betiere. Hala ere, kutsatzeko arriskua hor dago, baina egia da gure unitatean ez dela kutsatze kasurik egon langileoi dagokigunez.

Nolako egoera bizi duzue ospitalean?
Egoera berri honek sortutako baldintzetan lan egin eta bizitzen ikasi dugu, gaixoak balizko hesi baten atzetik tratatuz (EPIa). Gaixoak isolatuta daude, bakardadean. Erizainaren betebehar nagusia gaixoa dugu eta oso gogorra da gaixo bat intubatzean agur esaten duen momentu hori gertutik bizitzea, geroa nolakoa izango den jakin barik. Askotan bizi izan dugun egoera da, eta badirudi ‘normalizatu’ dela. Askotan ez dakigu zer esan ere. Egoera oso gogorrak bizi izan ditugu denbora tarte oso txikian jende askorekin. Gure gaixoek, gainera, normala baino denbora gehiago ematen dute unitatean, 15 egun gutxienez, eta amaierak askotan garratzak izan ohi dira.

Orain txertaketa fasean gabiltza, eta zuk, osasun saileko langile bezala, txertoa jarri zenuen.
Txertaketa faseko lehen taldean nago eta egia da nekea eta sukar apur bat izan nuela. Egia da txerto batzuek eragin handiagoa izan duela pertsona batzuengan beste batzuengan baino, baina bestelako medizinek ere antzeko efektua sortu dute pertsona jakin batzuengan.

Zein jarri zizuten zuri eta zergatik ari dira egiten bereizketa hauek?
Pfizer txertoa jarri zidaten. Lehenengo txertoak nekea eragin bazidan, bigarrenak min muskular apur bat sortu zidan, mendira igo banintz bezalakoa. Argi berdea izan zuten lehen txertoak Pfizer eta Moderna izan ziren, eta horiek lehen taldera zuzendu zituzten. Astra Zeneca markakoari dagokionez, Osasun Sailak azaldu du ez dela gomendagarria 65 urtetik gorakoei jartzea, inmunitatea ez omen delako jende gaztearengan sortzen duena bezain eraginkorra.

Txertoa jartzearekin batera normalitatera itzuliko garela uste duzu?
Hori espero dut. Nagusien egoitzetan birusaren agerpenak ekidin dituzte. Hala ere, koronabirusak aldaera asko dauzka eta ez dakit behin betiko konponbidea izango den. Garrantzitsua da ahalik eta lasterren txertoa jartzea eta osasun neurriak betetzen jarraitzea, Gobernuak dioenari so eginez.

Zure unitateko covid gaixoen perfila aldatuz joan al da denborak aurrera egin ahala?
Hasiera batean jende nagusia eta jende askoz osatutako familiak geneuzkan gure unitatean, eta honek erakutsi digu senide eta lagunekin ere ezin dezakegula alarma jaitsi. Nire ustez, koronabirusarekin A gripearekin gertatu zenaren antzeko zerbait gertatuko da: birusarekin bizitzen ikasiko dugu, nolabait.

Baina A gripearen iraupena bestelakoa izan zen koronabirusarenarekin alderatuta.
A gripeak ez zuen Koronabirusak besteko kutsadura kasu eduki, baina gaur egun badira A gripearen ondorioz ospitalera datozen gaixoak. Gripea tratatzeko badago tratamendu eraginkorra, baina hala eta guztiz ere gaixotasun horrekin bizitzera ohitu gara. Koronabirusa behin betirako desagertuko den zalantza daukat, azken batean mundu mailan hedatu baita, baina bere eragina kontrolatu beharko litzatekeela uste dut, elgorriarekin edo baztangarekin iraganean gertatu zen bezalaxe.

Gauzak horrela, mehatxu gehiago izango ditugu etorkizunean?
Ziur nago. Gu geu gara munduko pandemia nagusia: Industria Iraultzatik aurrera neurri barik hedatu gara gizakiok planetan. Ekosistema baten parte gara, eta ekosistemek zirkulu-noranzkoa jarraitzen dute. Momentu honetan, gizakia munduko jaun eta jabe da, baina laster edo berandu gauzak aldatuko direla uste dut: planeta etengabe kaltetzen ari gara eta denbora kontua da aldaketa gertatzea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak