→Arrigorriaga

June Montero Viguera: “Autoritateak lortu egin du euren helburuen defentsan gizartea batzea”

Nola aterako gara krisi honetatik? Berdin jarraituko dugu edo aldatu egingo gara? Galdera hauen erantzun posibleak bilatzeko Historia ikasle den June Montero arrigorriagarrarekin luze egin dugu berba.

June Montero Viguera, historia ikaslea Gasteizen / Geuria

Historian letra larriz idatzita geratuko den gertakizun bat bizitzen ari gara. Birus batek mundua moteldu du, segundo batez planetak arnasa hartu du eta berriro martxa hartzen ari gara. Bizitzak ez baitu etenik. Historiak irakatsi digu hori. Baina memoria laburrekoak omen gara, eta egunetik egunera lausotzen zaigu 2008an gertatu zena. June Montero Viguera (Arrigorriaga, 2001) Historia ikasten ari da Gasteizko unibertsitatean. Munduaren historia ekonomikoa izeneko ikasgaian osasun krisia eta etorkizuneko ekonomiak lotzen dituen hausnarketa egiteko proposamena luzatu zien Iban Zaldua irakasleak eta arrigorriagarrak idatzitako hausnarketa interesgarria ekarri dugu orrialdeotara. Nondik norakoak ezagutzeko asmoz, Junerekin berbetan egon gara.

Krisiarentzat lau aterabide jasotzen dituzu hausnarketan.
Lau proposamen teoriko dira. Lehenak dio kapitalismoak bere azken hatsa hartu duela, hautsi egingo dela eta bere ordez sistema protekzionistago bat etorriko dela; herrialde batzuek aurrera egingo dute eta beste batzuk bidean geratuko dira. Bigarrenak dio krisiak metatzen ari direla, epe laburrean asko pairatu ditugula eta azken honek iritzi publikoari erasotzen diola; horrek zauria eragingo du gizartean eta muturreko ezker edo eskuma politikoak izango dira aterabide bakarrak, hau da, gizartearen polarizazio handia emango da. Hirugarrena idealistena da: gertatutako ‘zigor’ honengatik hausnartu eta ikasiko dugu, eta herrialdeen arteko elkarlana sortuko da, hau da, protekzionismoaren kontrakoa. Eta laugarrenak eta azkenak dio kapitalismoak aurrera jarraituko duela, etorkizun ezjakin batean, baina aurrera jarraitzeko gai izango dela.

Eta zeinekin zaude ados?
Bat aukeratu beharko banu, azkena aukeratuko nuke. Hala ere, uste dut badela zauri bat gizartean eta polarizazioa ematen ari dela. Era berean, politikatik erabat urrun dagoen gizartea ere existitzen dela esango nuke, borroka sozialetik kanpo.

June Montero Viguera / Geuria

Gaur egun posible al da iritzi publikoa esnaraztea?
“Iritzi kritikoa izan behar duzu”. Nork ez du esaldi hori noizbait entzun! Historia oso zabala da eta norberaren iritzia mugatua edo sesgatua izatea oso erraza da. Baina beharrezko tresnak ditugu iritzi kritiko bat sortzeko? Zein adinetatik aurrera izan dezakegu iritzi kritikoa? Esan, esaten da iritzi kritikoa izan behar dugula, iritzi publikoa esnarazi, baina gizarteak ez du laguntzen iritzi kritikoa sortzen. Esaterako, komunikabideak irakurtzen ikasi, iritzi ezberdinak jaso.

‘Black Lives Matter’ borroka txalotzen dugu. Gurean ere hildakoak egon dira, osasun krisiak asko utzi ditu.
Gurean beldurra dago: batetik, aspaldiko kontuetara itzultzeko beldurra; bestetik, erosotasuna galtzeko beldurra. Gainera, egoera behartuan dauden familien aldetik, pobrezia gero eta handiago izanda, oso zaila da erabaki gogorrak hartzea. Eta ustezko erosotasunean bizi direnek zertarako eragingo dute borroka sozialean? Zure galderari erantzunez, hori da iritzi publikoa.

Bizi duzun mundua gustuko duzu?
Ezetz esatea da erantzun logikoa? Ez dakit erantzuten. Uste dut mundua gustatzen zaidala, gauza asko aldatuko nituzke. Baina galdera horri ezetz erantzutea, ezin dela ezer aldatu, aldaketak ez daudela nire esku… Ez dut hori pentsatzen. Badakit modan dagoela ‘norberaren aldaketa txiki batek mundua alda dezake’ esatea. Ni ez naiz topatuko duzun pertsonarik borrokalariena. Eztabaidatzea gustatzen zait. Iritziak kontrajartzea. Pentsa, nire lagun bat zezenzalea da eta ni barazkijalea naiz. Nola pentsa dezake norbaitek hau kultura dela? Eztabaidak argudio sendoagoak izaten laguntzen digu, iritzi kritiko hori lantzen.
Baina esango nuke gero eta jende gutxiagori gustatzen zaiola eztabaidatzea, iritziak kontrajartzea. Gure iritziaren modukoak topatzen ditugu, onarpena lortze aldera, eta halako eztabaida erosoetan ematen dugu bizitza. Ni neu oso eroso nago nire kuadrillan: feminismoa, LGTBI, animaliak… Antzeko ideiak, eta denok pozik. Eztabaidak baditugu, baina lagunak izaten jarraitu behar dugu! Inguruan duzun jendea aldatzen denean, zure zutabeengan eragina du, gure sinismenak aldatzeak mina ematen du, iritziak zalantzan jartzen dituzu, sendotu edo moldatu.

“Zein erraz onartu dugun erakundeek goitik esan diguten guztia” esan zigun pandemia garaian elkarrizketatu genuen herritar batek.
Gainera askotan kontrajarriak izan direnak. Goitik hartutako erabakiak nahikoa izan dira gizarte oso bat oso modu errazean batera edo bestera moldatzeko. Aginteak lortu du gizartea batzea bere helburuen defentsan. Pentsa, Espainiako armada gure lurretara sartu zen eta gizartearen parte handi batek txalotu zuen.

Egia da gizarteak ez duela politikariengan sinisten, baina autoritateen aldetik iritzi bateratu bat heltzen bada konfiantza hori badago, nahiz eta argi eta garbi geratu den autoritateek ere ez zekitela (eta ez dakitela) osasun krisi honi nola aurre egin. Osakidetzaren eta Eusko Jaurlaritzaren iritzi nagusiak ezberdinak izango balira, orduan bai sortuko liratekeela iritzi ezberdinak, bi autoritateen talka bezala ulertuko lukeelako gizarteak. Baina hori ez da gertatu. Goitik iritzi osatu bat heldu da, osasun autoritateen oniritziarekin, eta oso espazio gutxi dago hor bestelako iritzi bat sartzeko. Eta mezu kontrajarriak izan diren arren, horiek zuritu egin dira. Egia da bestelako iritziak izan direla, jende askok uste du gauzak ez direla ondo egin, baina ez da iritzi bateratu bat sortu, inork ez du iritzi bateratu hori sortzeko ahalmena izan edo pausoa eman. Eta orain, zer? “Zuhurtzia”, “osasunaren alde jokatzea”, “ekonomia aurrera ateratzea”. Horiek entzuten ari gara, bat-batean dena bere onera itzuli dela dirudi, dena aurrera doa. ‘Normaltasun berri’ horretara heldu gara. Tabernak ireki dituzte.

June Montero Viguera / Geuria

Osasun krisiak gertutik jo zaituzte etxean.
Nire amama zahar-etxe batean dago. Ospitalera eraman zuten aldakan ebakuntza egitera eta orduan heldu zen koronabirusa. Zahar-etxera bueltan bi aste bakarrik eman behar izan zituen gelan, konfinatuta, ospitalean egon zelako. Bi aste bera bakarrik, bazkaria ekartzera eta oinarrizko laguntza ematera zetozen langileekin. Guk ezin genuen egoitzara sartu, baina ez zuten adinekoekin berba egiteko sistemarik eskaintzen. Nire amama triste zegoen, eta nire amama moduan beste asko. Telefonoz berba egiteko aukera bagenuen, baina ordenagailu bat eramatea bururatu zitzaidan eta bideo-deiak egiten hasi ginen. Arazoak arazo, elkar ikusten hasi ginen. Eta gure ostean, zahar-etxeak berak eskaini zuen bideo-deiak egiteko aukera. Hala, bere itxialdiko bi asteak pasa ziren, gelatik atera eta koronabirusa harrapatu zuen. Gogoratu hasiera batean ez zituztela testak egin zahar-etxeetan. Proba egin zioten, positibo eman zuen, ospitalera bidali zuten. Ia asintomatikoa izan bazen ere, apenas zuen sukarrik, baina ez zuen jaten. Ospitalez aldatu zuten. Oso larri egon zen. Egunek aurrera egin zuten, hobera egin zuen, ospitaletik atera eta orain ondo dago, ia 90 urterekin. Medikuek ez zuten ulertu zer gertatu zen, azalpen barik geratu gara. Eta gaitzerdi, hau historia on bat delako, baina zenbat atera dira gaizki zahar-etxeetan ez direlako gauzak ondo egin? Eta langileek ez dute errurik, goitik hartutako erabakiak izan dira. Teknologiaren baliabidea ere oso berandu eta trakets erabiltzen hasi dira.

Hausnarketa | Nahiago nuke oker egon

Egun, gizartean dugun teknologia erabiltzen ez dakigula agerian geratu da.
Oso gizarte teknologikoa garela diote, eta begira, ez dakigu existitzen den teknologia erabiltzen. Arrakala oso handia da. Hori batetik, eta bestetik, irakaskuntza presentziala, aurrez aurrekoa, ezin du pantaila batek ordezkatu. Ez da berdina. Ez da kalitatezko hezkuntza bat izan. Inplikazioa, galdera-erantzuna, sentimendua. Teknologia erabilgarria da, bai, eta egungo hezkuntzaren osagarri izan behar du. Era berean, egia da oraingo krisian inork ez duela behar beste denborarik eduki lana ondo prestatzeko.

Irakasle batzuek bideo-deien bidez eskaini dute euren gaia, eta beste batzuk ez dira agertu ere egin azken egunera arte. Azterketek pisu handia izaten jarraitu dute, bat bakarra kendu ziguten. Nahaste-borraste ederra izan da. Ez zegoen protokolorik. Azterketa asko apunteekin egin ditugu, eta apunteak ikasi beharrean, apunteetan gauzak bilatzen ikasi dugu.

Bost orduko azterketa eduki genuen, etxean, etenik gabe. Denok ikasgelan bagaude gogorra da, bai, baina denok antzeko egoera batean gaudela esango nuke: mahai berdinak, irakaslea ondoan, argia bera da, wifi konexio bera dugu… Baina etxean denok ez gaude egoera berean: zarata, argia, neba-arrebak, ordenagailua, interneteko sarbidea, familia arazoak…

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak