→Arrigorriaga

Karlos Aretxabaleta ‘Txapel’ek ‘KaixoMaitia’ kontakizun erotikoen lehiaketa irabazi du

Arrigorriaga BHIko Karlos Aretxabaleta euskara irakasleak (Rukoma, Ruanda, 1990) KaixoMaitia.eus-eko kontakizun erotikoen 1.000 euroko lehen saria eskuratu du diktadura garaian kokatutako kontakizun ‘ilun’ batekin

Karlos Aretxabaleta // Utzitakoa

Arrigorriaga BHIko Karlos Aretxabaleta euskara irakasleak (Rukoma, Ruanda, 1990) ‘KaixoMaitia’ kontakizun erotikoen 1.000 euroko lehen saria eskuratu du diktadura garaian kokatutako kontakizun ‘ilun’ batekin: “Erakunde klandestino bateko zeregin ilun bateko kide bik bizitzen duten esperientzia kontatzen dut bertan, euskaraz”, azaldu du Txapelek. “Sare sozialetan komentatu didate euskal gatazka aipatu ez arren, nire pertsonaiek laukidun alkondarak daramatzatela” (barreak). Afrikan jaio eta bizi ostean, Karlos Algortara joan zen bizitzera, eta bertatik, Arratiara: “Bizitza hemen oinarrituta izan dut eta hortik edan dut, noski. Hala ere, kontakizunari ez diot inolako izenik jarri nahi izan: azken batean, literaturan batzuetan esplizituak izatea ondo dago eta beharrezkoa da, baina beste batzuetan gaia nazioartekoagoa izan daiteke”.

Kontakizuna heteronormalitatetik atera nahi izan du Aretxabaletak: “Erakundean mutil bi daude eta burutu behar duten ekintzan batera daude. Ekintza burutzerakoan batek leher egiten du eta bestea, sosegua eman nahian, maitemindu egiten da”. Aretxabaleta poesiaren mundutik dator eta poesiaren esparruan noizean behin idatzitako lan horiek erotismo ukitu fina zutela aitortu du Arrigorriagako institutuko irakasleak.

Karlos Aretxabaleta, saria jasotzen // Karlos Aretxabaleta

Lehen hastapenak

Aretxabaletaren lehen pasarte erotikoa/gorea Xabier Montoia idazlearen ‘Non Dago Stalin?’ eleberria irakurtzen bizi zuen. “Pasarte oso gorea, bortitza eta zikina izan zen” aitortu du irakasleak.

Aurrenekoz 2016an Arratiako Kalenturak lehiaketara aurkeztu zen eta 2017an eskuratu zuen lehen aitortza. 2019an saiakera berria egin zuen beste kontakizun batekin eta Arratia mailako irabazlea izan zen: “Kontakizun hark ateak zabaldu zizkidan nire buruan zeuden trabak askatzeko, eta momentu hartik aurrera gehiago idazten hasi nintzen”, azaldu du irakasleak. Duela urte t’erdi Gaztezulo aldizkariarekin harremanetan jarri zen eta kolaborazioak egiten ditu euskal medioarekin. Aretxabaletak, euskaltegiko irakaslea zen garaian, Gaztezulon idatzitako kontakizun erotikoak eta bestelako pasarteak ikasleekin batera irakurtzen zituen.

XXI. mendean taburik ez dagoela azaldu du irakasleak: “Testuinguruaren arabera gehiago edo gutxiago askatzen gara. Lagunekin edo lagunik gabe parrandan egonda askatu ohi gara: alkoholak askotan desinhibitu egiten gaitu eta gai jakin batzuen inguruan berba egitera animatzen gaitu”. Bere hitzetan, alderdi literarioari dagokionez Aretxabaletak ez du esan nahi gizartea mugatua egon denik, baina eduki horien kontsumoak mugak izan dituela argitu du: “Gaur egun, kontaketa erotikoen lehiaketa irabazi dudala esateak ez du horrenbesteko belarriko minik ematen, baina badago oraindik gai horren inguruan eroso sentitzen ez denik: ziur nago pasarte erotiko batera heltzen eta berau arin batean saltatzen duen irakurlerik badagoela”.

Etorkizunari begira, ametsak dituela aitortu du Karlosek: “Des-kontrolen abestiak dioen bezala, ‘orain burua hotz eta bihotza bero’. Noizean behin idaztea gustatuko litzaidake baina presio handirik gabe. Lehiaketa honetan presiorik gabe aritu izanak fruituak eman dituela uste dut. Idazten jarraituko dut eta lehiaketa gehiagotan parte hartzea espero dut. Hau ez da hemen amaitu”.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak