Sareak

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako kiroldegiko irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo ditu aurten Udalak

|

arrigorriaga kiroldegia
Udal kiroldegian dauden irisgarritasun arazoak konpontzeko lanak egingo dira aurten kiroldegian / Arrigorriagako Kiroldegia

Udal kiroldegian dauden irisgarritasun arazoak konpontzeko xedez, Arrigorriagako Udalak aurten hainbat lan egingo dituela adierazi du. Eñaut Barandiaranek, kirol zinegotziak, adierazi duenez, “Arrigorriagako udalak, bere gobernu planean jasota du herrian irisgarritasuna hobetzeko hainbat lan egiteko asmoa, tartean udal kiroldegian. Herritarrengandik jasotako eskaera ere bada”.  “Irisgarritasunean hobekuntzak egiteko beharra handia da udal kiroldegian. Aipatutako horiek izango dira 2020an gauzatuko direnak, baina aurrerago ere beste batzuk egin beharko dira, herriko beste hainbat guneetan bezalaxe”, gehitu du Barandiaranek.

Aurten, kiroldegiko sarrerako bigarren ateetako bat aldatuko da, bi orriko atea ordezkatuko duen ate automatikoa jarriz. Horrela, atearen zabalera handitzea lortuko da eta atearen irekierak ez du bi ateen arteko espazioa hartuko. Horrez gain, tornuetaraino doan arrapalan eskubanda bikoitzeko baranda jarriko da eta frontoiko harmailetara doan eskailerari bigarren eskubanda jarriko zaio.

Bestalde, aldagela irisgarri bat ere sortuko da. Hori gainerako aldagelen lekuan egongo da kokatuta eta beharrezkoa duen edozein erabiltzailek erabili ahal izango du, bai mugikortasun arazoak dituzten erabiltzaileek, bai bestelako arrazoiengatik pribatutasuna behar duten pertsonek ere. Aldagelak dutxa, konketa eta komuna izango ditu.

Lan hauek egiteko, Arrigorriagako Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailetik 11.000 euroko diru-laguntza onartu du. Lan horien aurrekontua 43.000 euro ingurukoa izango da.

☉ Arrigorriaga

Bertsolaritzako eskolarteko eta taldekakoen finalak jokatuko dituzte Arrigorriagan

Final handia maiatzaren 25ean antolatu dute Arrigorriagako Elizondo tabernan

|

Bizkaiko bat-bateko eskolarteko txapelketaren hasiera, Getxon // Bizkaiko Bertsozale Elkartea

Maiatzaren 25ean Oinak buruan eskolartekoaren eta Bizkaiko taldekakoen finalak antolatu dituzte Arrigorriagan Bizkaiko Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen elkarteak, Eusko Jaurlaritza, Elkar eta Arrigorriagako Udalaren babesarekin.

10:00etatik 22:00ak arte prestatu dituzte finalaurreko eta final guztiak. “Arratsaldean zehar hiru taldez osatutako hiru finalaurreko jokatuko dira, eta saio bakoitzeko irabazlea gauean jokatuko den finalera sailkatuko da”, azaldu dute Bizkaiko Bertsozale Elkartetik.

Bazkaria ere egingo dute eta bertan parte hartu nahi dutenek esteka honen bidez eskuratu ahalko ditu txartelak.

Programa | Finalak 2024

Maiatzak 25, larunbata

10:00 Bizkaiko eskolarteko idatzizko finala
11:30 Bizkaiko eskolarteko bat-bateko finala
14:30 Bazkaria
16:00 1. Finalaurrekoa, Arrigorriagako eskola
17:30 2. Finalaurrekoa, kalean
19:00 3. Finalaurrekoa, kalean
22:00 Finala, Elizondo jatetxea

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Nerea Lupardo arrigorriagarrak Euskalduna jauregiko zuzendari izateari utziko dio

Arrigorriagarraren Kargu-uztea datorren astean iragarriko dute administrazio batzordean

|

Nerea Lupardo eta Euskalduna jauregia // euskaldunabilbao.com eta disfrutabizkaia.com

Lau urteko zuzendaritza lanak eta iazko jarduera ekonomikoan diru-sarreren marka hautsi ostean (zortzi milioi euroko diru-sarrerak eta 100etik gorako eragin ekonomikoa lurralde osoan), Nerea Lupardo Atutxa arrigorriagarrak Bilboko Euskalduna jauregiko zuzendaria izateari utziko dio datorren astean. Kargu-uztea datorren astean iragarriko dute admninistrazio batzordean.

Euskaldunako karguari heldu baino lehen, Lupardo Euskaltel enpresako Erakundeekiko harremanetarako zuzendaria izan zen 22 urtez (1997-2019), Arrigorriagako EAJko zinegotzia eta baita Bizkaiko legebiltzarkidea ere (1994-1996). 2021ean Bilboko Euskalduna jauregiko zuzendari kargurako hautatu zuten, gaur egun EiTBko zuzendari orokorra den Andoni Aldekoa ordezkatuz (2017-2020). Aldekoaren aurretik Jon Ortuzar izan zen jauregiko zuzendaria (1999-2017). Koronabirusak eragindako garaiak ziren Lupardok kargu berria hasi zuenean eta egoera horri aurre egin zion arrigorriagarrak zuzendari berri lez.

Lupardoren ondorengoen hautagaien artean Iñigo Iturrate EAJko parlamentaria dago, hiru hamarkada kargu publikoetan lan egiten egon ostean, Bizkaiko Batzar Nagusietan, besteak beste. Zuzendari berriaren izena Nerea Lupardoren kargu-uztea iragarriko duten ekitaldi berean emango dute jakitera.

Nerea Arrigorriagan jaio zen 1968an eta Zuzenbidean lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean. Bere ibilbide profesionala Euskaltel enpresarekin lotuta egon da, baina IZAITEko (Iraunkortasunaren aldeko Euskal Enpresen Elkartea) presidente ere izandakoa da (2014-2019), baita Kursaal Eszenako presidentea ere (2001-2019), erakunde eta entitate pribatuekin txandakatuta betiere.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Ilargikoak motozaleek 10. urteurrena ospatuko dute Ollarganen, larunbatean

Bazkaria, moto-jolasak, ibilbidea eta kontzertuak antolatu dituzte maiatzaren 11n, Ollarganen

|

Motozale bat // Jon Goikouria Larrabeiti

Maiatzaren 11n, eskualdeko motozaleek hitzordua dute Ollarganeko parkean, Abusuko Ilargikoak motozaleek 10. urteurrena ospatuko dutelako bertan. 10:00etatik 20:30ak arte jardueraz betetako programa izango dute 10:00etatik aurrera. Prestatutako jarduera guztien artean 11:00etan hasiko den moto ibilbidea ageri da.

Jardueran parte hartzeko prezioa 15 eurokoa da. Horren truke ongi etorri-kafea, bazkaria, oparia eta zozketa batean parte hartzeko txartela izango du motozale bakoitzak.

Programa | Ilargikoak X. urteurrena

Maiatzak 11, larunbata

10:00 Izen emateak zabalik.
11:00 Moto ibilbidearen hasiera Ollargan parkea
14:00 Moto ibilbidearen amaiera, Ollargan parkea
15:00 Parte-hartzaileen bazkaria
16:30 Kontzertua: Hambre
17:30 Moto jolasak
18:30 Musika saioa: Freyky DJ
20:00 Parte-hartzaileentzako zozketa
20:30 Musika saioa: Freyky DJ

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriaga Ostalaritza Aurrera kanpainak 600 euro zozketatuko ditu erosketa-txarteletan

Datorren asteburuan (maiatzaren 10, 11 eta 12an) ostalaritza saltoki bakoitzaren pintxo gogokoaren txanda izango da

|

Basauri Pintxo Festa, 2021ean // Geuria

Duela asteburu bi Arrigorriaga Ostalaritza Aurrera kanpaina abiarazi zuen Adecka merkatarien elkarteak Arrigorriagan: “Herriko ostalaritza aurrera dinamizazio-kanpaina apirilaren 26, 27 eta 28 eta maiatzaren 3, 4, 5, 10, 11 eta 12an antolatu dugu”, azaldu dute merkatarien elkartetik.

Herriko ostalaritza saltokiak bultzatzea helburu duen kanpainak tortilaren asteburuarekin hasi zuen ibilera apirilaren 26an, 27an eta 28an eta maiatzaren 3an, 4an eta 5ean gilda izan da tabernetako protagonista. Datorren asteburuan (maiatzaren 10, 11 eta 12an) ostalaritza saltoki bakoitzaren pintxo gogokoaren txanda izango da.

Pintxoen asteburuan Adecka merkatari elkartean izena emanda duten tabernek hartuko dute parte: Imara kafetegia, Kuluxka taberna, Niko kafe taberna, Coyote taberna, Kaserio taberna, Poli Berria jatetxea, Mississippi kafe taberna, Embrujo kafe taberna, Nagusien Etxea taberna, Ibai taberna, Goikiri taberna eta Aiensa jatetxea.

Parte hartzeko asmoa duten interesdunek txartel bat jasoko dute kanpainan parte hartzen duten ostalaritza saltokietan. Berau behar bezala bete eta 100 euroko baliodun sei erosketa-txartelen zozketan parte hartuko dute: “Sei irabazleek 15 eguneko epea izango dute erosketa-txartelak kontsumitzeko. Horrenbestez, iraungitze-epea 2024ko ekainaren 3an, astelehena, izango da”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Abusu Castingeko Mikel Jimenezek Espainiako txapelketa irabazi du euli-arrantzan

Lehiaketa joan den apirilaren 25etik 28ra antolatu zuten Asturiaseko Piloña ibaian eta Arrigorriagako arrantzaleak esperientzia polita bizi zuela azaldu dio GEURIAri

|

Mikel Jimenez // Carlos Bobela

Abusu Castingeko Mikel Jimenez arrantzaleak Autonomia Erkidegoen arteko Espainiako Txapelketa irabazi du Euskadiko Selekzioarekin Euli Salmonidoen espezialitatean, joan den apirilaren 25etik 28ra Asturiaseko Piloña ibaian antolatutako lehiaketan. Abusu Castingeko Ander Perez Larruskainek zilarra lortu du bakarkako txapelketan. Asturiasen jokatutako txapelketa puntuagarria izan da Mundu txapelketarako.

Bestalde, Abusu Casting klubeko Iván Sánchez eta Manuela Lancharro kirolariak Bizkaiko txapeldunak izendatu dituzte binakako kortxo modalitatean, eta zilarrezko domina ere Abusuko Castingean lortu da ere, Ricardo Ribote eta Luis Gonzalo Martínez arrantzaleentzat.

“Esperientzia oso ona izan zen Asturiasen bizitakoa”, azaldu dio GEURIAri Mikel Jiménezek, “azken batean, lehiaketak izanik ez du zerikusirik arrantza modu librean praktikatzearekin, estresanteagoa delako. Taldekako sailkapenean oso ondo lotu ginen ere. Beraz, emaitzarekin konforme gaude”, aitortu du Abusuko klubeko kirolariak.

Euskadiko selekzioko irabazleak, Asturiasen // Abusu Casting Klub

Ur gozoetan, gatz

Asturiasen bizitako zailtasunaren inguruan galdetzean Jimenezek “gatza” izan zela azaldu dio GEURIAri: “Bigarren egunean euria egin zuen gaualdean eta erreka lupetzaz bete zen. Ondorioz huts asko egon ziren eguneko emaitzetan, baina ezin zen gehiagorik egin egoera hartan”.

Mikel Jiménez, harrapaketa bat ikusten // Abusu Casting klub

Euli salmonidoa edo euli arrantza espezialitatean aritu ohi da Mikel. Arrantza modalitate guztiekin bezala, kainabera eta karrete bat dauka arrantzaleak, baina jaurtiketak egiterakoan euli bat jartzen da amuan. Euli hori pisu txikikoa izanik (luma eta ile naturalez eginda daude), zartailu bat erabiltzerakoan egin beharreko antzeko mugimenduak egiten dira, pita bera eulia baino pisutsuagoa delako.

Mikel Jiménez: “Edozein motako amuarrainak arrantzatu daitezke teknika horren bidez, baina baita marrazoak ere”

Euli-arrantzaren modalitatearen bidez hainbat espezie harrapatu daitezke bai ibaian, bai itsasoan. “Edozein motako amuarrainak arrantzatu daitezke teknika horren bidez, baina baita marrazoak ere”, esan du Abusukoak. “Ez da ohikoena baina lurralde jakin batzuetan euli-arrantzaren bidez itsasoan arrantzatzeko ohitura dute, euli handien bidez”.

Mikel, duela urte batzuk, euli arrantza praktikatzen // Carlos Bobela

Arrantzan, non-nahi

Amuarrainen sasoia ez denean, neguan (eta denbora duenean), Mikelek kainabera hartu eta itsasora joan ohi da entrenamendu saioak egitera: Laida, Elantxobe…

Eskualde eta Bizkaiko ibaiez berba egitean ez ditu begi onekin ikusten: “Gipuzkoakoekin alderatuta, Bizkaiko errekak nahiko txarto daude”, dio kirolariak. “Hemen ez dago errekak zaintzeko ohiturarik, orokorrean. Gipuzkoan, herritik gertu igarotzen diren erreketan sekulako amuarrainak ikusten dira. Bertan arrantzatzean, arrainak ez dira leku horietatik mugitzen. Bizkaian, ostera, inork arrantzale bat amuarrainak arrantzatzen ikusten badu, hurrengo egunean ziurrenik ez da arrainik egongo bertan, ez dagoelako errekak zaintzen dituen basozainik bertan”.

Mikel Jiménez: “Gipuzkoakoekin alderatuta, Bizkaiko errekak nahiko txarto daude”

Horregatik, entrenamendu saioak egiten dituenean (asteburuetan edo hilabetean hiru aldiz gehienez) ibaietan egin behar dituen bakoitzean autoa hartu eta Gipuzkoara abiatzen da, Andoain, Tolosa edo Leitzako alderantz, Gipuzkoako aldean: “Bizkaiko errekak aspaldi utzi nituen, sikeran Balmaseda inguruko erreketan, baina ezer gutxi”.

Osorik irakurri