→Arrigorriaga

Arrigorriagako Kultur Etxeko ikasketa-gelak ordutegia zabalduko du unibertsitateko ikasleentzat

Arrigorriagako Kultur Etxea // Geuria

Ikasleek unibertsitateko azterketak eta bestelako ikasleek azterketak presta ditzaten, Arrigorriagako Kultur Etxeak ikasketa-gelako ordutegia zabalduko du abenduaren 5etik 24ra, ateak astelehenetik igandera zabalduz: ikasgelak 09:15etik 14:00ak arte irekiko ditu ateak eta arratsaldean, 15:00retatik 20:30ak arte. Aurten, gainera larunbat eta igandeetan zabalik egongo da 09:15etik 20:30ak arte, etenik gabeko ordutegian. Gainera, abenduaren 8an eta 24an (jaiegunak biak) goizez irekita egongo da ere, 09:15etatik 13:45ak arte.

Gazteak, Kultur Etxearen parean // Geuria

“Urte osoan zehar Kultur Etxeak ikasteko gela bat du, baina hurrengo deialdian pentsatuz, espazioen eta ordutegien eskaintza zabaltzea erabaki dugu. Ekimen honen helburua ikasleen beharretara egokitzea da, eta espazio eroso, lasai eta segurua eskaintzea” azaldu du Iratxe Rubio kultura zinegotziak.

Gaur egun 44 leku dauzkate ikasleek erabilgarri azterketak prestatzeko, doako wifi konexioa eta entzumen-babesak debalde erabiltzeko aukerarekin. Egunek aurrera egin ahala ikasgelaren erabilera baloratuko duela adierazi du Arrigorriagako Udalak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak