→Arrigorriaga

Luken Hernandez: “Beste kiroletan ikusi ez dudan umiltasuna bizi izan dut eskalatzen”

Luken Hernandez / Utzitakoa

Txiripaz deskubritu zuen Luken Hernandezek (Arrigorriaga, 1995) eskalada. Saskibaloian aritzen zen bera, Paduran, eta entrenamendu batetik irteterakoan eskalada-murrura (rokodromora) joateko gonbita luzatu zion lagun batek. “Zergatik ez?”, pentsatu zuen, eta han azaldu zen biharamunean, bakeroak jantzita, eskalatzeko prest. “Ordura arte Gabonetako PINean ikusitakoarekin bakarrik identifikatzen nuen eskalada”, aitortu du arrigorriagarrak. Etxera bueltatu zen korrikan kirol zapatila eta praka batzuen bila, eta orduan bai, bere lagunarekin batera eskalatzen hasi zen. Hura izan zen bere lehen eguna, 15 urterekin, eta ordutik ez da gelditu. Eskaladaz eta kirol honen inguruan mugitzen denaz berba egin dugu berarekin.

Txiripaz hasi zinela diozu.
Nahiko modu bitxian hasi nintzen, egia esan. Gogoan dut saskibaloiko entrenamendu batetik irtetean lagun batek esan zidala hurrengo egunean Basauriko rokodromora joan behar zuela, eta ea berarekin joateko interesik nuen. Hormetara igotzea eta lurrera erortzea? Ez, barkatu. Baina, ez dakit zergatik, baliteke entrenamendutik oso motibatuta nentorrelako-edo, ez dakit, proposamena onartu nuen.

Zer behar da eskalatzen hasteko?
Batez ere, motibatuta egotea. Kirol hau ez da beso batekin dominadak egitea bakarrik. Behin eta berriz probatu eta behin eta berriz huts egitea da. Apurka-apurka, baina, bazoaz hobetzen, eta sekulako asebetetzea sentitzen duzu aurrerapauso txikiren bat ematen duzun bakoitzean. Materialari dagokionez, behar duzun lehen gauza oinarrizko katu-oinak dira: Decathloneko 30 eurokoak, adibidez, nahikoa dira eskalatzen hasteko. Magnesioa eta hura gordetzeko zakutxoa ere garrantzitsuak dira, noski, eskuak izerditu ez daitezen. Blokean eskalatu nahi baduzu, ‘crash pad’ bat erosi edo bat baino gehiago duen lagunen batekin joan beharko duzu. Ni sokarekin hasi nintzen, eta horrek material gehiago eskatzen du: soka, arnesa, kilkerra, mosketoia eta express zintak. Hori da, funtsean, soka -edo bloke- saio baterako behar duzun materiala, betiere kontuan hartuta sokarako taldekide bat beharko duzula nahitaez (autoasegururik ez baduzu). Blokerako, berriz, zure kontura joan zaitezke koltxoneta batekin.

Hego Uriben non eskalatu daiteke?
Arrigorriagan nahiko egoera tamalgarrian dagoen rokodromo bat dago. Lastima, gero eta jende gehiagok praktikatzen baitu kirol hau gure herrian. Ni Basaurin hasi nintzen eskalatzen. Rokodromo txikia da, eta presak ez dituzte askotan aldatzen. Gasteizera edo Kataluniara mugitu izan ez banintz… Ez dakit ba nik. Niretzat meritu handia du hemen inguruan bakarrik eskalatzen duen eta oso motibatuta jarraitzen duen jendeak. Dena den, inguruan badaude aukerak, eta horietako batzuk ez daude horren gaizki. Galdakaon kiroldegiko rokodromoa dago, Etxebarrin ere bada beste bat, Ugaon kiroldegikoa eta rokodromo pribatua daude. Aipatutako guztiek “old school” settinga dute. Niretzat, aukera horietatik guztietatik, zalantzarik gabe, Ugaon dagoen rokodromo pribatua da onena. Entrenamendu ona egiteko beharrezko tresnak ditu, eta presak, era askotakoak. Dena den, nik Leioako eta Dimako rokodromoetan entrenatzen dut Arrigorriagan nagoenean. Eta, aukeratzekotan, Katalunia aldea aukeratuko nuke Estatuan.

Besoez eta eskuez aparte, oinak eta hankak oso garrantzitsuak dira kirol honetan, ezta?
Hankek berebiziko garrantzia dute eskaladan. Gorputzaren posizioak eragin zuzena du zure pausoetan, eta beti ez da besoetatik tira egin behar aurrera egiteko (nahiz eta batzuetan ez den beste erremediorik geratzen). Indarrean baino, mugimenduen abilezian dago gakoa. Beraz, ez beldurtu. Besoetan indarrik ez duzula pentsatu arren, proba ezazu eskalatzen. Indarra denborarekin hartuko duzu.

Luken Hernandez / Utzitakoa

Kirol arriskutsua dela ere pentsatuko du askok.
Kanpotik begiratuta, pentsa daiteke hormara igotzen zaren bakoitzean zure lepoa jokatzen ari zarela. Barruan zaudenean baina, konturatzen zara ez dela guztiz horrela. Bistan denez, beti dago arrisku faktore bat, baina oinarrizko segurtasun neurri batzuk betez gero, ez da ondoko herrira autoz joatea baino arriskutsuagoa. Oro har, ezagutza falta handia dago kirol honen inguruan.

Zer eskalada mota praktikatzen duzu zuk?
Kirol eskalada. Hau da, 40 metro inguruko ibilbidea duten hormak eskalatzen ditut soka baten laguntzaz, aurrez harkaitzean finkatuta dauden aingura batzuk baliatuz.Igo ahala, soka aingura finkoetan lotzen dut ‘express’-en laguntzaz. Ibilbidearen amaierara iristean, kate bat dago, eta hortik zintzilikatuta jaisten naiz. Horma luzeetan ez bezala, kirol eskaladan ia denbora gehiago pasatzen duzu lurrean eskalatzen baino, zure kidea horman dagoen bitartean zu soka eman eta estutzen ibili behar zarelako.

Nola igarri duzu eskaladaren eragina zure gorputzean?
Eskalatzaileak, normalean, nahiko gorputz fibratua izaten du. Ez da gihartsuegia izaten eta gantz indize oso txikia du. Hau dena, noski, praktikatzen duzun maiztasunaren araberakoa izaten da. Atzamarrak ere pixka bat loditzen zaizkizu eskuetako tendoiak jasaten duten hipertrofiagatik. Azkenik, gure gorputzaren proportzioa kontuan hartuta besoak luzeak izaten ditugu, eskalatzen ez duen jendearekin alderatuta. Nik ez dut azken baldintza hori betetzen, baina eskaladan aritzen diren kirolarien joera orokortu bat da.

Zer ematen dizu eskaladak?
Kirol honek beste ezerk ematen ez didan lasaitasuna ematen dit. Erabateko deskonexioa da. Horma-bide bat eskalatzen ari zarenean eta hurrengo pausoak ahalegin berezi bat eskatzen dizunean, une horretan modu ikaragarrian fokalizatzen duzu zure arreta. Zure bizitzako gainerako alderdiak bigarren plano batera pasatzen dira; ez dago denborarik, ez dago lanik, ez dago ikasketarik. Zu eta haitza bakarrik zaudete, eta garrantzitsuena hurrengo heldulekura heltzea da. Hori da zure burutik pasatzen den gauza bakarra, besterik ez. Axola duen guztia hemen eta orain dago. Hori da niretzat eskaladak duen gauzarik politena eta sentsazio hori bizitzeagatik bakarrik merezi du eskalada probatzea. Kontzentrazio konstantea behar duzu. Arreta galduz gero, mugimenduak kateatzeko aukera galtzen duzu; eskalatzeko jokoak horrela funtzionatzen du.

Luken Hernandez / Utzitakoa

Ze giro arnasten da rokodromo eta harrizko hormetan?
Giroa asko aldatzen da bata eta bestearen artean, baita rokodromo motaren arabera ere. Nire esperientziaren arabera, rokodromo “komertzialenetan” aisialdi giroa nagusitzen da, jendea ondo pasatzera doa hara. Aldiz, “old school” egitura duen rokodromo batean, oro har, jendea entrenatzera joaten da, kronometro gehiago ikusten dira atsedenaldiak kalkulatzeko… Horrek ez du esan nahi rokodromo komertzialetan ez direnik ikusten, hauetan ere jendea entrenatzen da eta oso indartsu daude. Horma naturala entrenamenduetako rokodromoaren erabateko kontraposizioa da. Jendea patxada gehiagorekin joaten da, kronorik gabe. Bakoitzak behar duen atsedena hartzen du mugimendu eta mugimendu artean, bere gorputzaren arabera egoki deritzona, inolako presarik gabe; nekatuta dagoela ikusten badu, ez du beste ahaleginik egiten. Oro har, bi lekuetan giro polita izaten da. Bizi duzun unearen arabera, hobe bata edo bestea.

Zer nolako pertsonak ezagutu dituzu eskalatzen?
Eskaladaren mundua oso umila da. Oro har, horma naturaletara joanez gero, fama handia duen eskalatzaileekin egingo duzu topo eta naturaltasunez agurtuko zaituzte. Hau ez dut beste kiroletan ikusi; elitea beti dago besteengandik “bananduta”.Eskalada mundu lehiakorra da, baina zuk aukeratzen duzu norekin lehiatu. Hau da, lehiaketa arrunta lehiatu gura ez baduzu, lehia zeure buruarekin egin dezakezu. Bestalde, kultura ezberdinak batzen ditu eskaladak. Gurera nazioarteko jende asko etortzen da eskalatzera, eta komunean duzun faktorea eskalada denez, elkarrizketa abiatzea oso erraza izaten da. Atzerriko lagun asko egin ditut eskalatzen.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak