☉ Arrigorriaga
Maider Altuna: “Gizartea aldatzen doan heinean bertsolaritzak ere aurrera egiten du”
Esperientzia pertsonaletik bertsolari gazteen belaunaldi berriari erreparatu dio Maider Altuna arrigorriagarrak. Plazarik plaza, euskal kulturarekin batera, gizarten dauden ikuspuntu ezberdinak aldarrikatu beharra nabarmendu du

Goiz hasi zen Maider Altuna (Arrigorriaga, 2002) bertsolaritzan. Gaur egun Arrigorriagako Bertso-Eskolan dabil. 18 urte ditu Maiderrek, eskarmentu handiko 18 urte. Euskal Filologia ikasketak hasi berri ditu, hizkuntzalaritza eta literatur alorrean sakontzeko asmoz. Eta bertsolaritza txapelketei dagokienez, Bizkaiko Eskolarteko idatzizkoan hirugarren postua lortu zuen 2017an eta 2018an. Halaber, bat-bateko modalitatean finalista izatera heldu da azken urteetan. Aurtengo ikasturte hasieran Berrizen izandako Udaberria Bertsotan txapelketan bosgarren postua eskuratu zuen eta, aurten ere, Hego Uribe eskualdeko taldearekin Bertsolari Gazteen BBK Sariketako finalean egon da.
Baina, zein izan zen bertsolaritzarekin izan zenuen lehen harremana?
Nire gurasoak betidanik izan dira bertsozaleak eta, batera edo bestera, beti izan dut gertu bertsolaritza. Baina benetan polita iruditu zitzaidan lehen harremana bertso udalekuetara joan nintzen lehenengo urtean izan zen, 2014an. Hasieran kostatu egin zitzaidan bertsoak egitea eta ez nuen bertsolaria izatea nahi! Hurrengo urtean, Gipuzkoako txapelketa nagusiko finalera joan ginen lagunok eta gustatu egin zitzaidan. Institutuan, jantoki orduetan, bertso-eskolan hasi nintzen eta pixkanaka-pixkanaka zaletu nintzen. Eroso sentitzeko eta gai ezberdinen inguruan hausnarketa egiteko eraiki dugun espazio bat da bertso-eskola. Asko ikasi dut ikuspuntu horretatik begiratuz eta giro ederra sortzen dugu bertsolaritzaren inguruan.
Bertso-sorkuntzan aritzeak badu, zure ustez, hizkuntza-gaitasunean eraginik?
Faktore askok baldintzatzen dute euskararen erabilera. Adibidez, asko irakurtzen duen pertsona batek hitz egiten duenean, baita bertso bat egiten duenean ere, nabarmena da euskara erabiltzen duela, irakurriz, idatziz edo dena delakoa. Hitz asko entzuten ikasten da. Nik orain erabiltzen ditudan hitz batzuk ez nekien existitzen zirenik ere! Beraz, zalantza barik, bertsolaritzak hizkuntzaren ezagutza maila handitzen laguntzen du.
Eta mundu-ikuskera eta harremanak sortzen?
Ni oso goiz hasi nintzen bertsolaritzaren munduan apurka-apurka sartzen, eta asko lagundu dit bertsolari bakoitzak gai honi edo bestari buruz nola kantatzen duen entzuteak, beste ikuspuntu batzuk ikusi eta ulertu ditudalako. Harremantzeko modua eta nire izaera bera asko aldatu dela esango nuke. Eta dena hobera. Gaztetan identitate bat eraikitzeko tresna ere badela uste dut, plazetako esperientzietan oinarritutakoa.

Maider Altuna / Olaia Martín Núñez
Euskal adierazpen kulturalaren garrantzia aipatu duzu.
Nik oso presente daukat nire bizitzan, pisu handia du niretzat. Nire ingurukoek, aldiz, egunerokoan ez dutenez barneratuta agian ez diote nik ematen diodan garrantzia bera ematen. Ez dakit kulturalki eta sozialki baloratuta dagoen, subjektiboa dela esango nuke.
Lehen aipatu dugu: 18 urte eta 18 urteko eskarmentua.
Oraindik asko dut ikasteko eta daukadanaz gozatzen ere ikasi behar dut. Ez dut helburu zehatzik, denbora luzez jarraitu nahi nuke bertsotan. Askotan pentsatu dut “oholtzara irten, abestu eta kito” dela, baina askoz gehiago da. Jende ezberdina ezagutzeko eta harremanak egiteko ematen dizkizun aukerak bertsolaritza ere badirela esango nuke, eta hori guztia uzteak pena emango lidake. Plaza batera joateko deitzen didaten bakoitzean baietz esaten dut, sortzen den giroa gustatzen zaidalako eta saio guztietatik zerbait ikasten dudalako.
Bertso-saioei erreparatuta, gaiek bertsolariaren ahalegina baldintzatzen dute?
Dezente. Botatzen dizkiguten gai asko oso interesgarriak dira. Gaia nondik bideratu edo buelta ondo eman ez diozunean pena ematen du, beste bertsolari batzuk egingo balute primerakoa izango zelako. Honekin esan nahi dut zaila dela gai bat nola jorratu asmatzea, baina arestian esan bezala, entzuten ere asko ikasten da. Izugarrizko urduritasun sentsazioa izaten dut nik oholtzara igotzen naizen bakoitzean, baina lehenengo agurra kantatu ostean berehala lasaitzen naiz.
Datorren saioei begira, zer espero duzu?
Hilabete hauetan baditut batzuk lotuta eta oso motibatuta nago. Oraingoz ez dut lehiaketarik, orduan presio barik eta gogotsu gozatzera noa. Bizkaiko txapelketara joan nintzenean, egia esan, ez nuen presiorik izan: banekien ez nuela inora iritsi behar, ez nuela ezer frogatu behar, eta, orduan, nire buruari erakutsi nion hara igotzeko gai nintzela.

Maider Altuna / Olaia Martín Núñez
Bertsolaritza-baserri girotik bertsolaritza-hiri girora.
Bada nik kantatzen diren gaiak nabarmenduko nituzke batez ere. Bilakaera handia egon da gaietan. Antzinako bertsolaritzan, ziurrenik, baserri giroarekin zerikusia zuten gaiak landuko zituzten, modu naturalean. Gaur egun, era berean, gizartean dauden arazoei buruz modu zabal batean hitz egiten dugu. Azken finean, gu ez gara duela berrogeita hamar urteko gazteak, beste kezka batzuk ditugu. Gizartea aldatzen doan heinean bertsolaritzak ere aurrera egiten du eta oso modu positiboan baloratuko nuke nik hori. Gazteek eutsiko diote bertsolaritzari. Gainera, asko eta oso onak daude. Nik ezagutzen ditudanetatik, batek baino gehiagok ibilbide luzea egingo du.
Genero ikuspuntutik ere bilakaera handia egon da.
Aspaldian mutilak bakarrik aritzen ziren bertsotan eta orain neskak ikus ditzakegu. Ahizpatasun bat dagoela esango nuke eta horri ikusgaitasuna ematen zaiola. Adibidez, emakumeenak diren bertso-saioak egiten dira, emakumeen inguruko gaiak lantzen dituztenak. Kopuruari dagokionez, saio askotan gizonen eta emakumeen arteko oreka lortzen saiatzen dira. Nik, orokorrean nire ingurua aztertuta, nahiko parekatuta ikusten dut gaur egungo panorama. Argi dago inkorporazio fase bat egon dela, feminismoa bertsolaritzara ekarriz.
Eta etorkizunera begira, aurrerapausoren bat ematen ari zaretela uste duzu?
Hori pentsatzea gustatzen zait. Inguruan ditudan bertsolari gazteak ‘ezagunak’ izatera helduko dira etorkizunean eta oso gauza politak dituzte gizarteari esateko, bakoitzak bere pentsamendua aldarrikatuz. Nire ustez, aldarrikapen horrek ateak irekitzen ditu, belaunaldi ezberdinek gizarteari ikuspuntu desberdinetatik begiratzen diotelako. Feminismotik begiratuta ere iritzia oholtzan azaleratzen duten emakume asko daude. Potentziala badago eta bertsolaritzak luzaroan jarraituko du. Gainera, plaza eredua berritu da eta giro euskaldunak jarraitzen du. Nire giro euskaldunena bertsolaritzaren ingurukoa dela nabarmenduko nuke, euskara hutsean mintzatzeko espazioa sortzen delako guztion artean.
Bertsolaritzan ibilbidea egiten duzun heinean, erantzukizun handiago sentitzen duzu?
Asko pentsatzen ditut egin eta esaten ditugudanak. Oholtzara igo aurretik nire buruari beti honakoa galdetzen diot: zer gertatu da eta zer esango nuke nik honi buruz, edo, zer esan beharko nuke. Gai zehatzei buruz hitz egiteko erantzukizuna ere badago; gauza batzuk oraindik esateko daude eta, beste batzuk, esanda egon arren, gaur egunera arte iritsi dira eta sustatzen jarraitu behar dira. Nire ustez, pentsamenduak eta ideiak aldarrikatzen jarraitu behar da, beti.
☉ Arrigorriaga
Dozenaka autoren arteko legez kanpoko lasterketa eragotzi dute Mendikosolon
Polizia Mendikosolora hurbildu eta Basauri, Bilbo, Arrasate, Balmaseda, eta Gasteizetik etorritako 100 auto baino gehiago topatu zituzten parkeko inguruetan

Arrigorriagako Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Mendikosolotik Abusura doan errepidean ospatu behar zen legez kanpoko lasterketa bat eragotzi zuten igande goizaldean.
Joan den igande goizaldean, 00:45ak aldera, Mendikosolo inguruko auzotarrek “ohi baino trafiko handiagoa” sumatu zuten auzoko inguruetan, eta abisua eman zioten Arrigorriagako udaltzaingoari.
Udaltzainak, Ertzaintzarekin elkarlanean, Mendikosolora hurbildu eta Basauri, Bilbo, Arrasate, Balmaseda, eta Gasteiztik bertaratutako dozenaka auto batu ziren parkeko inguruetan. “Era honetako ekintzak egiten diren lehen aldia ez dela” azaldu dute zenbait auzotarrek sare sozialetan.
Ertzaintzak lasterketa ilegal hartan parte hartuko zuten gidariak identifikatu ditu.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Emakume helduentzako programan izena emateko epea zabaldu dute
Saioetan psikologia eta generoa, kognizio-estimulazioa eta idazlea eta ahalduntzea gaiak landuko dituzte parte-hartzaileek

Emakume helduentzako programan izena emateko epea zabaldu dute Arrigorriagako herrigunean eta Abusu auzoan.
Programak, Jabekuntza Eskolaren esparruan, emakumeen ahalduntze indibiduala eta kolektiboa sustatzeko helburua du, emakumeen egoera-aniztasunari erreparatuta.
“Ikasturtean zehar, hainbat emakume eta horien ahalduntze-estrategiak ezagutaraziko dituzte, autoestimua eta segurtasun pertsonala landuko dituzte eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren aurrean jarrera arduratsuak eta aktiboak bultzatuko dituzte ikuspegi feminista batetik”, azaldu dute Arrigorriagako udal ordezkariek.
Saioetan psikologia eta generoa, kognizio-estimulazioa eta idazlea eta ahalduntzea gaiak landuko dituzte parte-hartzaileek.
Izen emateak
Herriguneko saioei dagokienez, aurkezpena urriaren 7an egingo dute udaletxeko prentsa aretoan, 17:00etan. Saioak astearte eta ostegunetan izango dira eta talde bi antolatu dituzte: 16:00etatik 17:30era bitartekoa eta 17:30etik 19:00ak artekoa. Lehen saioa urriaren 14an izango da.
Abusuri dagokionez, programa Abusuko Zentro Soziokulturalean prestatu dituzte eta aurkezpen eguna urriaren 8an izango da, 17:00etan. Talde bakarra egongo da bertan, 16:00etatik 19:00ak arte. Lehen saioa urriaren 15ean izango da.
Izen emateak herriguneko eta Abusuko Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZn) egin daitezke. Informazioa 944 020 200 telefono zenbakian edo berdintasuna@arrigorriaga.eus helbide elektronikora idatziz lor daiteke.
☉ Arrigorriaga
Gizon bat hil da auto istripu batean, Arrigorriagan, autoa errepidetik irten eta AP-68ra erori ostean
lau metroko erorikoa egin ostean AP-68 errepideko bazterbidean gelditu zen autoa, Bilborako sarreran

Atzo eguerdian, 15:45ak aldera, auto istripu bat gertatu zen Arrigorriagan. Abusu parean, BI-3723 errepidetik zihoan auto batek kontrola galdu, errepidetik irten eta lau metroko erorikoa egin ostean AP-68 errepideko bazterbidean gelditu zen autoa, Bilborako sarreran.
Segurtasun Sailak eman dituen datuen arabera, hildakoa 44 urteko gizon bat izan da. Auto barruan ez zegoen beste inor.
☉ Arrigorriaga
Haurrentzako ipuin saioak eskainiko ditu Ana Apikak, euskara hutsean, Abusuko liburutegian
1 eta 3 urte bitarteko haurrei eskainitako ipuinak izango dira. Izena emateko azken eguna urriaren 3a izango da

Urriaren 8an Haurrentzako Ipuin Saioak eskainiko ditu Ana Apikak Abusuko udal liburutegian (Olatxu kalea, 4. zenbakia).
‘Besoetako Ipuinak’ izenburupean eta euskara hutsean, saioak 1 eta 3 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude eta 17:00etatik 17:30ak arte eskainiko dizkie Apikak. Ume bakoitza familiako kide batekin lagunduta parte hartu ahal izango du jardueran.
“‘Besoetako Ipuinak’ saioarekin emozioak eta sorpresak lapikoan sartuko ditugu. Hauekin batera irudi poetikoak, soinu ederrak, kanta txikiak eta liburu politak erabiliz haur-literaturan murgilduko gara”, azaldu du Apikak.
Izen emateak abusuliburutegia@arrigorriaga.eus helbide elektronikoaren bidez egin daitezke. Izena emateko azken eguna urriaren 3a izango da.

Ana Apika, saio batean // anaapika.com
Apikari buruz…
“Ipuinak, alegiak, kontakizunak, pasabideak, bizitza-istorioak, literaturakoak edo ahozko tradizioko istorioek osatzen dute nire errepertorioa. Kontatzean gehien gustatzen zaidana komunikatzea da eta emozioa, sentimendua, bizipena eta gozamena partekatzea dagoen publikoarekin”.
Aikor aldizkarian parte hartu zuen Anak Haur Literatura sailean, eta hainbat erakunde, elkarte eta GKE desberdinekin aritu izan da gidoiak, materialak eta edukiak sortzen.
Bitartekaria da irakurketa-animazioko tailerretan, haurrentzako irakurketa-klubetan eta haur, nerabe, unibertsitari eta pertsona helduei zuzendutako ahozko narrazio, klown eta antzerki ikastaroetan.
Adin guztientzako pertsonentzat kontatzen du Apikak eta bere errepertorioan aurki daitezke: alegiak, ipuinak, kontakizunak, bizitzako istorioak, literarioak edo ahozko tradiziokoak.
“Kontatzean gehien gustatzen zaidana emozioa, sentimendua, bizipena eta gozamena komunikatzen dituen benetako harremana sortzea da”.
☉ Arrigorriaga
Josten ikasteko eta “elkarri laguntzeko” emakumeentzako joskintza tailer berezia antolatu dute Arrigorriagan
Tailerra urriaren 6tik ekainaren 15era prestatu dute Arrigorriagako Lamiaena Emakumeen Etxean, 17:30etik 19:30era

Joan den urteko esperientziaren ostean, josten ikasteko eta “elkarri laguntzeko” joskintza “gune informala” eskainiko du Maite Blas dinamizatzaileak herriko emakumeentzat.
“Ez da ikastaro bat, ezta formatzaile baten eskutik emandako tailer bat ere: hemen denok ikasten dugu elkarrekin, bakoitzak bere erritmora”, azaldu dute Lamiaenatik. Tailerra urriaren 6tik ekainaren 15era izango dira, 17:30etik 19:30era.
Maitek orientazio lanak egingo ditu, eta parte-hartzaileek elkarri lagunduko diote. Iaz martxan jarri zuten eta harrera “bikaina” izan ostean, aurten, Lamiaeneako programazioan txertatu dute berriro, Arrigorriagako emakume guztiei zuzenduta.
Izen emateak Lamiaenan bertan egin daitezke arratsaldeko ordutegian (astelehenetik ostegunera 17:00etatik 20:30ak arte eta ostiralean 20:00ak arte). Telefonoz egiteko aukera badago ere 747 44 48 98 zenbakira deituz.