→Arrigorriaga

Mendikosolo parkearen etorkizuna ahalik eta lasterren erabaki behar dela dio Arrigorriagako Udalak

Udalak hiru alternatiba eskaini ditu Arrigorriagako bihotz berdearen etorkizuna erakundeen aldetik bideragarria eta etorkizun jasangarritasuna bermatzeko

Mendikosolo berdegunea Arrigorriagan / Geuria

Irailaren 30ean Arrigorriagako Mendikosolo parkeko langileen kontratua amaierara heldu zen. Amaiera garratzeko istorioa izan da parkeko langileak eta Udalak ezinezko konponbidearen bila aritu direlako. Parkeko langileek (lorazainek eta Mendikosolo tabernako langileek) 2010ean hasi zuten zortzi urteko kontratua. 2018a heldu zen eta Arrigorriagako Udalbatzak onetsi ostean, beste urte biz luzatu zen.

“Arrigorriagako Udalak esan digu hilabete bukaeran taberna itxi behar dugula, bertan lan egiten dugun 15 familiok lanik gabe utziz. Ez dugu ulertzen, gaur egun bizi dugun egoeran, hain ondo funtzionatzen duen negozioa itxi behar izatea”. Tabernako zuzendaritzak Facebooken bidez azaldu zuen Udalak ez duela denbora-tarterik izan baldintza-agiriak argitaratzeko eta irailaren 30etik aurrera kalera joango zirela. Hori dela eta, irailaren 21ean Naturbaso S.L. enpresak alegazioa eskatu zuen Udalean kontratua osorik luzatzeko eta Udalak irailaren 24ko Osoko Bilkuran gaitzetsi zuen.

URTEGIAREN KATALOGAZIOA. Gobernu taldearen arabera, Mendikosolo parkeak aldaketa nabaria izan du urteotan: “Mendikosolo Arrigorriagako Udalaren ahalegin handiaren isla da baliabide materialei, giza baliabideei eta baliabide ekonomikoei dagokienez”, azaldu zuen irailean argitaratutako prentsa oharrean. “Parkeak 180.000 euroko gastua sortzen du urtero”. Gastu hori kontuan izanik, Udalak adierazi du datu ofizialen arabera arrigorriagarren %10ak baino ez duela parkea erabiltzen, eta egungo eredua zalantzan jarri du, udalerriaren behar eta aukerei erantzuten dien eta ekonomikoki zein ekologikoki jasangarria den galdetuz.

2019aren amaieran Gobernu Taldeak Mendikosoloko azterketa-prozesua abiarazi zuen. 2011n, Konfederazio Hidrografikoak urtegiaren katalogazioa A motako presara aldatzea eskatu zion Arrigorriagako Udalari. Urtegi baten katalogazioa beronen segurtasunaren, inguruan egin daitezken lanen eta ebakuazio-planaren arabera egiten da. 2019an Konfederazioak eskatutako zehapen batekin topo egin zuen Gobernu Taldeak eta irailean hiru alternatiba eskaintzen dituen azterketa jaso zuen: “Lehen aukerak urtegia A motakoa bihurtzea litzateke, 100.000 eurotik gorako inbertsioduna. Bigarren aukera urtegia C motakoa egitea litzateke, ur bolumena eta parkearen erabilera murriztuz. Hirugarren aukera, merkeena, urtegiaren zabalgunea handitzea litzateke, urtebeteko lanekin gutxienez, denbora tarte horretan parkea itxita mantenduz”, adierazi zuen Udalak, erabakia ahalik eta lasterren hartu behar dela adieraziz.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak