→Arrigorriaga

Bideoa | Arrigorriagako Udalak Mendikosolo parkeko langileen kontratuaren luzapena gaitzetsi eta konponbideak aurkeztu ditu

Mendikosolo parkeko langileen kontratuak ez luzatzearen aldeko proposamena onartu du Arrigorriagako Udala, gobernu taldea osatzen dute EH Bildu eta Arrigorriaga Gara alderdien aldeko bozkarekin, eta EAJ, PSE eta NOA alderdien abstentzioarekin. Ez zen kontrako bozkarik egon. Hortaz, uste bezala, irailaren 30ean bukatuko dira.

19:00etan hasi zen osoko bilkura, eta Gobernu taldeak azalpenak ematen zituen bitartean, kanpoan protestan batutakoen txistuek eta garrasiek bilkura oztopatu zuten. “ELAk argitaratu zuen komunikatuko hirugarren paragrafoan esaten da parkeko langileek aho batez onartzen dutela gaur egungo gobernu taldeak Mendikosolori buruz egindako diagnostikoa”, azaldu zuen Eñaut Barandiaran EH Bilduko zinegotziak. “Gobernura heltzean urtegi ilegal batekin topo egin genuen, udal teknikarien irizpideen arabera”, adierazi zuen Maite Ibarra alkateak: “Arazoari irtenbidea eman behar zaio eta ezin dezakegu egoera hau gehiago luzatu”.

Elkarretaratzea, udaletxe aurrean / Geuria

Osoko bilkuraren aurretik, 18:30ean ELA sindikatuak antolatutako elkarretaratzea egin zen Arrigorriagako udaletxearen aurrean eta, parkeko lorazain eta Mendikosolo tabernako langileez gainera, tabernako hornitzaileak ere izan ziren banaketa-kamioiekin euren desadostasuna adieraziz herriko kaleetan barrena: “Mendikosoloko taberna eta gainontzeko zerbitzuen enpleguak eta bizimodua, aldi baterako bada ere, mantendu ahal izateko”, adierazi zuten ELA sindikatutik. “Ez da onargarria kalte bat konpondu nahian beste 25 kalte sortzea, 25 bizitza kale gorrira kondenatuz. Parkearen kudeaketa berri bat ulertzen dugu, baina ezin dira kaleratzeak defendatu, are gutxiago ezkerreko alderdi batzuen defentsan”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak