→Arrigorriaga

Mendikosolo parkeko prozesu parte-hartzailea udaberrian abiaraziko du Arrigorriagako Udalak

Ahateak, urtegian // Geuria

Iazko irailaren 30ean amaitu zen Mendikosolo tabernako eta Naturbaso S.Lko mantentze-lanen aktibitatea. Harrez geroztik, eta taberna zerbitzurik egon ez arren, Mendikosolo parkea zabalik egon da oinezkoentzat eta bertan bizi diren animalia guztientzat. Duela aste batzuk lapurretak gertatu ziren taberna ohian: “Zilarrezko hoditeriak eta bestelako materialeak ostu zituzten, baina ez zuten garrantzi handiko lapurretarik egin”, azaldu du Arrigorriagako Udaleko Maria Jesus Acedo Ingurumen eta Jasangarritasun zinegotziak. “Horren ostean segurtasun kamerak, sarraila berriak eta alarmak ezarri dituzte taberna ohian”. Ingurumen eta Jasangarritasun zinegotziak azaldu du azken bolada honetan hainbat konponketa egin dituztela Mendikosolon: karpak konpondu dira, eguraldiak bota zituen zuhaitzak kendu dira… “Gaur egun normaltasunera itzuli da parkea”, azaldu du zinegotziak eta Udalak udaberrian zehar lizitazio berriak ateratzeko asmoa duela iragarri du Acedok: “Hori bai: aurrerago behar besteko lanei ekin beharko zaie urtegian”.

Mendikosolo parkeko langileen kontratuak ez luzatzearen aldeko proposamena onartu zuen Arrigorriagako Udalak iazko irailaren 24an, Gobernu taldea osatzen duten EH Bildu eta Arrigorriaga Gara alderdien aldeko bozkekin, eta EAJ, PSE eta NOA alderdien abstentzioarekin, kontrako bozkarik gabe. Egun berean, elkarretaratzea egin zuten parkeko langileek udaletxearen aurrean eta 30ean Mendikosoloko tabernako zein parkeko langileen lan kontratua amaierara heldu zen, Arrigorriagako parkearen etorkizuna airean geratuz: Langileek alegazioa aurkeztu zuten eta horren ostean kautelazko neurria: “Kautelazko neurriak uste baino denbora gehiago iraun zuen eta denbora tarte horretan ez dio Udalari parkean esku hartzen utzi gaur egun arte, lizitazio berriaren prozesu osoa atzeratuz”, azaldu du zinegotziak.

Parkeko zein tabernako langileen eta Udalaren arteko harremanak onak izan direla eta bi aldeen artean komunikazioa egon dela adierazi du zinegotziak: “Hainbat bilera izan ditugu parkeko langileekin eta gure asmoa langile guztiak subrogatzea izan da dagoeneko”. Baina Udalaren eta Naturbaso S.L.ko enpresariaren artean “distantzia egon dela, ia harremanik gabekoa” azpimarratu du, “Udalak enpresariaren abokatuekin berba eginez arazoari irtenbidea ematearren”. Gaur bertan, Mendikosolo tabernako langileek agur-mezua partekatu dute sare sozialetan.

Mendikosolo urtegia // Geuria

Prozesu parte-hartzailea, martxoan

Urte hasieran harerra-ekitaldia egin zen eta Udalak parkean esku hartzeko eskubidea berreskuratu zuen eta Udalaren asmoa da udaberrian zehar Mendikosolo parkearen prozesu parte-hartzailea martxan jartzea, martxoa eta apirila bitartean.

Iazko azaroaren 25ean, EH Bildu eta Arrigorriaga Garak 2021eko aurrekontuen proiektua adostu eta aurkeztu zuten NOArekin, eta ardatz nagusien artean 75. eskakizuna zegoen, Mendikosolo proiektua. Udalaren arabera, 100.000 euroko inbertsioa egiteko asmoa dago 2021eko udan. “Aukera bi dauzkagu Mendikosolo parkearen arazoari irtenbidea emateko”, azaldu du Acedok. “Lehen aukera urtegiari A motako kalifikazioa bezala sailkatzea”. 2019aren amaieran Gobernu Taldeak Mendikosoloko azterketa-prozesua abiarazi zuen. 2011n, Konfederazio Hidrografikoak urtegiaren katalogazioa A motako presara aldatzea eskatu zion Arrigorriagako Udalari. Urtegi baten katalogazioa beronen segurtasunaren, inguruan egin daitezken lanen eta ebakuazio-planaren arabera egiten da. “A kategoriako urtegiek 100.000 euroko inbertsioa egiteaz gainera 50.000 euroko urteroko kontrol zehatzak exijitzen dituzte. Aurten, Eusko Jaurlaritzarekin eta Konfederazio Hidrografikoarekin berba egin ostean, dirua ordaindu arren ez du uholde arriskua desagertarazten“. Bigarren aukera urtegia zerbitzuz kanpo uztea da: “Aukera interesgarria izan daiteke bioaniztasunaren birsorkuntza ahalbidetzen duten proiektuak burutu daitezkelako eta dagoeneko hainbat aukera aztertzen ari gara paisaia-estudio baten bidez”. Aukera biek obra garrantzitsuak ekarriko dituztela iragarri du zinegotziak.

Udalak herritarren iritziak jaso nahi ditu eta horixe izango da prozesu parte-hartzailearen helburua: urtegiaren etorkizuna erabakitzea katalogazioa egiteko orduan. Momentua heldu arte, Udalak parkearen egokitzapen-lanak eta tabernako materiale guztien inbentarioaren zerrenda osazten ari da eta prozesu parte-hartzailearen berri emango du martxoan zehar.

Mendikosolo parkearen etorkizuna ahalik eta lasterren erabaki behar dela dio Arrigorriagako Udalak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak