→Arrigorriaga

Mendikosoloren behin betiko proiektua urrian aurkeztuko da bilera irekian

Arrigorriagako Udalak Mendikosolo parkearen inguruko prozesu parte-hartzailearen aurkezpena egin zuen maiatzaren 28an Lonbo aretoan. 60 herritar inguru bertaratu ziren. Ekitaldiaren aurretik, Maite Ibarra alkatearekin, Paola Sangalli SCIAko teknikariarekin eta Amaia Albeniz prozesu parte-hartzailearen arduradunarekin berba egin genuen Mendikosolo gaiaren ertz guztien inguruan emango diren aurrerapausoak argitzeko.

Iazko uda ostetik, hamar hilabete joan dira herritarrek Mendikosolo urtegiaren etorkizuna ezbaian jartzen zuen inguruko informazioa jaso zutenetik. 2011n, Konfederazio Hidrografikoak urtegiaren katalogazioa A motako presara aldatzea eskatu zion Arrigorriagako Udalari eta 2019an Konfederazioak eskatutako zehapen batekin topo egin zuen Gobernu Taldeak.

Paola Sangalli Mendikosoloren etorkizuna nola bideratu aztertzeko Udalak kontratatutako talde teknikoko kidea da, zehazki, Sangalli Coronel Asociados ingenieritza eta paisaia estudioko (SCIA) biologoa. Hego Uribe eskualdean hainbat esku-hartze egin ditu talde honek, gertuena, Zaratamoko Txarrota urtegia eta paisaia berreskuratzea. “Sailkapena 2019koa da. Ziurrenik lehenagokoa izan zitekeen, duela urte batzuetatik existitzen delako, baina urtegien zuzendaritza nagusiak ez zuen bere garaian adierazi edo ez zuten jakinarazi. Horren berri eman zutenean, mekanismo desberdinak jarri ziren martxan”, azaldu zuen Sangallik.

Martxan jarri duten prozesuari buruz egin zuen berba Maite Ibarra alkateak: “Gardentasun ariketa erraldoia egingo dugu. Gure herriko arnasgune eta naturagune nagusiaren geroa landu eta erabakitzea udal gobernuari eta herritar guztioi dagokigu. Hori da bere momentuan hartu genuen konpromisoa eta gure hitza betetzen ari gara”, azaldu zuen Maite Ibarra alkateak: “Hasieratik argi izan genuen ezin genuela gaia kaxoi batean sartu eta egoera gehiago luzatu, bai ala bai, heldu behar geniola. Bagenekien gai delikatua izango zela bertan lanean aritu diren pertsonengatik. Gu heltzerako urtegiaren auziak hainbat eta hainbat urte zeramatzan mahai gainean eta herritarrek ez zuten honen berri. Bitxia da hamar urtetan egoeraren berri izan dutenek eta ezer egin ez dutenek, udal gobernu honi leporatzea hilabete batzuetan konpondu ez izana. Kontua da konponbidea jartzen ari garela eta hamar urte barru datorrenak ez dituela topatuko inondik inora guk aurkitu ditugun arazoak”. Era berean, 2011tik herritarrei gaiaren berri eman ez izana deitoratu zuen Ibarrak.

Lonbo aretoan egindako aurkezpena / Geuria

Hiru aukera mahai gainean
Paola Sangalli biologoak gakoak diren hainbat puntu aipatu zituen: “Mendikosolo parke bat da, eta, aldi berean, urtegia -dinamitaren presa delakoa-. Zehazki, A kategoriako urtegi bat da eta horrek berarekin dakartza zenbait betebehar. A kategoria maximoa da, arriskugarritasun eta altuera handiena adierazten du. 15 metrotik aurrera A kategoriakoak dira eta Mendikosolok 16 ditu”. Horiek horrela, honakoak dira talde teknikoak aztertzen dituen hiru aukerak: “Lehena: urtegia bere horretan mantentzea, A kategorian. Ez da guk gehien aztertuko duguna, beste ingeniaritza batek aztertu baitu”. Urtegia A kategorian mantentzeak erregulazio zorrotzak betetzea eta aisialdirako guneak mugatzea ekarriko luke.

“Bigarren aukera: A kategoriatik C kategoriara jaistea. Horrek zer esan nahi du? Ur-lamina neurri batean mantenduko genukeela, baina beherapen-jarduketa batzuk egin beharko genituzke biltegiratutako ur-kopurua txikiagoa izan dadin”, azaldu zuen Sangallik. Bigarren aukera honek bai urtegia, bai parkea orain ezagutzen ditugun bezalatsu mantenduko lituzke. Izan ere, C sailkapena duten urtegien derrigorrezko baldintza teknikoak A sailkapenekoenak baino leunagoak dira.

Hizlariak eta herritarrak / Geuria

“Eta hirugarren aukera paisaia berri bat sortzea da, jatorrizko Kubo edo Goikozulo errekaren ibilgua berreskuratuz eta bidean ur-xafla jakin batzuk mantenduz”. Horrela, ura berak eta bere inguruneak sortzen duten ekosistema mantenduko litzateke, baina urtegiaren edozein sailkapen mota kenduko litzateke. “Azterketa geoteknikoek, hidrologikoek eta gunean bertan egindako ikerketek esango digute sailkapena ezabatzeko gai garen edo c sailkapena mantentzearekin konformatu behar dugun”.

2023rako, prest
Baina noiz izango dugu Mendikosolo berriaz gozatzeko aukera? Hori da herritar askoren buruan dagoen galdera eta hori bera galdetu genion Sangalli biologoari: “Aurreproiektu fase batean gaude, hau da, hiru hilabete ditugu aurretiko azterketak egin eta ostean proposamen batzuk luzatzeko. Hiru hilabete horietan egindako lanei esker, urtegiaren eta parkearen etorkizun aukeren ideia argiagoa izango dugu. Behin aurreproiektua izanda, inplikatuta dauden administrazioekin hitz egitea litzateke zuzenena. Eskaintzen ditugun aukerak kontsultatu, ikusi eta aukeratu azkenik ekintza bat egin ahal izateko. Guztira, uste dut bi urteko prozesu bat dagoela behin betiko konponbidea zein den erabakitzeko eta gero gauzatzeko”.

Paola Sangalli / Geuria

Eztabaidak eta ekarpenak
Lonbo aretoan egindako lehen bilera irekia izan zen Mendikosoloren etorkizuna erabakitzeko herritarrekin batera egindako prozesu parte-hartzailearen lehen pausoa. Modu paraleloan, prozesu teknikoa ere aurrera egiten ari dela gogorarazi zigun Amaia Albeniz arkitektoak, Hiridunak estudioko kideak eta parte-hartze prozesuaren arduradunak: “Bilera informatiboaren ostean, ekaina eta iraila bitartean prestakuntza eta eztabaida saioak egingo ditugu. Helburua da Mendikosolo parke berria denon artean amestea. Betiere derrigorrezkoak diren baldintza teknikoak kontutan hartuta, herritarrek zer nolako erabilerak garatu nahi dituzten zehaztuko dugu. Horretarako beste parke batzuen adibideak ekarriko ditugu eta beste toki batzuetan nola garatzen dituzten ikusiko dugu”.

Behin herritarrek ideiak mahai gainean jarrita dituztela, talde teknikoek eta politikoek proiektu oso bat itzuliko diete herritarrei. Ondo bidean, urrian egingo den saio ireki batean behin betiko proiektua aurkeztuko zaie herritarrei: “Horrek txertatuta izango ditu, batetik derrigorrezko baldintza teknikoak, bestetik herritarren ekarpenak”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak