→Arrigorriaga

Mendikosoloko langileen “kaleratzeen” aurkako elkarretaratzea deitu du Arrigorriagan ELAk

Mendikosolo parkea, eta taberna (ezkerraldean) / Geuria

Arrigorriagarenak diren ondasun batzuen ustiapena eta erabilera egiteko kontratu publiko baten amaiera izango da, zehazki, zortzi egun barru. Mendikosolo parkeari buruz ari gara. Duela hilabete batzuetatik hona, Udala aztertzen ari da nola egin aurre Konfederazio Hidrografikoak egindako eskaera zorrotzari, Mendikosoloren erabilera posible egiteko asmoz. Horiek horrela, ELA Euskal Sindikatuak Arrigorriagako Mendikosoloko langileen kaleratzeen aurkako elkarretaratzea deitu du irailaren 24an, 18:30ean Arrigorriagako udaletxe parean, osoko bilkura hasi baino ordu erdi lehenago.

“Arrigorriagako Udalak Mendikosolo parkeko mantentze zerbitzua eta taberna esleitzeko kontratuak ez berritzea erabaki du. Mendikosolo parkean lan egiten duten langileek nahikoa dela esan dute eta hainbat mobilizazio antolatu dituzte konponbidea eskatzeko”, adierazi du ELA sindikatuak gaur bertan prentsa ohar bidez. Batetik, sindikatuak adierazi du Udalak “ustezko irregulartasunak” ikusi dituela kontratazioan eta “legez ezinezkoa dela zerbitzua kontratazio publikora ateratzea”. ELAk Mendikosoloko kolektibo biak (tabernako langileak eta parkeko loreazainak) elkarretaratzeko deialdia egin du hurrengo ostegunerako, udaletxe aurrean: “Udalak ez badie irtenbiderik ematen langileei, mobilizazioek aurrera jarraituko dute eta gora egingo dute”. Bestetik, ostera, sindikatuaren idatziak jasotzen duenez, “langileek bat egiten dute Mendikosoloren orain arteko kudeaketaren inguruan Udal gobernu taldeak egin duen hausnarketarekin”. Eta bide berean, “langileak interes pribatuen alde ez dagoen aisigune publiko eta sozial baten alde” daudela adierazi dute.

Udalaren arabera, ostera, 2018an, kontratua amaierara heldu zenean, berau aldatzeko aukera eman zitzaion tabernari, eta aukerari uko egitea erabaki zuela adierazi du. Harrez geroztik, urte biko luzapena izan zuen kontratuak eta gaur egun, bestelako arazoak direla medio, oraingoz berau luzatzerik ez dagoela adierazi du EH Bilduko gobernuak. Kontratazio publiko baten amaiera izaki, ondo bidean, Udalak esleipen publiko berri bat atera lezake, baina horrek ez luke bermatu behar orain arte lanean izan diren pertsonen lana, baizik eta lanpostuak bermatuko lituzke. Adibidez, azken zortzi urtetan Mendikosolo taberna kudeatu duen enpresaren ordez, beste langile multzo batek eskura lezake esleipen publikoa.

Kontratua bukatzeko zortzi egun falta direnean, ELA eta Mendikosolo tabernako langileak hainbat aldiz bildu dira Udalarekin, arazoa konpontzeko behin-behineko “legezko aukera bideragarriak” jorratuz: “Behin langileen lana bermatuta, Udalak parkea birmoldatzeko lanean has daiteke (eta hasi behar du), udalerriak merezi duela ziurtatzeko Mendikosolo”. Gauzak horrela, ELAk erantzukizun falta egotzi dio Udalari: “Azalpenik eman gabe, Udala itsututa dago bere ahaleginean, eta, gaur egun, ez dago egindako planteamenduei buruzko erantzunik. Langileei ‘albo-kalteak’, ‘beharrezko kaltea’ eta beste kalifikazio batzuk deitu zaizkie, eta hau ez da onargarria. Gainera, erabakiaren ‘kostu politikoa eta soziala’ onartzen dutela esan dute. Ez da egia, kostu politikoa beren gain hartu ahal izango dute, kostu soziala plantillak hartuko baitu bere gain, ez haiek”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak