☉ Arrigorriaga
Mirenbe Jauregi: “Itxialdian egunero ipuin bat mobilaren kameraren aurrean irakurri nuen eta sareetara igo”
Itxialdian, bere lehen liburuko ipuinak bideoz kontatu zituen auzotarren estualdiari aurre egiteko. Egungo egoera ikusita, bigarren eleberriarekin antzeko egitasmoa martxan jartzeko ideia ez du baztertzen.
[2020ko azaroan 26an paperean argitaratuko elkarrizketa] Aixekoak, Arrigorriagako haizearen poetak, ametsak liburu bihurtzen ditu. Goizero jaikitzean gauean izandako ametsen oharrak jasotzen ditu, aurrerago ipuin bihurtzeko. Horrelaxe sortu ditu bere liburu biak: ‘Un día hice un cuento’ (2018) eta ‘Las Ramas del Tronco. Historia de ocho generaciones’ (2019). Urte hasierako itxialdian lehen liburuko ipuinak irakurri zituen egunero eta sare sozialetara igo zituen, jendeak konfinamenduan bizi izandako estualdian arnas egin ahal izateko. Bigarren itxialdi baten atarian, asmo berriak agertu ditu arrigorriagarrak.
Noiz murgildu zinen literaturan? Idaztea betidanik gustuko izan dut. Gaztea nintzenean ipuinak eta poesiak idazten nituen. 1986an bizkar hezurreko ebakuntza egin zidaten eta susperraldi garaian erabat aspertuta nengoenez, normaltasunez idazten hasi nintzen, koadernotxo batean istorioak biltzen. Ondoren psikologia ikastaro batera joaten hasi nintzen, eta bertan nik neuk idatzitako ipuinak kontatzen hasi nintzen, izarren ingurukoak bereziki.
Eta liburuak argitaratzeko beharra noiz sentitu zenuen? 2015ean. Idazteko jario handia neukan eta buruari bueltak ematen hasi nintzen, idatzitako guztiarekin zer egin nezakeen galdetuz. 150 ipuin baino gehiago neuzkan idatzita garai hartan, paperezko kilo t’erdiko lana. Den-denak hartu eta posta-zerbitzuz argitaletxe batera bidali nituen. Sekulako burugabekeria izan zen eta denak bueltatu zizkidaten. Juan Lekue idazle arrigorriagarrarekin harremanetan jarri nintzen, betidanik harreman estua izan dudalako berarekin. Idazlea eta arrigorriagarra izanik, aholkua eskatu nion Lekueri eta 150 ipuinak baino, 15 aukeratu eta Círculo Rojo argitaletxera bidaltzeko gomendioa eman zidan, bertan hainbat lan argitaratuta dauzka eta.
Zeintzuk aukeratu zenituen? Ametsekin zerikusia zuten 15 liburu aukeratu nituen nire lehen libururako. Asko amesten duen pertsona naiz, eta ez da hitz egiteko modua; zentzu literalean amets asko dauzkat eta goizeko lehen orduan, jaiki bezain pronto ideia horiek koaderno batean apuntatzen ditut, gaualdean, sormen gehien dudan momentu horretan, behar bezala garatzeko. Ametsen haztegia naiz, eta horretaz jabetu nintzen Facebookean idazten hasi nintzenean.
Momentura arte liburu bi kaleratu dituzu: ‘Un día hice un cuento’ (2018) eta ‘Las Ramas del Tronco. Historia de ocho generaciones’ (2019). ‘Un día hice un cuento’ liburuaren jaiotza Círculo Rojo argitaletxeko webgunea arakatzen nenbilela gertatu zen, ia istripuz: lana bidaltzeko atal bat zegoen eta gehiegi pentsatu gabe bidali nituen ipuinak gau batean, ohera sartu aurretik. Handik egun bitara argitaletxeak deitu zidan, bidalitako lana zoragarria iruditu zitzaiela esanez.
Lehen liburu honek berebiziko garrantzia izan zuen urte hasierako itxialdian. Konfinamendua benetako estualdia izan zen niretzat eta baita pertsona askorentzat ere. Jendea bere etxean hain gaizki zegoela ikusi nuenean nire aldetik zer egin nezakeela pentsatu nuen. Dendak itxita zeuden, eta horrez gainera, liburua interneten daukat eskuragarri. Beraz, egun batean, bazkalostean nire liburuko ipuinak jende guztiarentzat irakurtzea erabaki nuen, egun bakoitzean ipuin bat mugikorraren kamera aurrean irakurriz eta ostean bideo-pieza Facebookera igoz. Formatu honek harrera zoragarria izan zuen eta liburuko ipuin guztiak kontatzera animatu ninduen jendeak. Askoz gehiago gustatuko litzaidake ipuinak hartu eta nagusien etxeetara eramatea, bertako jendeari aurrez-aurre kontatzeko, baina Koronabirusak gauza gutxi egiteko aukera eman digu.
Zein publikori zuzendu dizkiozu irakurketa birtual hauek? Ipuinak barruan daukagun umeari zuzendu dizkiot. Bakoitzak bere publiko propioa du. Nire ustez, liburuak pertsona bakoitzarentzako orakuluak bezalakoak dira: zabaltzen den bakoitzean badirudi irakurle horri zuzenduta dagoela, berorrek dituen zalantzak nolabait argituz.
Urrian bigarren liburua kaleratu zenuen eta aurkezpena egin zenuen Lonbon. Nola sortu zen liburu honen ideia? 29 urte nituela, amets berezia izan nuen gau batean. Amets hartan birramamak, amamak, ahizpa eta ni agertzen ginen, Bakioko hondartza bateko su baten ondoan dantzan. Batak besteari egurrezko koilara bat ematen zion eta ametsaren amaieran “nork eman dit gaitasun hau?” galdetzen nien. Eurek, elkarri begiratu ostean, koilara hartzeko eta euren istorioak kontatzeko esan zidaten. Goizean jaiki nintzenean egurrezko koilara bat neukan burkoan, eta liburu berri bat idatzi behar nuela jakin nuen.
Zer dago liburu berri honetan? Hego Uribe inguruko zortzi belaunaldietako artzain eta emaginen inguruko istorioak. Severina Garmendia birramamak Olatzura joan eta bertan emaginen klinika antzekoa eraiki zuen, emakumeek bertan erditu ahal izan zezaten. Istorioko protagonista nagusiak inguruetako emakumeak dira: Orozko, Zollo, Uzkorta… pertsonaia hauek benetako emaginak izan ziren: nire birramamek eleberria abiarazten dute eta ostean, istorioa euren alabetan eta ondoren, biloban zentratzen da.
Dokumentazio-lan izugarria eskatu behar izan dizu horrek. Lehen liburua argitaratu eta gutxira Toti Martinez de Lezea bisitatu nuen, euskal letren erregina. Bigarren istorio hau kontatzeko literatura-aholkulari hoberik ez zegoen. Nire estiloa gogoko zuela esan zidan eta horrekin batera, fundamentuzko emakumeen inguruan idatzi behar nuela esan zidan.
Harrena ona izan du Las Ramas del Tronco, Historia de ocho generaciones-ek? Uste baino jende gehiago hurbildu zen Lonbora, eta irakurle askok esan didate liburu honek sendatzeko ahalmena duela, bihozbera dela eta pertsonaien eta, orokorrean, belaunaldien arteko maitasuna agerian uzten dela, mundu gogor horretako harremanak agerian utziz, 1918ko neguan. Liburuaren aurkezpenean familiako baserri zaharren diapositiba batzuk nituen, jendeak istorioko testuingurua hobeto ulertzearren: garaiko bizimodu gogorra, otsoek abereei egiten zizkieten erasoak, birramonek eta amonek izandako artzakurrak eta berauek eskainitako laguntza paregabea nik neuk Leon eta Pirinioetako nahasketako artzakur bat eta artzakur eta artzain-txakur aleman bana izan nituen eta ez dut sekula ahaztuko.
Zuhaitz genealogikoa lantzearen bidez senide ezezagunak ezagutuko zenituen. Aitak Severina birramamaren inguruan idazteko eskatu zidan, eta nik ez nuela ezagutzen erantzun nion. Bere argazki bat baino ez daukat. Aitak familiako zuhaitz genealogikoa idatzi zuen eta 1.600. urterainoko informazioa batu zuen. Gainontzeko informazioa webgune baten bidez eskuratu nuen.
Bigarren konfinamendu batean sar gaitezke. Ezer pentsatu al duzu? Liburu berriaren kapituluen narrazioak egiteko asmoa daukat, bat egunero, hurrengo atalean gertatuko den suspensea agerian utziz. Bigarren liburuko eleberriaren kapituluak irakurtzeaz gain, aurrerago YouTubeko kanala irekitzea pentsatzen ari naiz kartak bota eta aholkuak emateko helburuarekin.
Ezer idazten ari al zara orain? Momentu honetan hiru liburu idazten ari naiz, aldi berean. Ideiak edozein momentutan heldu daitezke eta hain ezberdinak direnez hiru liburu idaztea erabaki dut: lehena magia gordinaren ingurukoa da eta azken liburuarekin zerikusia du, emakume sendalariei buruzkoa baita. Bigarrenak komedia lantzen du eta hirugarrena eleberri beltza dugu.
Erizaintzako laguntzailea izan zara. Nola definituko zenuke gizarteak Koronabirusaren aurrean hartutako jarrera? Gizartean kontzientzia gutxi dago. Distantzia sozialaz eta maskarez gain, bestelako irtenbideren bat egon behar da birusa gainditzeko. Bestalde, osasun zentroak birusarekiko beldurraz baliatzen dira gainontzeko gaixoak alde batera uzteko.
Osasun sistema gehiegizko neurriak hartzen ari da Covid-19az kutsatuta ez dauden pertsonei osasun zentroetara joatea debekatuz eta telefono bidezko laguntza eskainiz soilik, eta hori ez da nahikoa. Hurbiletik bizi izan dut egoera hau eta ez da bidezkoa.
☉ Arrigorriaga
Garrikoko hiru arrigorriagar gazte Espainiako Taekwondo Txapelketarako sailkatu dira
Borroka-txapelketak Bilboko Miribilla frontoian egin dituzte joan den asteburuan eta Arrigorriagako Taekwondo CD Garrikok bederatzi domina eskuratu ditu guztira
Joan den asteburuan, martxoaren 16an, Tekwondoko borroka-txapelketa bi egin dituzte: Euskadiko 21 urtez azpikoa eta Bizkaiko Kadete Txapelketa. Biak Bilboko Miribilla frontoian egin dituzte eta Arrigorriagako Taekwondo CD Garrikok bederatzi domina eskuratu ditu.
Izarbe Cimadevilla (Arrigorriaga, 2006), Maider Castro (Arrigorriaga, 2005) eta Daniel Zaldivar (Arrigorriaga, 2005) kirolariek urrezko hiru domina eta Naroa Ballestero (Bilbo, 2007) eta Airon Berrocalek (Arrigorriaga, 2007) zilarrezko bi eskuratu dituzte 21 urtez azpikoen Euskadiko Txapelketan. Honek esan nahi du hiru kirolari hauek ekainean egingo duten Espainiako Txapelketarako sailkatu direla zuzenean: “Egia esateko, emaitza onak espero genituen txapelketa honetan”, azaldu dio GEURIAri Jon Garnika CD Taekwondo Garrikoko entrenatzaileak. “Urrezko hiru domina izan dira eta zuzenean goaz Espainiako Txapelketara gure kirolariekin”.
Jon Garnika: “Egia esateko, emaitza onak espero genituen txapelketa honetan”
Bizkaiko Kadete Txapelketan bronzezko lau domina eskuratu dituzte Elene Llorentek (Arrankudiaga, 2012), Oier Pereak (Arrigorriaga, 2010), Antxoka Portugalek (Arrigorriaga, 2011) eta Paule Sagredok (Galdakao, 2011) . Emaitza honek ezustean harrapatu du Garrikoko entrenatzailea: “Taldea oso gaztea da eta emaitza oso ona izan da”.
☉ Arrigorriaga
Bideoa / Athleticeko jokalariak gabarran ikusi nahi dituzu?
Sergio del Álamo Izquierdo arrigorriagarrak eraikitako Athleticen gabarra Bilboko FNACen dago erakusgai
Zer gertatuko litzateke Athleticek Kopako finala irabaziko balu? GEURIA simulazio baten lekuko izan da Hego Uribeko herritar baten eskutik. LEGOak betidanik gustatu bazaizkio ere, 2008an hasi zen Sergio del Álamo Izquierdo (Arrigorriaga, 1981) zaletasuna hurrengo mailara eramaten. Azken erronka Athleticen Bilboko gabarra bera eraikitzea izan da, Mallorcaren aurka Sevillako La Cartuja estadioan jokatu beharreko Kopako finalaren haritik. Athleticeko ontzi mitikoa, eskala txikian bada ere, xehetasunez beteta dago eta kubiertan taldeko jokalari gehienak ageri dira: Muniain, Bufalo, Williams anaiak…
Ontzia eraikitzeko lau egun eman ditu Arrigorriagakoak eta egun hauetan Bilboko FNAC dendan ikus daiteke (Urkixo Zumarkalea, 4, Abando). Gabarra sortu ahal izateko 1983ko argazki historikoetan lortu du inspirazioa: “Lan hau egiteko ez dut inolako argibiderik izan”, aitortu du del Álamok. Izan ere, LEGOko jostailu jakin bat ez bezala, gabarrako pieza guztiek bat egiteko arrigorriagaren beraren sormen lana dago eta LEGOko beste jostailu batetik ateratako piezak erabili ditu elementu jakin batzuk eraikitzeko, gabarrako atzealdean dauden arrabolak kasu: “Pieza horiek neure kabuz bilatu nituen”, dio Sergiok.
Bilboko FNAC dendaren bihotzean ikus daiteke Sergioren arte lan hau, merchandising zonaldeko iragabidearen erdi-erdian. Bertan elkartu gara Sergiorekin eta gabarra beira-arasatik atera digute ontziaren xehetasun guztiak gertutik ikusteko: “Gabarrako kroskoa egiteko etxean nuen itsasontzi baten aurrealdea erabili nuen oinarri modura”, azaldu du.
Sergio del Álamo: “Lan hau egiteko ez dut inolako argibiderik izan; 1983ko argazkietan oinarritu naiz”
Museo-tailerra etxean
Sergiok milioika LEGO pieza ditu etxean eta horiekin eraikuntza ikaragarriak sortu ditu: Back to the Future edo Gohstbusters filmetako autoak, mundu osoko jauregi famatuak, argazki kamerak, VW furgoneta klasikoak… eta baita hurbilago topa daitezken lekuak eta elementuak ere: Artxandako jolas-parke ohia eta Arrigorriagako zubia, udaletxea eta herriko hainbat eraikuntza esanguratsu, besteak beste.
Arrigorriagako auzotarrak LEGO jolas ugari erosi ditu bizitzan zehar (lehen eta bigarren eskukoak), baina gainera, piezak solte erosten ditu sarritan eta horiek guztiak egongelako bazter batean behar bezala antolatutako kaxoi batean sailkatuta ditu. Egongelaren bestaldean bilduma piezak gordetzeko hiru beira-arasa ditu Sergiok eta bertan, LEGO piezekin eraikitako sorkuntzez gainera Playmobilak eta MicroMachineak topa daitezke, besteak beste.
Bere zaletasunean inbertitutako diruaz galdetzean, Sergio ez da gai kopuru bat esateko, eta erreferentzia modura armairuan dituen jauregi guztien artean Frank Lloyd Wright arkitektoaren Robie Housea aipatzen du: “200 euroren truke erosi nuen jauregia. Gaur egun bere prezioak nabarmenki egin du gora”.
LEGOren Hispalug komunitateko parte da Arrigorriagakoa. Gaur egun 125 pertsonek osatzen dute talde hau eta horietako 84k ordainpekoak dira eta horien artean dago Sergio.
☉ Arrigorriaga
Argazkiak / Arritxikerrakeko haurrek M8ko Kantu Martxa Feministan hartu dute parte
19:00etan, herritarrek, haurrekin batera, eta alboko herrietako auzotarrek Kantu Martxa Feministarekin bat egin dute
Aurtengo M8a berezi xamarra izan da Arrigorriagan. Urruma Asanblada Feministak Kantu Martxa Feminista antolatu du berritasun modura (Udalaren babesagaz), eta horrez gainera, Arritxikerrak dinamikako haurrek ere parte hartu dute aurtengo ekimenean, gaur bertan GEURIAn aurreratu lez.
17:30ean antifazak sortzeko tailerra prestatu dute Arritxikerrakoek udaletxeko arkupeetan eta umeak etxeko mozorroekin hurbildu dira bertara. 19:00etan, herritarrek, haurrekin batera, eta alboko herrietako auzotarrek Kantu Martxa Feministarekin bat egin dute.
Urrumak Arrigorriagarekin batera antolatutako “manifestazioa” izan da Kantu Martxa Feminista: “Gaurkoa ez da manifestazio arrunta izango”, azaldu zioten GEURIAri duela egun batzuk Berdintasun Sailetik. “Ibilbidean zehar hiru geldiune egingo dituzte herritarrek eta bakoitzean aurretik banandutako kantuak abestuko dituzte”.
Eta hala izan da: manifestazioa 19:00etan hasi dute herritarrek “Buruko nahaste bera duten lagunak izateak ez du preziorik!!” lelopean. Baina jendea udaletxe ondoko biribilgunera heldu denean Lehendakari Agirre parkera desbideratu da eta bertan kantu eta dantzan aritu dira.
☉ Arrigorriaga
Arritxikerrakek Arrigorriagako Kantu Martxa Feministarako antifazak prestatuko ditu haurrekin gaur
Helburua udaletxeko arkupeetan biltzea da 0 eta 6 urte bitarteko haurrentzako martxa feministarako mozorroak prestatzeko
Gaur arratsaldean, 19:00etan hasiera emango diote M8ko Arrigorriagako Kantu Martxa Feministari. Jarduera hasi baino lehen, 17:30ean, Antifazak prestatzen izeneko jarduera prestatu du Arrigorriagako Arritxikerrak-ek 0 eta 6 urte bitarteko haurrentzat.
Helburua udaletxeko arkupeetan biltzea da martxa feministarako mozorroak prestatzeko: “Ekarri etxetik txanoak edo bestelako osagarriak umeak nahieran janzteko”, azaldu dute Arritxikerrak-etik.
Kalez kale, kantu kantari
Kantu Martxa Feminista Urruma Mugimendu Feministak antolatu du “Buruko nahaste bera duten lagunak izateak ez du preziorik” leloarekin eta Arrigorriagaren babesa izango du.
“Gaurkoa ez da manifestazio arrunta izango”, azaldu dute Berdintasun Sailetik. “Ibilbidean zehar hiru geldiune egingo dituzte herritarrek eta bakoitzean aurretik banandutako kantuak abestuko dituzte”.
Ibilbidea udaletxeko plazan hasiko dute 19:00etan eta herritarrak “mozorrotuta” parte hartzera gonbidatu dituzte (pelukak, lepokoak, apaingarriak…). “Emakumeak elkartzeko helburuarekin antolatu dugu Kantu Martxa Feminista aurten”.
☉ Arrigorriaga
Kamioi batek bobina bat galdu eta auto ilarak sortu ditu Bi-625 errepidean, Arrigorriagan
Ertzaintza errepidean dago momentu honetan trafikoa erregulatzeko lanetan, kamioak galdu duen karga momentura arte ez dutelako errepidetik kendu
Gaur goizean, 10:50ak aldera, Bi-625 errepidetik zebilen kamioi batek bobina bat galdu du eta errepidean bertan geratu da. Gertakariak ez du zauriturik utzi, baina bai ordea auto ilarak, errepidearen noranzko bietan.
Ertzaintza errepidean dago momentu honetan trafikoa erregulatzeko lanetan, kamioak galdu duen karga momentura arte ez dutelako errepidetik kendu.