Sareak

☉ Arrigorriaga

Alpinismo ikastaroa otsailean Padura Mendi Taldearekin

Aurtengo programazio eta irteeren berri eman du Padura Mendi Taldeak. Besteak beste, hilaren 21ean Cordel mendira irteera eta otsailean alpinismo ikastaroa.

|

Aurtengo programazio eta irteeren berri eman du Padura Mendi Taldeak. Urtarrilaren 21ean urteko lehen irteera antolatu dute. Hain zuzen ere, Cordel mendi-tontorrera igoera izango da, Alto Campoo eski estazioan dagoena eta 2.061 metro dituena.

Otsailari begira, lehenengo asteburuan, hilaren 4an eta 5ean, alpinismo ikastaroa prestatu dute. Hobetzeko saioa izango da. Gainera, otsailaren 19an Lunadan (Burgos) dagoen Inmunia mendira irteera antolatu dute (1.518 metro).

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Gazte Egunaren inguruko asanblada irekia egingo dute gaur Gaztetxean

Ekainaren 22an antolatu duten Arrigorriagako Gazte Egunaren haritik Ahoztar Zelaietaren liburuaren aurkezpena eta pintxopotea antolatu dute hurrengo egunetan

|

Arrigorriagako Gaztetxea // Geuria

Arrigorriagako Gazte Eguna ekainaren 29an izango da eta hainbat jarduera antolatu dituzte datozen egunetarako, Gaztetxean.

Gaur bertan, apirilaren 22an, Arrigorriagako Gazte Egunaren inguruko asanblada irekia antolatu dute Gaztetxean, 17:00etan: “Ate-joka dugu Gazte Eguna eta zuekin hitz egiteko gogoa ere badaukagu!”, azaldu dute Arrigorriagako Gaztetxetik. “Animatu gurekin batera Gazte Egunari falta zaizkion azken ukituak ematera!”.

Gaztetxeko komunikazio arduradunek azaldu dute gaurko saioan Gazte Egun osoa antolatzea “ezinezkoa” izango dela, baina helburua Gaztetxean elkartu eta ekainaren 29ko hitzorduari astiro-astiro forma ematea dela nabarmendu dute.

Ahoztar Zelaietaren Diagnóstico Tolosaldea: La privatización de la sanidad en el oasis vasco // Txalaparta.eus

Egun batzuk geroago, maiatzaren 2an, Ahoztar Zelaietaren Diagnóstico Tolosaldea: La privatización de la sanidad en el oasis vasco liburuaren aurkezpena egingo dute, 18:00etan. “Osakidetza desegiteko testuinguru batean, Ahoztar Zelaietaren ikerlan honek Tolosako Asuncion klinikaren historiaren berri ematen du, EAEko osasun-sistema publikoaren krisian zerbitzuak adosteak izan duen eraginaren erakusgarri. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak diru publikoaren kopuru handiak txertatu ditu klinika pribatu honetan, inguru osorako erreferentziazko osasun-zentro honetan, ustelkeriak eta ate birakariek zipriztindutako negozioan”, laburtu du Txalaparta argitaletxeak Ahoztarren liburua.

Maiatzaren 3an, Pintxopotea eta Just Dance saioa antolatu dute 20:00etatik aurrera: Barra zabalik egongo da eta sarrera librea izango da.

Aipatutako jarduerak ez dira Gazte Egunerarte antolatu dituzten guztiak; maiatzetik aurrera ekintza gehiago iragarriko dituzte Arrigorriagako Gaztetxetik.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Zabaldu dute Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketan parte hartzeko epea

Mendi lasterketaren seigarren edizioa 2025eko urtarrilaren 18an eta 19an ospatuko dute, ondo bidean

|

Aurtengo Txakurkroseko partaide bat // Geuria

Ausartak Mendi Lasterketako seigarren edizioan parte hartzeko epea iragarri dute: “Ausartak Mendi Lasterketaren VI. edizioa bueltan da. Kirol ekitaldia 2025eko urtarrilaren 18an eta 19an ospatuko da!”, iragarri dute antolatzaileek.

Berriak inguruetako korrikalarien arreta erakarri du eta momentuz ArrigoKorrikako neskek beren partaidetza baieztatu dute sare sozialen bidez: “Bertan izango gara ArrigoKorrikako neskak!”. Urtero lez, Ausartak Mendi Lasterketako antolatzaileek Trail Luzea, Hasiberri traila eta Txakurkros lasterketak prestatu dituzte, joan den urtarrilean herritarren eskakizunei so eginez estreinatutako Mendi Martxa ahaztu barik.

Antolatzaileak edizio berriaren nondik norakoak zehazten ari dira eta momentuz Arrigorriagako udal ordezkariekin elkartu behar dira ekainean seigarren edizioko kontuak zehazteko.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Lamiaenak sexu-indarkeriaren, pornografiaren eta prostituzioaren arteko loturak aztertuko ditu

Saioa Amelia Tiganus Emargi elkarteko sortzaileak eskainiko du eta teoria feminista eta lege-esparrua konbinatuko ditu analisi kritiko batekin Arrigorriagako emakumeen etxean

|

Amelia Tiganus 2022an // Wikipedia

Emargi elkarteko Amelia Tiganusek Sexu-indarkeriaren, pornografiaren eta prostituzioaren arteko loturak. Sexualitate osasuntsurako proposamenak izeneko hitzaldi solasaldia eskainiko du Lamiaenan, maiatzaren 30ean.

Globalizazio eta neoliberalismo garaiotan, emakumeen sexu eta ugalketa–gaitasunaren esplotazioa industria indartsuenetakoa bihurtu da mundu mailan. Amelia Tiganusek teoria feminista eta lege–esparrua konbinatuko ditu analisi kritiko batekin. Saioa 18:30ean antolatu dute eta doakoa izango da.

Lamiaenatik azaldu dute zaintza zerbitzua egongo dela eta nahi izanez gero, interesdunek maiatzaren 27ra arte eskatu dezaketela lamiaena@arrigorriaga.eus helbidera idatziz edo 747 444 898 telefono zenbakira deituz, 17:00etatik 20:00ak arte.

Ekintzaile feminista

Amelia Tiganus ekintzaile feminista 1984ko martxoaren 11n jaio zen Galatin, Errumanian. Euskal Herrian bizi da, Espainiako Estatuan bost urtez sexualki esplotatua izan ondoren bere bizitza berreraiki eta “birjaiotzeko” aukera izan zuen. Euskadiko Mugimendu Abolizionistako (EHMA – Euskal Herriko Mugimendu Abolizionista) militantea da, eta Emargi elkartearen sortzailea.

Emargiren helburua da emakumeen eta nesken sexu- eta ugalketa-esplotaziorik gabeko etorkizunaren alde modu integralean borrokatzea, tokian-tokian, nazioan eta nazioartean. Azken lau urteotan 350 hitzaldi, hitzaldi eta tailer baino gehiago eman ditu Tiganusek Estatu mailan, baita Latinoamerikan eta Europan ere.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Clown eta Pailazoen jaialdiak Euskal Herriko sei konpainia ekarriko ditu aurten

Maiatzaren 10etik 12ra antolatu dute 29. edizioa Arrigorriagako erdigunean eta Abusun, eta emakumearen presentzia nabarmendu dute jaialditik

|

Jaialdiko ordezkariak, Bilbon // Geuria

Maiatzaren 10etik 12ra antolatu dute Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazioarteko XXIX. Jaialdia eta aurten berritasunez beteta dator. Horrela azaldu dute Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak, Iratxe Rubio Arrigorriagako Kultura zinegotziak, Eider Txarterina Kultura teknikariak eta jaialdiaren zuzendaria Sonia Cámarak gaur goizean Bilbon eskainitako prentsaurrekoan.

“Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazioarteko Jaialdia Arrigorriagako eta Bizkaiko agenda kulturalean ezinbesteko hitzordua izatea lortu dugu urteetan zehar denok egindako lanari esker”, izan dira Maite Ibarraren berbak. “Anbizioz goaz aurrera, urtero gauza berriak proposatuz, eskaintzak zabalduz edo euskara eta berdintasunagatik apustu eginez”.

Maite Ibarra: “Anbizioz goaz aurrera, urtero gauza berriak proposatuz, eskaintzak zabalduz edo euskara eta berdintasunagatik apustu eginez”

Genero berdintasunak garrantzi berezia izango duela gehitu du Ibarrak: “Emakume artistak nabarmenduko ditugu aurtengo jaialdian”. Horrez gainera euskal konpainien presentzia goraipatu du Arrigorriagako alkateak. Izan ere, aurten 13 konpainia hurbilduko dira Arrigorriagara eta horietatik sei Euskal Herrikoak izango dira, udal ordezkariek azaldu moduan:  Zero H, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, DAB Dantza Konpainia, Xabi Larrea, Zirkozaurre eta Ganso & Cía.

Harreman ikuskizuneko Zirkozaurre konpainiako artista // Geuria

Herrigunean eta inguruetan

Gainontzeko konpainiei dagokienez, Norbegia-Argentina, Polonia, Frantzia, Katalunia, Alakant, Madril, Granada eta Castelló ikuskizunak, dantzak, magia saioak, zirkuak eta musikak  izango dira Lanbarketan, Arrigorriagako udaletxeko plazan, PP2 pistetan, Pergolan, Ollargango plaza estalian, San Antonioko frontoian eta Abusun.

“Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Jaialdia Bizkaiko Foru Aldundiarentzat egutegian gorriz markatutako hitzordua da”, azaldu du Begoña Ibarra Foru Aldundiko Kultura zuzendariak: “Munduari zabalik dagoen talentudun Bizkaia nahi dugu, kulturalki anitza eta ezaugarri horiek biltzen ditu Arrigorriagako jaialdiak, hain zuzen ere”.

1995ean jaiotako jaialdiak, Magia, pailazo eta kale artearen jardunaldiak izenekoak, formatua eta programazioa zabaldu eta berritu ditu 29 urte hauetan: erakusketak, profesional eta zaleentzako clown ikastaroak, eduki pedagogiko nabarmena duten eskolarako jarduerak, ospitaleetan dauden haurrentzako saioak, etab.

Jaialdiko ordezkariak, ‘Itsasoa. Artea zaborrez egina’ erakusketako egileekin // Geuria

Zaborretik artelanera

29. edizio hau erakusketa berezi batez hasiko dute: Maiatzaren 2tik 12ra Itsasoa. Artea zaborrez egina izeneko erakusketa egingo du Iñaki Aguinagak (Lutxana-Erandio, 1972), Hortzmuga konpainiaren bidez, udaletxeko Euskaldun Berria gelan. Diziplina anitzeko artistaren lehen erakusketa monografikoa izango da Iñakirena, Euskadiko erakusketa-galeria publiko baten eginikoa.

Proiektua Barrikako hondartzan jasotako zaborrarekin sortutako 20 artelanek (maskarak, eskulturak, pertsonaia magikoak… besteak beste) osatzen dute. Erakusketa astelehenetik larunbatera ikusgai egongo da 18:00etatik 20:00ak arte. Igandeetan 12:00etatik 14:00ak arteko ordutegia izango du.

Zirkozaurreko artista bat, gaur goizeko prentsaurrekoan // Geuria

Programa | Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazioarteko XXIX. Jaialdia

Maiatzak 10, ostirala
17:30 Slackline, Abusu
18:00 Sweet Home on Wheels, Ollargango plaza estalia
18:00 Bajo Zero, udaletxeko plaza
19:00 Into the Wild, udaletxeko plaza
19:00 Slackline, Abusu
20:00 La Calle es Nuestra, ikuskizun ibiltaria

Maiatzak 11, larunbata
12:30 Ez Gara Jaitsiko (Pirritx, Porrotx eta Marimotots), kantxa urdina
18:00 Noeud, Pergola
19:00 Oyun, udaletxeko plaza
20:00 Sweet Home on Wheels, udaletxeko plaza
21:15 Abandónate Mucho, Lonbo aretoa

Maiatzak 12, igandea
12:00 Up, San Antonio frontoia
12:30 Slackline, Gaztegunea
13:15 Harreman, udaletxeko plaza
14:00 Slackline, Gaztegunea
18:00 Welcome & Sorry, udaletxeko plaza
19:00 Desequilibrio Temporal, udaletxeko plaza
20:30 Ambulant, Kiroldegiko frontoia

“Gure Zirkua” Hego Uribera etorriko da lehen aldiz, Arrigorriagan zortzi saio eskainiz

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

‘Izarrak eta Haitzak’ da Karlos Aretxabaleta ‘Txapel’ arrigorriagarraren azken liburua

Arrigorriagarrak GEURIAri azaldu dio mendi literatura klasikotik urrundu dela eta 20 kirolari ospetsuen errelatuak “nobelatuz” hurbildu dela bere irakurleengana

|

Txapel, Basauriko Elkar liburudendan // Geuria

Karlos Aretxabaleta ‘Txapel’ arrigorriagarrak mendi kirolaren inguruko Izarrak eta Haitzak izeneko liburua kaleratu du, mendi literatura klasikotik urrunduz eta 20 kirolari ospetsuen errelatuak “nobelatuz” eta irakurleei hurbilduz: “Ia bi urte dira proiektu hau martxan jarri nuenetik, eta azkenean argia ikusi du, argia”, izan dira idazlearen berbak eta mendiko kirolari entzutetsuen ateak jo ditu azken bi urteetan beren esperientziak gertutik ezagutzeko. Liburu honen salmentaren bitartez lortutako irabaziak SOS Himalaya Fundazioari emango dizkio idazleak.

Txapelek Edurne Pasaban, Juanjo San Sebastian, Pou anaiak, Alex Txikon, Oihana Azkorbebeitia, Mikel Zabalza, Alberto Iñurrategi, Ekaitz Maiz, Imanol Amundarain, Irati Anda, Iker Arroitajauregi eta Iñigo Basterraren testigantzak jaso ditu SUA Edizioak kaleratutako liburu honetan, Juanra Madariagaren hitzaurrearekin eta Ioritz Gonzalez Lertxundiren itxierarekin.

“Liburuan agertzen diren izarren kontaketak ez daude kirolarien lorpen indibidualetan oinarrituta, horregatik urrundu naiz mendi literatura klasikotik”

“Liburuan agertzen diren izarren kontaketak ez daude kirolarien lorpen indibidualetan oinarrituta”, azaldu dio Txapelek GEURIAri. “Horretarako dago mendi literatura klasikoa eta kronika ugari idatzi dira mendi lorpenen inguruan”, gehitu du.

Txapel // Asier Arteaga

“Edurne Pasaban eta Alex Txikon bezalako kirolarien kontakizunak jaso ditut baina ez dut beren 8.000en inguruan berba egin; ibilbidean zehar bizitako pasadizo baten kontaketa egin dut: istorio bitxiak, beldurgarriak, barregarriak… jaso ditut”. Horretarako, prozesu luze honetan, kirolari horien esperientziak “nobelatu” dituela dio Txapelek, “hitza ondo esanda ez badago ere”. Idazlea kirolariekin bildu da eta euren bizitzaren zein egoera jakin batzuen inguruko oharrak hartu ditu, kontakizun horiek irakurleei hurbiltzeko.

“Gazte literaturatik nator eta aurreko esperientzia literarioetatik jasotako iradokizunak erabili ditut mendiko literatura honetan eta kapitulu bakoitzak eleberri baten itxura du”

“Mendi literatura gazteei hurbiltzeko esperimentua Etxebarriko eskolan bertan egin nuen behin: Alberto Iñurrategi nor zen bazekiten galdetu nien eta % 98ak ez zuen ezagutzen. Baina ni gazte literaturatik nator eta aurreko esperientzia literarioetatik jasotako iradokizunak erabili ditut mendiko literatura honetan eta kapitulu bakoitzak baditu bere bitxikeriak”.

Liburua idatzi ahala, kirolariekin berba egin izan du idazleak, protagonisten feedbacka jasotzeko: “Harrera ona izan du idatzitakoak eta egia da ere testuak modu batean edo bestean berridatzi behar izan ditudala, kirolarien gomendioak jarraituz. Azken batean, elementu fantastikoak eta testuinguruak proposatu ditut, irakurketa epela lortzeko. Azken batean hau ez da kronika bat, literatura baizik”.

Txapel // Asier Arteaga

Aurkezpenak apirila eta maiatzean

Momentura arte data bi ditu begibistan Aretxabaletak: datorren apirilaren 26an liburuaren aurkezpena egingo du Birakultura elkartean, Bilboko Alde Zaharrean: “Gonbidatu bereziak izango ditugu egun horretan, eta eurena izango da hitza”.

Bestalde, datorren maiatzaren 25ean Urretxun egongo da, Xabi Ormazabal Egunean, liburuari eta mendi literaturari hitz egiteko prest. Egun horretan liburuko hainbat protagonista gerturatuko dira eta “egun berezia” izango dela aurreratu du Txapelek.

Osorik irakurri