→Arrigorriaga

Paula Rosón: “Euskara eremu formaletik atera behar dugu eta herritarren arteko harremanak euskaraz egin”

Paula Roson Arrigorriagako Euskaraldiako dinamizatzailea da. Otsailean hasi zen lanean eta hilabetera pandemia etorri zen. Bere lanaz eta Euskaraldiaz hitz egin dugu berarekin

Paula Rosón da Euskaraldiaren dinamizatzailea Arrigorriagan / Geuria

Euskaraldia batzordea aktibo dago urte osoan zehar, ez bakarrik abenduko ekimena antolatzeko, baizik eta euskararen inguruan ekintza ezberdinak prestatzeko. Hamarna lagunek osatzen dute Arrigorriagako herri batzordea, eta Paula Roson (Barakaldo, 1990) dinamizatzaile lanetan ari da. Urriaren 14an egingo dute Euskaraldiaren aurkezpena eta bertan izena eman duten Ariguneak izango dira.

Euskal Herrian Arrigorriaga, Zarautzekin batera, lehena izan zen hizkuntza ohituretan eragiten. Izan ere, 2017ko abenduan ‘3 egun euskaraz’ ekimena antolatu zuten. Egitasmo hori 2018ko azaroa eta abendua bitartean egin zen lehendabiziko Euskaraldiaren ‘11 egun euskaraz’en aurrerapena izan zen. Paula 2020ko Euskaraldia dinamizatzeko heldu da Arrigorriagara eta berarekin hitz egin dugu. Dagoeneko, Ahobizi eta Belarripresten izen-emateak izenematea.euskaraldia.eus estekan online egin daitezke.

Bi hilabete barru bigarren Euskaraldiari ekingo diogu. Zu, Paula, Arrigorriagako dinamizatzailea zara.
Arrigorriagako batzordea aktibo dago urte osoan zehar, eta herriko jendeak parte hartzen du bertan. Euskaraldiaz gain, hainbat ekimen eta ariketa antolatzen dituzte herrian. Nire kasuan, otsailean heldu nintzen Arrigorriagara, Euskaraldian herri dinamizatzaile lana egiteko.

Zehazki, zer esan nahi du Euskaraldiako dinamizatzaile izateak?
Bada, batez ere dinamizatzailearen lana da batzordea aktibo mantentzeko lanetan laguntzea eta Euskaraldiako puntu ezberdinak aurrera eramateko baliabideak ematea, herria dinamizatzea eta animatzea. Hau da, pixka bat inurri lana egiten dut dena bide onetik doala ziurtatzeko. Azken finean, dinamizatzea laguntzea da; erabakiak batzordean hartzen dira -batzordea guztiz autonomoa da- eta nik, kasu honetan dinamizatzaile bezala, zubi-lanak egiten ditut eta herrian ikuspuntu estrategikoa burutzen dut.

Zenbat pertsonak osatzen du Arrigorriagako herri batzordea?
Batzordearen izaera irekia da, baina gehienbat herriko eragile ezberdinek hartzen dute parte. Batzordekideon artean Whatsapp talde bat daukagu eta hogei lagunetik gora gaude bertan. Aktiboki esan dezakegu hamahiru pertsona inguru elkartzen garela.

Landarra Guraso Elkartea / Euskaraldia Arrigorriaga

 

Dinamizatzaile lanetan otsailean hasi, eta hilabetera osasun-alarma.
Covid-19ak bete-betean harrapatu gintuen. Ezustean harrapatu gintuen, baina aurrera egitea lortu dugu. Ez diogu lan egiteari utzi pandemia garaian ere.

Zelan moldatu zarete konfinamenduan?
Beste herri batzuetako dinamizatzaile asko pandemia garaian hasi ziren lanean, baina ni otsailean hasi nintzen. Horrek aukera eman zidan batzordeko kide batzuk aurrez aurre ezagutzeko, eta nik uste horrek erraztasun handiagoak ekarri dizkidala nire lana burutzeko. Alarma-egoera ezarri eta lehenengo astetan, jakingabetasun horretan, ez genekien zelan planteatu egin beharrekoa. Hasieran dena gelditu genuen, baina gero ikusi genuen beharrezkoa zela bideo-deien bitartez batzea. Egia da batzordeko batzuk ez zirela bideo-deietara moldatu -adibidez, komunikazio arazoengatik-, horregatik oreka bilatu genuen denon artean, eta batez ere, indar gehiago jarri genuen banan-banako harremanetan.

Erraza izan da komunikazioa?
Momentu batzuetan gogaituta bukatu dugu. Komunikazioa Internet bidezkoa zen eta horrek noizean behin nekatu egiten zaitu. Orduan, zenbaitetan erritmoa pixka bat jaitsi izan dugu, berriro gogoz ekiteko.

Eta herri batzordea.
Euskaraldiaren ariketa aurrera eramatea da herri batzordearen helburu nagusia, baina horretaz harago, herria euskararen inguruan aktibatzea eta urtean zehar hori mantentzea ere bilatzen du batzordeak, baita herritar gehiago batzordera batzea ere.

Aurten ere ahobiziak eta belarriprestak ikusiko ditugu Euskaraldian, baina beste irudi berri bat ere agertuko da.
Hala da. Ariguneak izango dira bigarren Euskaraldiaren beste adierazgarri bat. Entitateetan euskara sustatzeko guneak dira. Hilabete hauetan horien bila izan gara Arrigorriagan.

Jasoka Herri Kirola Kluba / Euskaraldia Arrigorriaga

Eta, Arrigorriagan Arigune izango direnak topatu dituzue?
Pandemian mapeo bat egin genuen hiru lan-ildotan banatuta: alde batetik elkarteak, bestetik komertzioak eta tabernak, eta azkenik entitate publikoak. Internet bidezko aurkezpenak egin genituen. Herriko elkarteetara hasieratik jo dugu, eta ondoren, ekainean komertzioetara bisitak egin genituen eta uztailean tabernetan. Gaur egun 22 arigune lortu ditugu Arrigorriagan (uztailaren 15era arte). Irailean oraindik ere epea zabalik dago entitateek izena eman dezaten, hilaren 27ra arte. Gainera, herriko entitate publikoetan lanketa berezia egingo dugu, entitate askoz handiagoak direlako.

Irailean ahobiziek eta belarriprestek izena emateko epea zabalduko da.
Bai. Irailaren erdialdera hasiko gara ahobizi eta belarriprest rolak aurkezten, eta norbanakoen izena emateko epea hilaren 20an hasiko da.

Eragin zuzena dute ahobiziek, belarriprestek eta ariguneek: hizkuntza ohiturak aldatzearena, alegia.
Bai. Helburu nagusia da hizkuntza ohiturak aldatzea eta euskarari bere garrantzia ematea. Ahobiziak, belarriprestak eta ariguneak elkarelikatu egiten dira. Azken finean, entitateetan hartzen den konpromisoa da ahobizi eta belarriprest rolak hartzea. Gainera, gure egunerokotasunean beste hamaika entitaterekin eta norbanakorekin gurutzatzen gara, beraz, elkarelikatu egiten dira hiru rolak.

2018ko Euskaraldian mila arrigorriagarrek baino gehiagok eman zuten izena: 661ek Ahobizi rola hautatu zuten eta 372k Belarroprest rola. Aurten partaidetza handitzerik bai?
Orokorrean, ez bakarrik Arrigorriagan, aurreko ediziotik ikusi da belarriprestaren rola ez dela ondo ulertu, eta horri bultzada bat eman nahi diogu. Izan ere, aurreko edizioan jende asko parte hartu gabe geratu zen, eta benetan parte har zezakeen. Ulermenarekin nahikoa da belarriprest izateko. Ildo horretan, belarriprestak ahalduntzen eta beldurrak edo konplexuak galtzen lagunduko du Euskaraldiak. Aurten aurreikusten dugu belarripresten kopurua handituko dela. Ez bakarrik kuantitatiboki, baizik eta kualitatiboki ere ariketa hobeto egin ahal izango da.

Mississippi taberna / Euskaraldia Arrigorriaga

Hain zuzen ere, eragin kualitatiboa bilatuko da aurten, agian kuantitatiboaren gainetik.
Bai. Espazio fisikoak bermatu nahi ditugu, ez bakarrik entitateetan, harremanak euskaraz sustatzeko. Momenturen batean euskaraz aritzeko aukera izango dugu edonon, betiere ulermenarekin nahikoa delako komunikazioa euskaraz emateko.

Arrigorriaga herrigunean jarduteaz gain, Abusu auzora ere jo duzue?
Abusuko Bolintxu Elkartearekin bildu nintzen. Egia da Abusuko Arrigorriagako zonaldeak harreman handiagoa daukala Bilborekin. Ikusi beharko dute non datorkien hobeto izena ematea: Bilbon edo Arrigorriagan. Hala ere, harremanetan gaude eurekin eta prest agertu gara elkar laguntzeko. Gainera, gauza interesgarriak ikusi ditugu Abusun.

Adibidez?
Pandemian zaintza sare garrantzitsua eratu zuten eta hausnartu behar zuten sare moduan euren jarduna hedatu behar ote zuten. Bestetik, barne-arigunean izateko % 80ko prestutasuna egon behar da eta ulermena % 100ekoa; Bolintxu elkartean, esaterako, ez da ematen ulermen hori, baina zaintza sare horretan parte hartzen du, eta sare horretan erraztasunak daude dinamika aurrera eramateko eta gainera, herritarrekiko harreman zuzena izan du. Potentzialitate handia dago Abusun.

Euskaraldiaren ariketa hasi aurretik aurreikusi duzue ekitaldi berezirik antolatzea Arrigorriagan?
Mahai gainean hainbat ekimen jarri genituen, baina denak bertan behera utzi behar izan genituen bizi izan dugun egoeragatik. Ez dakigu zer etorriko den, eta zerbait aurreikustea oso zaila ikusten dugu. Euskaraldia koordinazio orokorretik baliabide ezberdinak prestatu dituzte datorren egoera datorrela aurrera eramateko, baina ez dakigunez zer etorriko den, momentuz mahai gainean daude. Hala ere, Arrigorriagan bizia emango diogu eta ikusgarritasuna emango diogu Euskaraldiari.

Isasi Farmazia / Euskaraldia Arrigorriaga

Euskaraldiaren antzeko ekimena antolatu zuen Arrigorriagak lehen aldiz 2017an.
Euskal Herriko zenbait herritan horrelako esperientziak edo ariketak jarri zituzten martxan 2017an, lehen Euskaraldia hasi aurretik -2018an izan zen lehen edizioa-. Hain zuzen, esperientzia horietan oinarrituta sortu zen Euskaraldia. 2017an Arrigorriagan ‘3 egun euskaraz’ ekimena antolatu zuten.

Zure ustez, zein da formula magikoa Arrigorriagan euskara gehiago entzuteko?
Nik uste dut konplexuak alde batera utzi behar direla eta ausartak izan. Arrigorriagan eta beste herrietan euskararen ezagutza maila oso altua da eta abiapuntu horretatik abiatuta, norbanakook hausnartu behar dugu, eta gero, euskaraz aritu. Berdin du hasieran zein den zure maila, praktikarekin maila hori hobetu egiten da. Euskara eremu formaletatik atera behar dugu eta herritarren arteko harremanak euskaraz egin.

Irailean Euskaraldian parte hartzeko aukera bikaina orduan.
Noski. Euskara gure ondasuna da, eta horrez gain, oso ariketa interesgarria da Euskaraldia barne hausnarketa hori egiteko. Nik uste erronka bezala oso polita dela: komertzio edota taberna batera sartu eta lehen hitza euskaraz egitea, eta dendariak edo tabernariak euskaraz erantzutea. Benetan interesgarriak dira sortzen diren harremanak, eta hortik aurrera hizkuntza ohiturak aldatzea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak