→Arrigorriaga

Pedalei gogor eragiten jarri ditu Bizi Eskolak Arrigorriagako herritarrak

Inauguratu berri den Arrigorriagako Bizi Eskolak, gizarte eta lan integraziorako proiektuak, duela urtebete herrira etorritako migratzaileei lan egiteko aukera emango die

Duela urtebete hasi ziren Arrigorriagan inauguratu berri den Bizi Eskolaren sorrerarako proiektua eta haren antolaketa. Sorrera pasa den urtean herrira heldutako migratzaileetan dago, horiek baitira istorio honen protagonistak. Charles, Issouf, Moussa, Argi eta Ousmanez ari gara. Izan ere, hauek dira Bizi Eskolaren mostradorearen beste aldean aurkituko ditugun 23 eta 30 urte bitarteko gizonak. Boli Kosta, Senegal eta Kamerunetik etorri dira eta Arrigorriagan etxea aurkitu dute. Hala dio Charles Tourék, Bizi Eskolako langileak, “urtebete daramagu hemen, eta oso pozik eta gustura gaude”.

Arrigorriagako Gaztetxeko gazteek hasieratik dena eman zuten Afrikatik iritsi berri ziren pertsonen harrera eta bizitza ahalik eta eroso eta errazen izan zedin. Horretarako eman zuten lehen pausoa pertsona hauek Gaztetxean hartzea izan zen. Ondoren, herriko hainbat gazterekin bat eginez, Arrigorriaga Harrera sare solidarioa sortu zuten, zeinarekin migratzaileei maitasuna, errespetua eta etxe bat eskaini zizkieten.

BIZI ESKOLAREN JAIOTZA. Gizarteratzeko, lan egitea garrantzitsua da. Hala ere, etorkinentzat lana aurkitzea ariketa erraza ez dela argi dago. Izan ere, lan bilaketa horretan aurkitzen dituzten administrazio-trabak ugariak dira. Horixe izan zen, zehazki, proiektu hau aurrera eramateko arrazoi nagusia. Pedro Vallejok, Bilboko Biziz Bizi Txirrindularien Elkarteko eta Arrigorriaga Harrerako kideak azaldu duenez, “Bizi Eskola Arrigorriagako Gaztetxean bizi diren migratzaileei zuzendutako gizarte- eta lan-integraziorako proiektua da. Lan egitea da gizarteratzeko modurik errazena, baina egoera erregularizatu batean ez daudenez eta kontraturik ezin dutenez izan, elkarte bat sortu dugu, modu boluntarioan lan egin dezaten”, gehitu du Vallejok.

Bizi Eskolako bost langileek egingo duten lana ez da soilik haientzako aberasgarria izango, herritarrek ere asko ikasi ahal izango baitute. “Herritarrak Bizi Eskolara joan ahal izango dira bizikletak konpontzera eta beste hainbat gauzez gozatzera, baina ezin da ahaztu migratzaileen egoera ezagutzeko ere oso baliagarria izango zaiela”, dio Biziz Bizi eta Arrigorriaga Harrerako kideak.

Charles Touré, Bizi Eskolako langilea / Geuria

Eskola sortu baino lehen hasi zen guztia, Charles, Issouf, Moussa, Argi eta Ousman-ek Bilboko Biziz Bizi elkartearen bidez egindako zenbait tailerren bidez. “Biziz Bizin ematen genituen ikastaroetara etortzeko bizikletak lortu nizkien… Batzuetan horiek apurtu egiten ziren eta konpondu egin behar genituen, eta haiekin egiten hasi ginen. Horrela hartu zuen proiektuak forma”, azaldu du Pedro Vallejok. “Bizikleten inguruko hainbat tailer egiten ari ginen Bilbon Pedrorekin, eta egun batean Bizi Eskola proiektuari buruz hitz egin zigun”, azaldu du Charles Tourék. “Orduan esan zigun bertan lan egiteko gugan pentsatu zutela Arrigorriaga Harreratik… Pedrok guretzako oso ona izango zela uste zuela esan zigun eta gure artean pentsatu ostean, berarekin bat egin genuen, guretzat oso aukera ona izango zelakoan”, gehitu du Bizi Eskolako langileak. Bestalde, Eskolaren atzetik Arrigorriaga Harrera eta Biziz Bizi egoteaz gain, Arrigorriagako Gazte Asanblada eta Ongi etorri Errefuxiatuak elkarteak ere badaudela esan behar da. Horiek guztiek egindako elkarlanaren emaitza da Arrigorriagako Bizi Eskola.

ALOKATUTAKO LOKALA. Eskola sortzeko prozesua nahiko azkarra izan da. Hasieran, bizikleten konponketa edo zerbitzu horiek Gaztetxean egiteko asmoa zeukaten Arrigorriaga Harrerako kideek, baina denborarekin lokal bat bilatzea ideia hobea izango zela pentsatu eta hala egin zuten. Herriko Juan XXIII plazan kokatuta dago prestatutako bi pisu dituen zentroa. Aste batzuez soilik martxan egon arren, erabiltzeko prest eta konpondu beharreko bizikletez beteta daude bi solairuak. Izan ere, ekimena aurrera eraman ahal izateko, eskola ireki eta aste bat lehenago materialen bilketa egin zutela adierazi du Charlesek. Bilketa hori urtarrilaren 7an hasi eta hilaren 8, 9, 13, 14 eta 15ean zehar egin zen, bai Arrigorriagako Bizi Eskolan, baita Zazpikaleetan dagoen Bilboko Ekoetxean ere.

Horietan, berrerabiltzeko moduan zeuden bizikletak, kaskoak, txirrinak, gurpilak eta abar jaso ziren. Egun horietan zehar, berrogeita hamar bizikleta batu zituzten. “Jasotako bizikleta horiek tailerrera eraman, konpondu eta lehenengo pisuan jarri ditugu, jendeak ikusi ahal izateko”, azaldu du eskolako langilea den Charlesek. Horren harira, alokatze horretarako prestatu diren lehenengo bizikletak Parisetik ekarritakoak direla aipatu behar da, hau da, Frantziako hiriburuan erabilitako bizikleten mailegu sistemakoak. Izan ere, aipatutako bilketa solidario horren testuinguruan eman zizkien Parisen erositako bizikletak ixtear zegoen Bilboko denda batek.

Bizi Eskolaren egoitza / Bizi Eskola

Ekimena migratzaileengan eta langabezian edo baztertze arriskuan dauden pertsonengan pentsatuta egin dela azaldu du Biziz Biziko Pedro Vallejok. Hori dela eta, bizikletak birziklatu eta alokatzeaz gain, prezio merkean erosi ahal izango dira. Kasu horretan, interesatuari hamabost egunez utziko zaio ibilgailua lanera joateko, paseo bat emateko edo bere beharrak egiteko. Ondoren, hamabost egun horiek eta gero, garraio publikoan aurreztu duen diru kantitate hori ordainduko du bizikletaren truke. Horrako horien prezioa hogei eta berrogeita hamar euro bitartekoa izango dela dio Vallejok.

ANTOLATUTAKO EKINTZAK. Bizi Eskolako langileek hainbat ekintza eskainiko dizkiote bizikleta maite duten pertsona orori. “Eskolan hainbat ikastaro eskainiko dugu: bizikletan ibiltzen ikasteko tailerrak, mekanika ikastaroak bizikletak konpontzen ikasteko…”, azaldu du Charlesek, eskolako langileak. Hasierako asmoa ibilgailuak langileek eurek soilik konpontzea zen, hori baitzen eskolaren helburua. Baina, azkenean, ikastaro bat egitea bururatu zitzaien. Era horretan, zerbitzura bertaratzen denak, langileekin ikasi ahal izango du bere bizikleta nola konpondu, eta ondoren, behar duen bakoitzean eskola erabili ahal izango du hori egiteko. Zerbitzu hori Arrigorriagan emateaz gain, Ekologista Sagarrak taldearekin elkarlanean Basaurin ere eskainiko da, udalerrian mugikortasun iraunkorra bultzatuz eta gizarteratzeko modu bat sortuz, elkartasuna, ikaskuntza eta kulturartekotasuna sustatuz.

Proiektu solidario horrek, Arrigorriagan hutsune bat betetzeaz gain, migratzaileen egoera agerian jarriko du, eta herritar, bizilagun, elkarte eta gizarte-eragile gehiago harrera-proiektuarekin bat egitera animatuko ditu, aldi berean, sarea handituz eta migratzaileak ahaldunduz.

Aste batzuk daramatzate jardunean eta, momentuz, ekimena aurrera doa. “Jendea etortzen hasi da, Bizi Eskolaren eginkizunaz edo tailerretan parte hartzeko zer egin behar duten galdetzera”, esan du Bizi Eskolako Tourék. “Beraz, pixkanaka-pixkanaka aurrera goaz”. Biziz Bizi eta Arrigorriaga Harrerako Pedro Vallejok ere hala dio. Izan ere, lehen astean, hasi bezain laster, konpontzeko lau bizikleta eskolara sartu zirela gogoratu du, baita aste berean beste hiru eman zizkietela ere. Eskainitako ikastaroetan parte hartzeko eskolan izena-eman behar dute interesatuek, modu errazean. “Gurekin ikasi nahi duten pertsonek eskolara etorri, harpidetu eta hemen ditugun izen-emate orriak bete baino ez dute egin behar, burutu nahi duten ikastaroa zein den zehaztuz”, dio Charlesek.

IREKIERA EKITALDIA. Eskolako inaugurazioaz gogoratzean, herriaren berotasuna eta maitasuna datozkie gogora Bizi Eskolako langileei. Egun horretan, Bilbo zein Arrigorriagako jendea hurbildu zen zerbitzura, eskolari ongi etorria ematera. “Irekieraren egunean oso pozik geunden, gogobetekoa baitzen, azkenean, proiektua herritarrei ezagutzera ematea”, dio Charlesek. Horretaz aparte, jendearekin ekimenaz hitz egin ahal izatea eta herritar berriak ezagutzea aberasgarria izan zela azaldu du. “Arrigorriagara heldu ginenetik hemengo jendeak harrera bikaina egin digu, betaz, pozik gaude proiektu honen bidez jende gehiago ezagutuko dugulako”, gaineratu du Tourék.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak