☉ Arrigorriaga
Txarli Gorostiza ‘Txanpi’: “Lanean ez dut prozesio-beldarren erasoengatik hildako txakurrik izan”
Udaberriaren helduerarekin, pinuetako habietan neguko egun hotzak igaro dituzten prozesio beldarrak zuhaitzetatik jaisten hasi dira. Beldarrek pinuetatik lur azpira egin behar duten bidaia martxotik apirilerakoa bada ere, gero eta lehenago ikusten ditugu prozesio beldarrak gure eskualdeko herrietako parke eta mendietan, Hego Uribe eskualdean pinudi ugari baitaude eta urte hasieran tenperatura epelak izan baititugu.

Udaberriaren helduerarekin, pinuetako habietan neguko egun hotzak igaro dituzten prozesio beldarrak zuhaitzetatik jaisten hasi dira. Beldarrek pinuetatik lur azpira egin behar duten bidaia martxotik apirilerakoa bada ere, gero eta lehenago ikusten ditugu prozesio beldarrak gure eskualdeko herrietako parke eta mendietan, Hego Uribe eskualdean pinudi ugari baitaude eta urte hasieran tenperatura epelak izan baititugu. Fenomeno hau dela eta, sare sozialetako komunitateetako erabiltzaileak gero eta gehiago larritzen dira animalia hauek herrigunean ikusten dituzten bakoitzean. Beharrezkoak al dira, baina, beldur horiek guztiak?

Beldar ilarako lehena // Geuria
Beldar guztiak tximeleta batek udan jarritako arrautzetatik datoz. Momentu horretan hasten da beldarren bizitza-zikloa. Prozesio-beldarren kasuan, tximeletak 300 arrautza inguru jartzen ditu pinuetako adarretan eta arrautza horietatik irten bezain pronto lurperako bidaia egingo dute: zuhaitzaren enborraren azaletik behera astiro-astiro eta 60 beldarrek osatutako ilaretan doaz, hortik prozesio-beldar izena. Hilerako lehen beldarra emea da. Lurrera heltzean lurperatzeko leku bigun aproposa bilatzen dute eta batzuetan 30 metrorainoko distantzia luzeak egiten dituzte. Hilabete batzuk ematen dituzten lurpean, krisalida moduan eta uda aldean tximeletak jaiotzen dira bertatik.
Ziklo hau urtean behin egiten zuten beldarrek duela urte gutxira arte. Gaur egun, aldaketa klimatikoaren eraginez, egun epelagoak ditugu, eta zikloa bikoiztu dela azaldu du Arrigorriagako Arkakuxoko Txarli Gorostiza ‘Txanpi’ albaitariak (Bilbo, 1971): “Duela urte batzuk, beldarrek urtean ziklo bakarra zuten, eta pinutik lurrera egiten duten ibilbide tartea martxotik apirilerakoa zen. Aldaketa klimatikoak ziklo hau bikoiztu egin du behin baino gehiagotan, eta azken urteetako Gabonetara arteko egunak epelak izan ditugu. Hori dela eta, prozesio beldarrak udaberri hasieran zein udazkenean ikusten hasi gara”, azaldu du albaitariak.

Beldar habia // Geuria
Txanpik 23 urte daramatza albaitaritza lanetan, eta Madrilen hasi bazen ere 2008an ireki zuten Arrigorriagako klinika. Bertan dihardu lankideekin eta Lupe izeneko txakur txikiarekin: “Hego Uriben pinuz inguratuta gaude, eurekin negozioa egiten delako: Pagasarriko zonaldean pinuak daude, Upon eta Mandoian pinuak dauzkagu, Zeberioko errepideetan pinuak daramatzaten kamioiak ikus daitezke atzera eta aurrera… Pinua egotean, prozesio-beldarrak dauzkagu“. Urtez urte gai honen inguruko askotariko publikazioak ikus daitezke sare sozialetan: alarma piztu dela, txakurrekin inoiz baino kontu handiagoa izan behar den garaia dela… eta Facebook bezalako sareetan nekrosiz betetako txakurren mingainak dituzten argazkiak hedatzen dira, askotan behar baino garrantzi gehiago emanez betidanik existitu den natura fenomeno honi.

Beldarrak, batuta // Geuria
Erasoa, defentsarik onena
Prozesio-beldarrak edo Thaumetopoea pityocampak oso erraz bereizi daitezkeen intsektuak dira. Pinuetan zintzilik dauden habia zurietatik irten bezain pronto, ilara handiak egiten dituzte, ondoren lurperatu ahal izateko. Prozesio-beldarrak Trikoma izeneko ‘ileak’ dituzten lau zentimetro inguruko intsektuak ditugu. Beldar bakoitzak 500.000 trikoma izan ohi ditu eta hauetan Thaumatopina izeneko toxina dago. Kanpoko eragile baten hurbileko mehatxua sentitzen duten bakoitzean, beldarrek trikoma pozoitsu horiek askatzen dituzte, dardo toxikoen antzeko efektua sorraraziz eta izaki bizidunen azala ukitzean azkura eta larruazaleko erreakzioak eraginez: “Beldarren defentsa-sistema hau intsektu hauek ukitzean jartzen da martxan, baina intsektuak bakean uzten badira ez da ezer gertatzen”. Dagoeneko, biktima arruntenak txakurrak izan ohi dira, edozer gauza arnastea biziki maite dutelako, eta prozesio-beldar batekin talka egiten dutenean hasten dira arazoak. Gorostizaren arabera, prozesio-beldarrek sor ditzaketen kalterik larrienak “bereziki animaliek intsektu hauek zapaldu eta ahora eramanez miazkatzen dituztenean gertatzen dira”, azaldu du Txanpik. “Txakur batek prozesio-beldarrak zapaltzen baditu azkura eta urtikaria pairatu ditzake, hipersentiberatasun erreakzioa…”, jarraitu du albaitariak.

Beldar emea, ilarako lehena, lurperatu baino lehen // Geuria
Arazo larriena beldarrak ahora eramatean gertatzen dela dio Gorostizak: “Beldarren toxina oso arriskutsua da, bereziki txakurren mukosetan, inflamazio handia eragiten duelako eta glotisa inflamatuz gero txakurrak ito daitezke. Hori da benetako arriskua”. Gerta daitekeen beste arazo bat animaliaren mingainean nekrosia sortzea da: “Batzuetan mingain zati bat erortzen zaie nekrosiaren eraginagatik. Txakur txikiek gehiago pairatzen dituzte beldarren erasoak, euren organismoa askoz txikiagoa baita eta toxina kopuru txikiagoarekin kalte handia jasan baitezakete. Kasu hauetan arin ibili behar gara eta txakurra albaitariarengana ahalik eta lasterren eraman”, argitu du Txarlik. Hala ere, gorputzeko bestelako atal batean beldarren erasoa jasaten badute, arazoa uste baino txikiagoa da: animaliek mina edo azkura izango dute, “baina ezer gehiago ez, normalean: ez dut nekrosi kasurik ikusi mukosetatik kanpo”.
Albaitaria kezkatuta agertu da azken urteetan agertzen joan den joera batekin: gero eta gehiago dira mendira Urbason kortikoideak daramatzaten ibiltariak. Gorostizak gehiegikeria dela argudiatzen du: “Gero eta gehiago dira errezeta horiek eskatzen dizkidatenak, eta ez dut uste horrelako beharrik dagoenik. Ezjakintasun asko dago gai honen inguruan eta kortikoide horiek behar bezala txertatzen jakin behar da”. Albaitariaren hitzetan, ziztada ematea erraza da, baina txertoa ondo jartzea bestelako gauza da: “Eragin onena izateko, txertoa zirkulazio-sisteman ipini behar da, zainetan. Muskulu-barneko txerto bezala jarriz min handia eragin diezaiokegu txakurrari eta azal azpiko txerto bezala jarriz gero, eragina askoz motelagoa izango da eta efektua askoz txikiagoa”.

Beldarrak, enbor batetik jaisten // Geuria
Sintomak eta tratamendua
Txakur batek prozesionariak zapaldu edo ahora eraman baditu bistakoa izan ohi da, sintoma garrantzitsuen artean mingaina asko mugitzea (askotan hankarekin astinduz), mina eta inflamazioa izango du aho inguruan eta ziurrenik aparra botako du. Kasu horietan egin behar den lehenengo gauza animaliari ur epela ematea eta lehen baino lehen albaitariarenera eramatea dela azaldu du Txanpik: “Nik, albaitari bezala Urbasona daramat autoko botikinean, baina albaitaria naizelako eta badaezpada. Bestela ez nuke eramango, esperientziarik ez daukan inork txertoa gaizki jartzen badu ez duelako animaliaren ongizatea zertan bermatuko”.
Prozesio-beldar batek pozoitutako txakur bat albaitariarenera heltzen denean bide parenterala jarri eta Urbason bezalako antiestaminiko gogorra ematen zaio. Gero serumterapia eta antibiotikoak ematen zaizkio: “24-48 ordu igarota jakin ahal izango dugu prozesio-beldarrak nolako mina eragin dion txakurrari, baina normalean aho eta mingain kontua izan ohi da”. Nekrosia ehunaren hiltzea da, eta nekrosia daukan mingain batera ez da odola heltzen: “Nekrosia duen ehun hori hil egin eta mingain zatiak jausi egiten dira batzuetan, beranduegi denean”. Muturreko kasu horietan, mingain zatiak falta arren txakurrek bizimodu arrunta egin dezaketela azaldu du albaitariak: “Txakurrek ez dute hitz egiten eta alde horretatik ez dute inolako problemarik. Nekrosia pairatu ostean normaltasunez jan eta edaten dute.

Beldarrak, lurperatu baino lehen // Geuria
Albaitariak azaldu du prozesio-beldarrenganako alarma urteroko kontua dela eta ez daukala hainbesteko garrantzirik: “Larritasun handirik ez daukan gai honekin asko larritzen da jendea, eta datuei begira kausalitatea ez da oso handia: Arkakuxoko agenda hitzorduz beteta daukagun arren, urte osoan zehar prozesio-beldarren inguruko hiruzpalau kasu baino ez ditugu eta nire esperientzia profesionalean ez dut kausa honengatik hildako txakur bakar bat ere izan”.
Gorostizak dio gomendiorik onena intsektu hauek saihestea dela, baina larritu barik. “Beldarrak bakean utzi behar dira, eta are gehiago, ez ditugu inondik inora ere zapaldu behar: oso urtikanteak dira. Nik neuk txikitan zapaldu nituen eta egun bi eman behar izan nituen ohean. Oso esperientzia txarra izan zen. Thaumatopina toxina inflamatorioa eta alergikoa da animalia zein gizakiarentzat eta kasurik txarrenean, alergia daukan gizaki batek anafilaxia pairatu dezake.
☉ Arrigorriaga
Argazkiak | Sorginek eta mamuek Arrigorriagako Gau Beltza hartu dute etxeko txikiekin
Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek

Heldu da urriaren azken eguna eta horrekin… Gau Beltza. Azken urteetan ikusi denez, Hego Uribeko udalerri askotan antzinako tradizio hau berreskuratzen joan dira herritarrak eta Arrigorriagan ez dira gutxiago izan.
Izan ere, Arrigorriagako Gau Beltza etxeko txikientzat eta gazteentzat prestatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek 17:30ean. Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute, sorginen txano eta sendabelarren artean. Ondoan, kalabazak apaintzeko eta aurpegiak margotzeko eta eskulan-tailerra prestatu dute.
Orduek aurrera egin ahala, herritarrak udaletxeko plazara hurbiltzen hasi dira, askotariko mozorroekin jantzita eta jolas eta koreografiak egin dituzte bertan. Amaitzean kalejira antolatu dute herriko kaleetan barrena.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Mendi Asteak emakumeen ahotsak ekarriko ditu Lamiaena eta Lonbo aretora
Aurtengo hitzaldietako protagonistak Igone Mariezkurrena, Elixabete, Johanna eta Bego hirukotea eta Pipi Cardell izango dira

Azaroaren 10etik 20ra Mendi Astea antolatu du Padura Mendi Taldeak Lamiaena Emakumeen Etxean eta Lonbo aretoan.
Aurtengo hitzaldietako protagonistak Igone Mariezkurrena, Elixabete, Johanna eta Bego hirukotea eta Pipi Cardell izango dira. Gainera, Alex Txikon beste urte batez hurbilduko da Lonbo aretora.
Saioak arrastietan izang0 dira eta sarrera doakoa izango da.
Egitaraua | Arrigorriagako Mendi Astea 2025
Azaroak 10, astelehena
20:00 Igone Mariezkurrena: ‘Leshoto, mendietako erresuma afrikarra, bizikletaz’, Lonbo aretoa
Azaroak 13, osteguna
19:00 Elkarregaz (Elixabete, Johanna eta Bego): ‘GR 11, zeharkaldi bat baino gehiago’, Lamiaena
Azaroak 18, asteartea
20:00 Pipi Cardell: ‘Nanga Parbat (8.125mt) – Via “Nezabudka”‘, Lonbo aretoa
Azaroak 20, osteguna
20:00 Alex Txikon, Lonbo aretoa
☉ Arrigorriaga
Argazkiak | Ehun arrigorriagar baino gehiagok Heidelberg enpresan gertatutako heriotza-istripua salatu dute herriko plazan
“Eredu berri bat behar dugu Euskal Herrirako, enpresen irabazi ekonomikoen aurretik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duena. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu, eta horren alde borrokatu eta antolatuko du langileriak”, aldarrikatu dute herritarrek

Gaur arrastian joan den urriaren 22an Arrigorriagako Heidelberg enpresan gertatutako heriotza-istripua salatu dute herritarrek, udalatxe aurreko plazan.
Elkarretaratze isila izan da, 20 minutu ingurukoa. Amaitzerakoan adierazpenak egin dituzte: “Istripuak ez dira kasualitateak sortuak. Ematen diren prekarizazioaren eta lan baldintzen ondorio zuzenak dira. Patronalaren aldetik, kapitala langileen segurtasunaren gainetik jartzearen ondorioz. Lan istripu bat eragiten duen makinak ez du lan osasunerako araudia betetzen; Eusko Jaurlaritzari dagokio enpresei lan-osasun araudia betearazteko bitartekoak jartzea eta ez dute egiten”.
Herritarrek elkartasuna eta babesa adierazi diete istripuaren ondorioz zendu zen langileari. “Eredu berri bat behar dugu Euskal Herrirako, enpresen irabazi ekonomikoen aurretik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duena. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu, eta horren alde borrokatu eta antolatuko du langileriak. Aski da, bizitzak erdigunean!”.
19:45ak inguru amaiera eman diote elkarretaratzeari, txalo zaparrada batekin.
☉ Arrigorriaga
Gazteen hiru laurdenak ezin du emantzipatu Arrigorriagan, udal diagnostikoaren arabera
Txostenaren helburua “joera demografikoak, egoera sozioekonomikoa eta etxebizitza parke publiko zein pribatuaren ezaugarriak” ezagutzea dela adierazi dute udal ordezkariek

Arrigorriagako Udalak herriko etxebizitza diagnostikoa egin du, udalerriko etxebizitza egoeraren argazki zehatza jasotzeko asmoz. Txostenaren helburua “joera demografikoak, egoera sozioekonomikoa eta etxebizitza parke publiko zein pribatuaren ezaugarriak” ezagutzea dela adierazi dute udal ordezkariek.
Ikertaldek eraman du azterketaren ardura, eta haren arabera, “udalerriak %10,7ko hazkunde demografikoa izan du 2001etik, Euskal Autonomia Erkidegoko batez bestekoa gaindituz”.
Hazkunde hori, Bilbo Handiko migrazio-dinamiken ondorioz izan da batez ere, eta ondorioz, etxebizitza-premia duten gazteen kopurua ere handitu egin da.
Aldiz, eskaintza ez da erritmo berean hazi, eta horrek prezioetan eragin nabarmena izan du. Horren erakusgarri da Etxebiden izan den eskari kopurua, Arrigorriagan inguruko herrietan baino handiagoa dena.
Gazteen egoerari dagokionez, emantzipazio-tasa orokorra %28,1ekoa da, EAEko batez bestekoaren azpitik. Hau da, 34 urtetik beherakoen ia hiru laurdenek ezin dute emantzipatu gaur egun. Auzoen artean aldeak daude: Abusun %36,1eko tasa da, eta Herrigunean %24,9koa.
Bestalde, udalerriko etxebizitzen %10a hutsik dago, eta azken urteetan ez da nabarmen handitu alokairura bideratutako etxebizitzen kopurua. Salerosketaren erritmoak ere behera egin du, eta gaur egun metro karratuko prezioa 2.400 eurotik behera dago, Bilbo Handiko batez bestekoaren azpitik.
Gardentasuna eta etorkizunerako oinarri sendoak
David Cidre Hirigintza zinegotziaren hitzetan, diagnostikoa “gardentasun-ariketa bat” da, etorkizuneko etxebizitza politiken oinarria, hain zuzen ere: “Emaitzek argi erakusten dute Arrigorriaga udalerri erakargarria dela, baina, aldi berean, etxebizitza eskuratzeko arazoak badaudela. Guretzat, etxebizitza oinarrizko eskubidea da, eta ez inbertsio espekulatiborako merkantzia”.
Udal gobernuak etxebizitzaren erronkari aurre egiteko duen asmoaz ere hitz egin du Cidrek: “Txosten hau hasiera besterik ez da. Orain, azterketan identifikatutako arazoei erantzungo dieten neurri zehatz eta ausartak zehazten ari gara”.
Zailtasunak zailtasun, Arrigorriagako Udalak etxebizitzaren egoera hobetzeko hainbat pauso eman dituela nabarmendu nahi izan dute udal gobernutik.
Duela urtebete onartu zen behin betiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, eta aurten bertan, Maite Ibarra alkatea, David Cidre eta Josetxu Olivares arkitekto aholkularia Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendari Pablo García Astrainekin bildu ziren, babes sozialeko 127 etxebizitza eraikitzeko hiru orube eskaintzeko.
Horrez gain, gobernu taldea beste udal batzuetako proiektuak bertatik bertara ezagutzen aritu da, etxebizitza arloko esperientziak partekatzeko helburuarekin.
Herritarrentzako aurkezpenak azaroan
Txostenaren emaitzak herritarrek gertutik ezagutzeko, Udalak bi aurkezpen publiko antolatu ditu:
Azaroaren 6an, 19:00etan, Edurne Garitazelaia kultur etxean (Azokea aretoa)
Azaroaren 12an, 19:00etan, Abusuko Zentro Soziokulturalean
☉ Arrigorriaga
Bideoa | Dozenaka pertsona elkartu dira Arrigorriagan Heidelberg enpresan gertatutako lan-heriotza salatzeko
LAB: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea. Harrapaketa sor dezakeen edozein tresna egokitu beharra dago”

“Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte” lelopedun pankartarekin dozenaka pertsona elkartu dira Arrigorriagako udaletxeko plazan, joan den asteazkenean Heidelberg enpresan gertatu zen lan-heriotza salatzeko.
Elkarretaratzea LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek deitu dute: “Dauzkagun datuen arabera, torno batek harrapatuta hil zen eskualdeko langile bat”, azaldu du Agus Figal LABeko Hego Uribe eskualdeko arduradunak. “Gaur elkartu garen sindikatuok egoera hau salatu nahi dugu”, izan dira sindikatuko ordezkariaren berbak.
LABeko ordezkarien arabera, Heidelberg enpresan gertatutako istripua “ekidin zitekeen”: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea. Harrapamendua sor dezakeen edozein tresna egokitu beharra dago. Lan-kodeak argi esaten du hori hala egin behar dela”.
LAB: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea”

Elkarretaratzean egon diren herritar batzuk // Geuria
Agusen hitzetan, lan prebentziorako eskumena Eusko Jaurlaritzarak dauka: “Baina, Jaurlaritzak beharrezkoak diren aldaketak egiteko zein behar diren prebentzio neurriak hartzeko presioa egin beharrean, enpresei nahi dutena egiten uzten die. Ondorioz, honelako ondorio larriak gertatzen dira”.
LAB: “Jaurlaritzak beharrezkoak diren aldaketak egiteko zein behar diren prebentzio neurriak hartzeko presioa egin beharrean, enpresei nahi dutena egiten uzten die”
Ezbeharra gertatu zenetik ekimen ezberdinak antolatu dituzte eskualdean: ELAk elkarretaratzea deitu zuen enpresa aurrean; gaur, euskal gehiengo sindikalak Arrigorriagako elkarretaratzea antolatu du.
Hurrengo astelehenean, herrian ere beste elkarretaratze bat deitu du herri mugimenduak, 19:30ean, “Prekarietateak hiltzen du” lelopean.






















































































