→Arrigorriaga

Juan Lekue: “Ahaztuen istorioa kontatu dut: Ameriketan bizimodu berria sortzea lortu ezin izan zutenena”

Juan Lekue, Lonbo aretoan / Geuria

Arrigorriagako idazleak Solitude eleberria aurkeztu du Lonbo aretoan, hiru urteko lana eman dion argitalpena. Idazle eta irakasleak Iparraldeko Jean Claude eta Lucilleren istorioa kontatu du bere azken eleberrian. Diaspora garaian kokatuta, XX. mendeko euskaldun askok bizitako bakardadera garamatza liburuak, Old Countryarekin amets egiten duten gazte bik euren etorkizuna bermatzeko borrokaren ingururan. Liburuaren aurkezpena Lonbo aretoan izan zen urriaren 1ean eta azken lan hau argitaratu ahal izateko bizitako abenturaren inguruan berba egin dugu Lekuerekin. 2019an argitaletxeari entregatu ostean, hurrengo lanari ekin zion.

Diaspora eta bakardadea uztartu dituzu ‘Solitude’ lanean
Alde batetik diasporaren inguruko kronika bat da. Bertan garai hartako jendearen bizimodua eta lurralde berrira heldu zirenek topatu zituzten oztopoak kontatu ditut, testuinguru erreala sortzeko. Beste alde batetik, eleberriaren gai nagusia bakardadea da.

Zein istorio kontatzen duzu bertan?
XX. mendean Euskal Herriko jende askok Hego eta Ipar Ameriketara alde egin zuen. ‘Solitude’-ren kasuan, Jean Claude eta Lucillek, eleberriko protagonistek, Ipar Ameriketara alde egin zuten eta euren abentura kontatu dut, Ellis uhartera heltzen direnetik. Hortik Nevada edo Idahora lau eguneko bidaia dute pertsonaiek. Lurralde berrira heltzean, Jean Claude, garai hartan diasporako jende guztia bezala, artzain bezala lan egiten hasten da eta bertan ezagutzen du ofizioa, ardiekin zortzi hilabete ematen dituelako mendian.

Euskal Herriko artzaintzarekin antzekotasunik ba al du?
Euskal Herriko jende guztia ez zen artzaina, eta artzain zirenek ez zituzten Ameriketako artzainek beste ardi: Euskal Herrian 20 eta 200 ardi inguruko artaldeak zituzten, eta garai hartan Ameriketan normala zen 2.000 ardi baino gehiagoko artaldeak izatea eta artzainak 17 eta 22 urte bitarteko gazteak izatea.

Zergatik Ameriketako istorio bat?
Bost urtero Boisen euskal jaia antolatzen dute. Duela bost urtekoan diaspora eta euskal herritar haien arbasoak gogoratu zituzten… Old Countrya edo Lurralde Zaharra nostalgiaz eta oroitzapen onekin gogoratzen dute. Boiseko azken jaialdia ospatzen ari zirelarik horren inguruko artikulu bat irakurri nuen aldizkari batean. Bertan Euskal Herritik Ameriketara alde egin eta bizimodu berria eratzea lortu ezin izan zutenen istorioa kontatzen zen, bakardadean murgilduz. Hortxe topatu nuen istorioa, eta esku artean neukan proiektua bertan behera utzi nuen ‘Solitude’-rekin hasteko.

Bakardadean bizi al gara gaur egun?
Munduan pertsona ugari egon arren, askotan ez dago euren arteko harremanik. Egia da ez dagoela alderik gaur egungo bakardadearen eta XX. mendeko bakardadearen artean. Bakardade hori askotan ikusten dugu pertsona nagusietan, gazteetan…

Eleberria gaztelaniaz idatzi duzu eta ingelesezko izenburua dauka
Ingelesez eta frantsesez gauza bera adierazten du: bakardadea. Jean Claude Iparraldekoa da eta euskaraz eta frantsesez hitz egiten badaki, baina ingelesez ez. Eta Estatu Batuetara alde egiten du. ‘Solitude’ hitza frantsesez ezagutzen du, eta oso gogorra egiten zaio hizkuntza ez ezagutzea. Jean Claudek bezala, diasporako jende askok ez zuen ingelesa ikasi.

Erreala da istorioa?
Eleberrian zati bi daude: batean kronika dago. Alde honetan dokumentazio-lanaren bidez sortutako testuingurua dago. Aldez aurretik ez nekien ezer, eta proiektu honen bidez pilo bat irakurri dut. Irakurritako liburuetan euskaldun batzuk agertzen ziren eta euskaldun horiek agertzen ziren egunkarietan bilaketak egiten hasi nintzen. Artikuluak, erreportajeak eta askotariko argitalpenak irakurri ditut, eleberriko pertsonaiak behar bezala kokatu ahal izateko. Bestalde, pertsonaiak fikziozkoak dira: Jean Claude eta Lucille Euskal Herriko Iparraldeko pertsonak ditugu eta testuinguru erreal horretan mugitzen dira.

Dokumentazio-lanak pisu izugarria izan du liburu honetan
Edozeren inguruan aritzeko, horren inguruko ezagutza izatea beharrezkoa zen. Artaldeen inguruan, esaterako, ardiei buruz idatzi behar banuen, ardiek zer jaten duten ezin hobeto ezagutzea beharrezkoa zen niretzat, eta liburua idazten nengoelarik beste liburu batzuk irakurri nituen, informatuta egoteko. Garai hartan hirietako jendea hoteletan bizi zen. Horren inguruan idatzi behar banuen idazteari utzi eta tartean istorio horiek kontatzen zituzten liburuak irakurtzen nituen.

‘Solitude’ idatzi aurretik Ameriketan egondakoa zinen?
Zerotik hasi nintzen, eta irakurritakoaz gain anaia eta arreba Ameriketan egondakoak dira, New York, Nevada, Wyoming-en… eta tokian tokiko zalantzak argitzeko oso baliagarriak izan dira.

Zerk deitu dizu arreta Ameriketan?
Bertako paisaia izugarriak.

Azalean akordeoi bat ikus daiteke. Musikak garrantzia dauka zure nobelan.
‘Solitude’-n Maurice Ravel agertzen da, Ziburuko konpositorea. Guridi, Arriaga eta Sorozabal ere agertzen diren arren, Ravel da nagusia eta bere musikak eleberriko pertsonaia guztiak lotzen ditu, batez ere La Menorreko Hirukotea kantarekin. Askotan entzun dut Ravel eta abesti guztietatik La Menorreko Hirukotearenak bereziki arreta deitu zidan. Berez, kanta hori hautatu baino lehen beste batzuk entzun nituen eta horien artean euskal kantutegiko Adios Izar Ederra zegoen (Baionakoa). Entzun bezain pronto konturatu nintzen abesti biek hasiera bera zutela. Nola zen posible hori? Ikertzen hasi nintzen eta artikulu bat topatu nuen. Bertan kontatzen zen Ravelek artzain bat entzun zuela Adios Izar Ederra kantatzen.

Nolakoa da zure sormen prozesua?
Hasi baino lehen eleberri guztia buruan daukat, ezer idatzi barik. Idazteko prozesuan amaierarekin hasten naiz beti eta lan gehien ematen didana hasiera bera egitea da. Lehen kapituluak idazten hilabeteak eman ohi ditut, bertan aurkezten baitira istorioaren testuingurua eta pertsonaiak.Hainbat kapitulu idatzita ditudanean lehenengora itzultzen naiz, orrazteko. Dagoeneko, idatzi dudan azken kapitulua lehena da. Niretzat hala errazagoa da. Bitxia, ezta?

Hainbat generotan aritutakoa zara
Bai, ‘Solitude’ moldatutako kronika bada ere, normalean fikzioan ibili ohi naiz. Kronikaren generoan erabat gustura ez banago ere liburu honekin pila bat irakurri eta ikasi dut. Hiru urte eman ditut liburu egiten. 2019ko urtarrilean entregatu nuen eta ondoren publikazio prozesuan sartu zen. Tarte horretan Covid-19aren pandemia izan dugu eta den-dena atzeratu egin da.

Idazteko orduak badituzu?
Ia egunero idazten dut, tartea daukadanean. Asteburuetan astean zehar baino gehiago idazten dut, eta baita oporretan ere.

Eta deskonektatzen al duzu noizbait?
Ideiak buruan daramatzat edonora. Mendira edo Basaurira noanean, pertsonaiak nirekin datoz.

Autoeditatzeko aukeran pentsatu al duzu inoiz?
Ez. Idaztea gustuko dut, gehiago edo gutxiago publikatzen bada ere. Editoreen lana eta idazle eta editoreen arteko harreman hori benetan garrantzitsua da amaierako produktua ondo argitaratu ahal izateko. Ikuspuntu asko behar dira kasu hauetan.

Solitude eleberria / Geuria

Azken lan hau Txertoa argitaletxearen bidez kaleratu duzu. Nolakoa izan da eurekin lan egitea?
Hasieratik harreman ezin hobea izan dugu gure artean. Argitaletxe handiek aldez aurretik diseinatutako mezuak dauzkate, zure proposamenak euren ildo editorialarekin bat ez datozela esanez, eta beste argitaletxe batzuek ez dute erantzunik ematen ere.

Ameriketara bidaiatu barik, pentsatu al duzu inoiz Arrigorriagari buruzko eleberriren bat idaztea?
Jendea oso erretxina da eta ni askotan oso gogorra izan ohi naiz idazten. Herriko gauza batzuk ezin dira esan, nahiz eta fikziozkoak izan. Dena den, nire lan guztietan Arrigorriaga aipatzen dut laster edo berandu.

 

Juan Lekue, Arrigorriagan / Geuria

Idazle izatetik bizi daiteke inor egun?
Pertsona horrek oso idazle ona izan behar du, eta errentagarria izateko idazteaz gainera hitzaldiak eman behar dira, eskolaz-eskola klaseak eman behar dira, egunkarietan idatzi behar da, elkarrizketak eskaini… baina liburuak idaztetik bizitzea? Nire ustez ezinezkoa da. Euskal Herrian 1.000 ale saltzearekin aski genuke, baina oso gutxi gara eta euskarazko argitalpenek gaztelaniazkoek baino aukera gutxiago dituzte.

Zelako harrera izan du Solitudek?
Oso ondo saltzen ari da eta jendearengandik feedback positiboa jasotzen ari naiz. Benetan gustura nago.

Zer duzu esku artean orain?
Solitude entregatu bezain pronto hurrengo lanarekin hasi nintzen. Urte eta erdi daramat proiektu honekin, eta sekretua bada ere, ez dakit etorkizunean argitaratuko dudan ala ez. Hori ikusteko dago!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak