→Arrigorriaga

Urko Ibañez: “Urkiak, haltzak, lizarrak edo sahatsak bertoko landaredia dira. Panpa belarrak eta buddlejak, inbaditzaileak”

Geuria #076 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak”
Irakurri osorik PDFan

Naturaren inguruko Lanbide Heziketa ikasi zuen Urko Ibañez arrigorriagarrak. Gaur egun basozaina da eta Bizkaiko Foru Aldundian lan egiten du. Berarekin batu gara Mendikosolon eta esan digu Etxerre Arrigorriagako putzuaren oso antzekoa dela. Bere garaian, 1983ko uholdeak eta gero Etxerreko putzuan “hondakin pozoitsuak” bota zituztela adierazi du: “Kutsadura putzuaren barnealdean dago. Eutrofizazio asko dago eta oxigenorik ez dago, beraz, oxigenorik ez badago, bizitzarik ere ezin da egon”, dio Ibañezek. Etxerreko floraz eta faunaz ere aritu gara basozainarekin.

Zer nolako lanak egiten dituzue?
Aldundiko basozainok Bizkaiko natura-guneak kudeatzen ditugu. Besteak beste, naturari buruzko datuak kudeatzen ditugu, eta baso-landaketak, baso-mozketak, eta erreketak ere egiten ditugu. Era berean, baso-suteetan ere parte hartzen dugu, beste lankide batzuk ehizaz eta arrantzaz arduratzen dira edota beste batzuek mehatxatuta dauden espezieak edo espezie inbaditzaileak aztertzen dituzte.

Urko Ibañez Mendikosolo inguruan / Geuria

Etxerreko putzuaz, zer esan zenezake?
Etxerreko putzua garai batean harrobia izan zen: kareharria ateratzen zuten bertatik. Gero, 1983. urteko uholdeek Bizkaia urez gainezka utzi ondoren, zabortegi modukoa bilakatu zen: hondakin asko bota zituzten, tartean, hondakin pozoitsuak. Etxerreko gune hori Basaurik eta Zararamok hartzen dute, eta Zaratamoko zatia zaborrez beteta gertatu zen. Basaurikoa, ordea, urez bete zuten. Ur-emari bat dago barnean eta putzuak ura jasotzen du.

Hondakin pozoitsuak bota zituztela diozu.
Bai. Hondakin pozoitsu asko bota zuten eta eutrofizazio handia sortu zen. Eutrofizazioa eragiten duten elikagai nagusiak nitratoak, fosfatoak eta materia organikoa dira. Lehenengo biak hazkundearen faktore mugatzaileak direnez, beren ugaritasunak landareen hazkundea, batez ere, areagotzen du.

Beraz, kutsatuta dago putzuaren barnealdea.
Hala da. Kutsadura asko duen ingurunea da Etxerrekoa: lurra kutsatuta dago, baita ura ere. Agian denborarekin autoarazteko aukera izango du, baina esango nuke kostatuko dela ur hori garbia izatea.

Flora eta faunaz zer esango zenuke?
Garai batean bertoko landaredia asko sortu zen. Hala nola, urkiak, haltzak, lizarrak, sahatsak… Azkenengo urteetan espezie inbaditzaileak ere sartu dira, adibidez, panpa belarrak edo buddlejak. Espezie inbaditzaile horiek txarrak dira, azkenean bertako landaredia lekualdatzen dutelako. Hortaz, hori etorkizunean kontrolatu beharra dago, ingurune polit bat izatea nahi baldin badugu, behintzat.

Aipatu duzu Etxerreko uraren egoera ez dela ona eta denborarekin onera egin dezakeela, baina gaur egun bertan espezie batzuk bizi dira, esaterako, ahateak. Zer nolako adaptazio-ahalmena izan behar du animalia batek Etxerre bezalako putzu batean bizi ahal izateko?
Kutsadura putzuaren barnealdean dago. Ur mailan gero eta gorago joan, gero eta kutsadura gutxiago dago. Putzuaren barnealdean suposatzen dut ezin dela bizitzarik egon: anoxia dago (oxigeno falta). Azkenean eutrofizazio asko dago eta oxigenorik ez dago, beraz, oxigenorik ez badago, bizitzarik ezin da egon.

Goi-geruzan, ordea, bizitza egon daiteke. Basa-ahateak egon ahal dira, lertxunak ere bai, ur-oiloak… Egia esan, toki aproposa da txorien migrazio garaian, izan ere, txori asko itsasotik sartzen dira Bilbo ingurura eta horrelako putzuak oso garrantzitsuak eta aberatsak dira paseko hegaztientzat. Bizitzeko lar zaila da Etxerre hegazti horientzat, batez ere kutsaduragatik janari gutxi dagoelako bertan. Hau da: atseden hartzeko ondo, baina bizitzeko ez.

Narrastirik topatu daiteke Etxerren?
Bi narrasti mota daude gurean uraren inguruan: suge gorbataduna eta suge biperakara. Uretako sugeak dira eta arrainak edota urarekin harremanetan dauden intsektuak jaten dituzte: uhandreak, arrabioak… Ez dakit horrelako narrastirik egongo den Etxerren, baina egon, egon daitezke. Janari gutxi topatuko dute uretan, baina espezie nahiko orokorrak dira eta horregatik egon daitezke.

Urko Ibañez basozaina Mendikosolon / Geuria

Etxerre bezalako bestelako putzurik edo urtegirik ba al dago eskualdean?
Eskualdean Mendikosoloko urtegia, Arrigorriagan, Etxerreren oso antzekoa da. Sakonera berdintsua daukate biek. Desberdintzen dira, batez ere, Mendikosolo urtegiari ibai batek ematen diolako ura. Etxerrekoak ur-emari txikitxo bat baino ez dauka ura bertara sartzeko. Oso antzekoak dira Zugastietan (Arboleda) dauden putzuak. Garai batean meategiak eta harrobiak izandakoak dira.

Zenbat denbora uste duzu beharko litzatekeela Etxerre berriro osasuntsu egoteko?
Ezer egiten ez badugu, ehunka urte. Badirudi Zaratamoko eta Basauriko Udalek proposatu zutela orain dela urte batzuk zonalde hori gizartearentzat berreskuratzea. Azken batean inguru polita da jendea bertan egoteko, baina momentuz, nik dakidala, ez da aurrerapausorik eman. Inoiz ezer egiten bada Etxerreko zonalde horretan, benetan asko lagunduko genioke inguruko biodibertsitateari.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak