Arrigorriagako Udalak udalerriko zarata-mapa argitaratu du eta herritarren eskura jarri du udal-webgunean. Horren bidez, arrigorriagarrek udalerriko kutsadura akustikoaren egoera jakin dezakete.
IMAE enpresak (Laboratorio de Ensayos Medioambientales, Instituto Medioambiental Europeo SL) egin du soinu-iturrien azterketa eta horretarako, soinu-presioaren mailak neurtu dituzte herriko puntu ezberdinetan, egunez zein gauez, eta hamar minutuko denbora-tarteetan.
Ikerketaren arabera, soinu-iturri nagusiak ibilgailuen zirkulazioa eta industria dira eta egin dituzten banaketa ezberdinen bidez, errepideen zarata-mapal, industrienak eta zarata-mapa orokorra ikus daitezke.
3D formatuan eta Google Earth-en
Zarata-mapa 3D formatuan ikus daiteke eta eremuen mailen planoak eskaintzeaz gain, eraikinen zarata-mapak ere kontsulta daitezke -giroko zarata besterik ez dute neurtu; merkataritza- edo ostalaritza-jardueretatik eratorri daitezkeen zaratak ez dituzte neurtu-.
Lurzoruaren erabilerari eta zonakatze-akustikoari erreparatuz gero, dezibelioek mugak gainditzen dituzten gatazka-eremuak ikusiko dira. Horrez gain, Google Earth erabiltzen dutenek zarata-mapa ikusi dezakete aplikazioan dauden estekak zuzenean erabiliz.
