→Arrigorriaga

Arrigorriagak Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren esperientzia pilotua abiaraziko du

Maite Ibarra, Euskalgintza Kontseiluan // Utzitakoa

Arrigorriagako Udalak, Hendaia (Lapurdi) eta Uharterekin batera (Nafarroa) martxan jarriko ditu Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren esperientzia pilotuak. Hendaiako herriko etxean proiektuaren hitzarmenaren sinaduraren ekitaldia gaur bertan egin dute eta bertan izan dira Arrigorriagako Maite Ibarra alkatea, Euskalgintzaren Kontseiluko Paul Bilbao idazkari nagusia eta Uharteko Edorta Beltzunegi alkateordea. Gaurko ekimenak helburu bi zituen: proiektuaren baliagarritasuna aztertzea eta beste Udal edo herriko etxe batzuetan aplikatzeko irizpideak ateratzea.

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa nazioarteko adituek eta Europako 30 hizkuntza komunitatetik gorako gizarte eragileek osatutako dokumentua da. Dokumentua hau 2016an aurkeztu zuten Donostian, 2019an Gasteizen eta 2020an Baionan eta bertan herriko etxeek eta Udalek hizkuntza politika egokiak lantzeko neurriak jasotzen dira. Helburu nagusia hasieratik proposamena Euskal Herriko errealitate administratiboari egokitzea zen. Gaur, ostera, Kontseiluak aurkeztutako bi proposamen horien baliogarritasuna Arrigorriaga, Hendaia eta Ugarten proiektu pilotuen bidez jarri ditu martxan. Modu honetan, etorkizunari begira beste Udal edo herriko etxeetan aplikatzeko irizpideak atera ahalko dira: “Hasieratik argi geneukan proiektu honetan parte hartzeko xedea”, azaldu du Maite Ibarrak.

Proiektuak fase bi izango ditu: lehenengoan diagnostiko bat egingo da. Bertan herriko hautetsiek, teknikariek eta euskalgintzako eragileek hartuko dute parte. Bigarren fasean hizkuntza politikarako lerro nagusiak definituko dira eta herriko etxe eta Udaletako hautetsiek hizkuntza politika zehazteko eta aurrera eramateko bidea prest izango dute.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak