Herriak

Bizkotxaldeko jolas-parke berria abuztuan zabalduko du Basauriko Udalak

Tirolina da parke berriko elementu berritzaileetako bat // Geuria

Urtebeteko lanen ostean, Bizkotxaldeko jolas-parke berria abuztuan zabalduko du Basauriko Udalak. Udal arduradunek zehaztu dutenez, obrak abuztuaren lehenengo hamabostaldian amaituko dituzte, eta orduan herritarrek erabiltzeko prest izango dute. Besteak beste, 512 metro karratuko gune estalia, estali gabeko 250 metro karratuko gunea, tirolina eta jolas inklusibo eta berritzaileak ditu parke berriak. “Gune bietako jolas-elementuei esker, 285 ume egon ahalko dira jolasten aldi berean”, adierazi zuen iaz Asier Iragorri Basauriko alkateak.

Aire zabaleko kautxuzko eremuan oreka-jolasak eta gora igotzeko jolasak dira nagusi. Era berean, jolas lasaierako beste gune bat, saski birakari irisgarri bat, txirrista bat eta mugimendu-jolasak ditu. “Tirolina da elementu berritzaileetako bat”, diote udal ordezkariek: “Horrez gain, lurraren mailan etxetxo bat ere badago, gurpil-aulkietarako irisgarria, rol-jolasak sustatzeko. Eta horien osagarri, joko hezigarriko panel bat eta bi arbel daude, irisgarriak gurpil-aulkietarako. Horrela, eremu integratzaile bat sortu dugu, askotariko gaitasunak dituzten neska-mutilek elkarrekin egin dezaten jolas. Multzoa osatzeko, saski birakari irisgarri bat eta hiru interfono pare jarri dira”, diote.

“Gora igotzeko elementuaren ardatza hexagono-formako dorre bat da eta dorre horretatik oreka lantzeko igarobideak abiatzen dira, sokak, plataformak, zubiak, sareak eta hamaka bat. Hartara, adin guztietarako haurrentzat erronka izango den jolasa sortu dugu, eta, egur naturalez egindakoa denez, espazio naturalarekin mimetizatzen da. Sokazko elementuak eta sareak arin eta gardenak dira, eta ez dute haurrak ikustea eragozten, inolaz ere; beraz, entzuteko desgaitasunak dituzten haurren integraziorako lagungarri dira. Sokazko ibilbideak bide-erakusle ere izan daitezke ikusteko desgaitasunak dituzten haurrentzat”, diote.

// Argazkia: Geuria

Eremu estalia

Eremu estaliak jolas-aukera ugari ere baditu. Bertan, neurrira egindako bost elementu eta bi jolas-multzo banatzen dira. Lehen jolas-multzoa haur txikienentzat da, eta bertan, igotzeko, lau oinean ibiltzeko eta oreka lantzeko aukera izango dute, “ingurune seguru eta lasai batean”, diote. Hala nola, txirrista bat, altzairu herdoilgaitzezko tunel bat eta kautxuzko perretxiko-multzo bat ditu gune horrek. Bigarren jolas-multzoan, estalkiaren sabaiari lotutako hainbat soka jarriko dituzte, eta haurrek igotzeko, esertzeko eta arin kulunkatzeko aukera izango dute. “Izan ere, labirinto moduko bat da, rol jolasak sustatzen dituena, baita lasaitzeko eta sozializatzeko espazio bat ere”, diote.

// Argazkia: Geuria

Estalitako eremuaren barruan, bi elementu handi ere jarri dituzte: “Alde batetik, parke osoaren ikuspegia duen dorre altu bat, hiru txirrista dituena eta ibilbide kiribila duena. Eta bestetik, sareez osatutako elementu bat igotzeko, aulki gurpildun batetik pasatzeko plataforma bat duena, biratzen eta okertzen dena”, diote. Multzoa osatzeko, bi zabu daude eta tranpolin bat, gurpildun aulki batetik igotzeko aukera ematen duena.

Lanak iazko uztailean hasi zituen Consaudi Obra Civil enpresa bizkaitarrak. Hasiera batean sei hilabeteko lanak izango zirenak, azkenean urtebete behar izan dute lanak bukatzeko. Udalak 560.998 euroko inbertsioa egingo du lehen fase honetan. Bigarren fase batean jolas-parkeko beheko aldean esku-hartuko du Udalak.

Bizkotxalde parkean estalpeko azpiegitura bat jarri nahi du Udalak, “ekitaldi jendetsuak egiteko”

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak