336 basauriarrek 2015eko aurrekontuak osatzeko proposamenak egin dituzte. “Partaidetza prozesuan jasotako proposamenak aintzat hartuta” aurrekontuaren zirriborroa osatu duela dio Udalak. Enplegua eta ekonomia dira herritarren lehentasunak
2015eko Udal-aurrekontuak osatzerako garaian herritarren parte-hartzea ahalbidetu duen prozesua jarri du martxan aurten ere Basauriko Udalak. Prozesu horretan parte hartu duen basauriar bakoitzak, alde batetik, bere ustez bere auzoa hobetzeko Udalak zer egin beharko lukeen adierazi du eta, bestetik, hurrengo urtera begira udal-aurrekontuetan zein inbertsio aurrezarri beharko liratekeen ere azaldu du.
Guztira 336 inkesta bildu ditu Udalak, horietatik 254 modu presentzialean eginak eta 82, modu birtualean. Era berean, 637 izan dira informazio-guneetara hurbildu diren herritarrak.
EKONOMIA ETA ENPLEGUA, LEHENTASUN NAGUSIAK
Udal-aurrekontuen osaketan parte hartu duten basaurriarrek argi eta garbi adierazi dute euren lehentasun nagusia ekonomia eta enplegua direla; batetik bostera bitarteko eskalan 4,69ko puntuazioa eman diete aipatu gaiei. Gizarte-laguntzak (3,91), auzoetako hobekuntzak (3,65), kirol eta kultur jarduerak (3,42) eta, euskararen sustapena eta basauriar nortasuna (3,01) aipatu dituzte ondoren.
“Aurreko urteetako ildo bera jarraitu du aurrekontu parte hartzaileak. Gainera, herritarren iritziak bat datoz gobernu taldeak dituen iritziekin; hala nola, langabetuen prestakuntzetan hobekuntzak egitea, enpresariak babestea eta egoera okerrenean dauden herritarrei laguntzea, bai ekonomikoki baita baliabide aldetik ere”, dio Andoni Busquet Basauriko alkateak.
HERRITARREN IRITZIAK BAT DATOZ GOBERNU TALDEAK DITUEN IRITZIEKIN, BESTEAK BESTE, LANGABETUEN PRESTAKUNTZETAN HOBEKUNTZAK EGITEA
Auzoetako hobekuntzei dagokienez, proposamen gehienak irisgarritasunari, bideen eta lorategien mantenuari, argiztapenari eta aparkalekuei dagozkie. “Basauriarren planteamendu guztiak hartuko ditugu kontuan eta bakoitzaren lehentasunaren eta beharrizanen arabera jokatuko dugu Udaletik. Premia handiko eskabidea den, zenbateko kostua izango duen eta momentuan bertako ekonomia nolakoa den, hiru horiek izango dira erabiliko ditugun irizpideak jardungo dugu”, dio Busquetek.
Urtebetez Basauriko ekonomia eta finantzak kudeatzeko tresna da udal-aurrekontua. Hasiera batean, lortuko diren diru-sarrerak aurreikusi behar ditu Udalak eta urteko gehienezko gastuak zehaztu. “Izan ere, diru-sarrerak aurreikusitakoak baino handiagoak izan daitezke, ez, ordea, gastuak”, diote udal ordezkariek. Hala ere, aurrekontua bideratzea ez da prozesu pasiboa: “Dinamikoa da, hasierako aurreikuspena da eta, beraz, urtean zehar alda daiteke”.
AUZOEI DAGOKIENEZ, PROPOSAMEN GEHIENAK IRISGARRITASUNARI, ARGIZTAPENARI ETA APARKALEKUEI DAGOZKIE
GASTUEN IA ERDIA, HIRIGINTZA ETA ETXEBIZITZETARA
2015. urterako Basauriko Udalak aurreikusitako gastuen grafikoan argi ikus daiteke Lurralde-Politika eta Kontratazio sailak zati handia hartzen duela, %42arekin: hirigintza, zerbitzuak, kontratazioa eta etxebizitzak bultzatzea. Horren atzetik Gizarte-politika dator %15arekin eta bertan sartzen dira gizarte-ongizatea, berdintasuna, adinekoak, lankidetza eta osasuna. Ondoren, Kultura, Euskara eta Hezkuntza (%11) eta Arlo juridikoa, Gobernu- eta Komunikazio-organoak (%11) datoz.
Grafikoa hurrengo arloekin osatzen da: Langileen kudeaketa eta Barne-araudia (%7), Kirola, Gazteria eta Jaiak (%6), Ekonomia eta Enplegua (%4), Herritarren partaidetza, Herritarrei arreta emateko bulegoa eta Teknologia berriak (%2). Amaitzeko, Herritarren segurtasuna, eta Ondasuna eta Ondarea, bakoitza %1arekin.
Beste alde batetik, diru-sarreren aurreikuspena honakoek osatzen dute: kapital transferentziak (%50), transferentzia arruntak –beste instituzio batzuen ekarpenak- (%25), zerga zuzenak (%11), estolderia, ur eta isun tasak eta zergak (%8) eta finantza pasiboak (%5).
Horiek horrela, udal-gobernuak aurrekontuen zirriborroa egin du, “betiere, partaidetza-prozesu honetan jasotako proposamenak aintzat hartuta”. 50 milioiko aurrekontua biltzen du zirriborro horrek. Gainontzeko talde politikoei eman die euren ekarpenak egin ditzaten, eta azkenik, udalbatzak onartu behar koditu 2015ean indarrean izango diren aurrekontuak.
_______________
712 PERTSONEK PARTE HARTU DUTE GALDAKAOKO KONTUAK PRESTATZEN
Galdakaoko Udalak 2015erako planteatutako herritarren partaidetza-prozesuak aurreko bi urteetako zifrak “luze eta zabal” gainditu ditu. Izan ere, iaz 314 galdakoztarrek parte hartu zuten udal aurrekontuen prestaketan.
“Zifra honek aurreko ekarpenak bikoiztu baino gehiago egin ditu, eta herritarrek ekimena ulertu eta baloratu dutela erakusten du horrek. Horrela, guztion artean Galdakaorako aurrekonturik onenak prestatzen saiatu gara”, dio Ibon Uribe alkateak.
