→Basauri

Agustin Ibarrola artista basauriarraren ‘Guernica Gernikara’ lana ikusgai egongo da uztailean Madrilen

Jose de la Mano galeria madrildarrak Agustin Ibarrola artista basauriarraren lan bat aurkeztu du gaur: ‘Guernica Gernikara’. Bi metroko altuera eta 10 metroko luzera duen horma-irudia da, eta 40 urtetan gordeta egon da. Ibarrolak horma-irudi hori egin zuen 70. hamarkadan, Picassoren ‘Guernica’ Bizkaiko hiribilduan kokatzeko euskal artista eta intelektual talde batek egindako ekimenaren ondorioz.

‘Guernica Gernikara’ // agustinibarrola.com

Ibarrolaren koadroa 1977an aurkeztu zen lehen aldiz Bilboko Arte Eder Museoan, eta besteak beste Barakaldoko udaletxeko aretoan edota Bilboko Euskadiko Kutxako Arte Aretoan erakutsi zuten. 1981ean erakutsi zuten azkenekoz Ibarrolaren obra hori, eta ordutik desmuntatuta eta artistaren tailerrean gordeta egon da. Orain, 40 urte geroago, artista basauriarraren ‘Gernika Gernikara’ Jose de la Manoren erakustokian ikusi ahal izango da uztailaren 7tik 11ra bitartean, Madrilgo Arco azokan. Erakustokian Ibarrolak 70eko hamarkadaren amaieran egindako hamar xilografia ere ikusi ahal izango dira.

Guernica berriak

60ko hamarkadaren erdialdera eta kartzelatik igaro ondoren, Agustin Ibarrolak hainbat lan egin zituen Picassoren ‘Guernica’ lanaren zatiekin, sortzaileak berak dioenez, Euskadiko ‘Guernica berriak’ adierazteko. Gainera, Picassoren obra Madrilera iritsi baino urte batzuk lehenago (1981ean eraman zuten Madrilera), euskal artista eta intelektual talde batek –tartean Chillida, Oteiza eta Ibarrola bera– kanpaina bat abiarazi zuen ‘Guernica’ Bizkaiko hiribilduan jartzeko.

Picassoren ‘Guernica’ New Yorkeko MoMA museoan ikusgai egon zen 1939tik, eta 1981ean Madrilera eraman zuten: lehenengo Padro museoko Casón del Buen Retiron (Picassok hala eskatuta), eta ondoren Reina Sofia museora lekualdatu zuten 1992an, gaur egunera arte. Ibarrolaren lanak, Picassorena laguntzeko jaio zen, baina ez zuten inoiz biek bat egin. Hainbat hamarkadatan euskal artistaren tailerrean gordeta egon da, ia ahaztuta, berriz ere jendaurrean jarri gabe. Orain arte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak