☉ Basauri
‘Agustin Ibarrola, naturalki’ erakusketa antolatu du Aldundiak Bilbon
Erakusketak artista basauriarraren lengoaia plastikoaren eta ingurune naturalaren arteko hartu-emanetan sakontzen du.

Bilboko Rekalde Aretoak ‘Agustin Ibarrola, naturalki’ erakusketa hartuko du gaurtik 2021eko uztailaren 4ra arte. Erakusketak artista basauriarraren lengoaia plastikoaren eta ingurune naturalaren arteko hartu-emanetan sakontzen du eta guztira 70 obra baino gehiago batzen ditu.
“70. hamarkadaren amaieran natura eta trenbide-trabesak margolan eta eskulturen euskarri gisa sartu zituenean, bere ekoizpen artistikoan etapa berri bat ireki zuen. Horri esker, lengoaia plastiko propio, konplexu eta garaikidea garatzen hasi zen. Lurrazpiko ibai sakon batek bezala, bere ekoizpena zeharkatzen duen lengoaia da, eta bere obra guztian zehar igarotzen da, espresionistenetik arrazionalistenera edo figuratibotik abstraktuenera”, dio Jose Ibarrola erakusketako komisarioak: “Agustin Ibarrola, naturalki erakusketaren ibilbidea artistak lantzen dituen euskarri materialekin zerikusia duten arloetan egituratzen da: zura, harria, burdina eta papera. Hainbat lan eta irudi biltzen dira euskarri horien inguruan”.
Erakusketan margolanak, eskulturak, collageak, marrazkiak, maketak eta ingurune naturalean egindako esku-hartzeen argazkiak daude. Horietako batzuk oso esanguratsuak dira, hala nola, Omako Baso Margotua edota Ereñozarreko haitzak (gaur egun desagertuta), eta beste batzuk argitaratu gabekoak, kasurako Omako baserriaren inguruko zuhaixken hostoei buruzko azken pinturak.
“Duda barik, artista honek konpromiso sendoa dauka arteagaz, era askotako jarduerek eta beraren ibilbide luzeak erakusten daben moduan. Horregaitik, Bizkaiko sortzailerik garrantzitsuenetakoa da, besteak beste, Omako Baso Margotua bezalako ondare plastikoaren egilea dan gizona. Gure asmoa da artista honen obra begirada barri bategaz aurkeztea, naturagaz daukan lotura intimo eta sentikorra agerian isteko, hori izan da-ta beraren lana Bizkaian eta nazioartean proiektau dauana”, dio Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak.
Audioa eta irudia
Erakusketak jatorrizko ikus-entzunezko bat du, Josu Venerok zuzendua. Ibarrolaren lan nagusiak eta esku-hartze esanguratsuenak biltzen ditu ikus-entzunezkoak.
Era berean, Naiel Ibarrola Agustinen bilobak erakusketarako sortutako soinu-girotzea ere izango da. “Erakusketa honetarako sortutako konposizioa hiru soinu-piezatan banatuta dago, Agustin Ibarrolaren trabesek, altzairuzko eskulturek, harriek eta tresnek sortzen dituzten soinuak grabatuz sortzen direnak. Goizeko 7:00etan hasten da dena Omako haranean. Lehen eguzki izpiekin grabatu dut nola hitz egiten duten txoriek euren artean. Lehenengo pieza soinu-paisaia horren joko harmonikotik sortzen da. Txalaparta baten antzera haren trabesak jotzean eta haren eskulturak, harriak eta erremintak oinarri erritmiko gisa erabiltzean sortutako soinuek markatzen dute bigarren piezaren norabidea. Eta hirugarrena opari bat da nire aititarentzat, 90 urte betetzeagatik. Konposizio honek Aititaren obra itzelarekin jolasteko balio izan dit. Txikia nintzenean, eskulturaz betetako lorategi hura anaiarekin ikertzen nuen planeta ezezagun bat zen”, dio Naiel Ibarrolak.
Erakusketarekin batera, bitartekaritza- eta didaktika-jarduera osagarriak antolatuko dituzte Rekalde Aretoan. Hala nola, artistarekin topaketak, bisita gidatuak eta tailerrak. Jarduera guztiak doakoak izango dira, baina Covid-19a dela eta, edukiera mugatua izango da eta horregatik, aldez aurretik izena eman beharko da 944 068 532 telefono zenbakiaren edo salarekalde@bizkaia.eus helbide elektronikoaren bidez.
Euskal abangoardiako artista klasikoa
Agustin Ibarrola Goicoechea (Basauri, 1930) margolari eta eskultoreak 90 urte bete berri ditu. Basaurin jaio zen langile familia batean, eta Bilboko Arte eta Ofizio Eskolan egin zituen lehen arte ikasketak. Hamazazpi urte zituela aurkeztu zuen bere lehen erakusketa Bilbon, 1948an, eta horren ondorioz, Madrilera joan eta Daniel Vazquez Diazen tailerrean izan zen ikasle. Pintore haren eskutik abiatu zen postkubismoaren estetikan.
1980an, pintura eta grabatua erabat utzi gabe, eskulturaren munduan barneratu zen Ibarrola. Burdin xaflak eta hodiak edota burdinbideetako trabesak erabiltzen zituen eskulturak egiteko. Aipatzekoak dira Kantalazarrako parkeko eskulturak Basaurin (1990) eta Omako Basoa (1983-1991), bere obra nagusia.
1962an hartu zuten preso bere ideia komunistengatik. Madrilen epaiketa militarra egin eta bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Alderdi komunistako kide izanagatik hiru aldiz sartu zuten preso: 1962an, 1967an eta 1973an. Euskal artisten artean, Ibarrola izan zen frankismoaren aurkako borrokan gehien nabarmendu zenetako bat. Espetxean lanean segitu zuen, baina lanak izenpetzea eta kanpora ateratzea debekatu zitzaion. Era berean, ETAren indarkeriaren aurkako militantzian nabarmendu da Ibarrola eta mehatxatua izan da.
☉ Basauri
Basozelain eta karpa estaliarekin egingo dituzte MAZ Basauri festibalaren kaleko ekintzak
Zuzenketa bat egin dute azaroaren 8ko ordutegiei dagokienez, Los Punsetes taldeak , emango duen kontzertuaren hasierako ordutegian

Duela hiru aste baino gehiago iragarri zuen MAZ Basauri festibalak bere historiako sold out goiztiarrena, azaroaren 7ko kontzertuetarako sarrera guztiak agortu ostean. Leon Benavente eta Toundra izango dira ostiral gaueko protagonista handiak, hain zuzen ere.
Hori gutxi ez, eta antolakuntzatik jakinarazi dute azaroaren 8rako sarreren %60a baino gehiago ere saldu direla dagoeneko. Los Punsetes, Triángulo de Amor Bizarro eta Edgar Allan Pop taularatuko dira larunbat gauean Social Antzokian.
Basauriko jaialdiak bere 13. edizioa ospatuko dute datorren asteburuan, ordainpeko ekitaldiak eta dohainik izango direnak uztartuz, eta hor ere bada berrikuntza bat: Social Antzokian egingo diren kontzertuez harago Basozelai auzoko Zortziko plazan egingo dute aurten MAZ kalean. Horretarako karpa estali bat jarriko dute, eguraldiak programazioan eraginik izan ez dezan.
Zuzenketa ordutegian
Modu berean, zuzenketa bat egin dute azaroaren 8ko ordutegiei dagokienez, Los Punsetes taldeak larunbatean, azaroaren 8an, emango duen kontzertuaren hasierako ordutegian. Antolakuntzatik jakinarazi dute, halaber, Social Antzokian, beti bezala, publikoa zutik egongo dela eta barra-zerbitzua egongo dela, prezio merkeekin.
EGITARAUA
Osteguna, azaroak 6
📍 Marienea (Kareaga Goikoa, 54, Basauri)
🕕 18:00 (doan)
Solasaldia: ‘Mujeres e industria musical’
Parte-hartzaileak: La Furia, Ibone Iza (BIME, MIM), Maite Alaña (MAZ, Rockein)
Gidaria: Emilia Arias (TVE, Pikara Magazine)
Antolatzaileak: Rockein, MAZ, Marienea eta Basauriko Udala
Ostirala, azaroak 7
📍 Social Antzokia — SARRERAK AGORTUTA
21:00 Ateen irekitzea
21:30 Toundra
23:30 León Benavente
01:00 Bukaera
Larunbata, azaroak 8
🎶 Txiki MAZ — Zortziko plaza (Basozelai), doan
11:30 Reyes Torío & Mr Chase (DJ ikastaro eta saioa)
12:00 J.M. Brutal (antzerkia)
13:00 Reyes Torío & Mr Chase (DJ saioa)
13:30 Maialen Ibarra (kontzertu akustikoa)
14:15 Bukaera
🎵 MAZ Kalean — Zortziko plaza (Basozelai), doan
17:30 Ben Santana
18:15 Monday Potions
19:15 Rubia
20:15 Bukaera
🎸 Social Antzokia — 12 € + gastuak (aurretik) / 15 € (egunean bertan)
20:30 Ateen irekitzea
21:00 Edgar Allan Pop
22:15 Triángulo de Amor Bizarro
23:55 Los Punsetes
01:05 Bukaera
☉ Basauri
Nerea Ibarzabal bertsolari eta idazlearekin solasaldia antolatu dute gaur Basaurin
‘Bar Gloria’ bere lehen nobelaren inguruan arituko da Ibarzabal urriaren 30ean Basauriko Nai Lua Teterian

Nerea Ibarzabal bertsolari eta idazlea Basaurin izango da gaur, urriak 30. ‘Bar Gloria’ Ibarzabalen lehen nobelaren inguruko solasaldia antolatu du Beat Basozelaiko Euskararen Aldeko Taldeak Basauriko Udalaren babesarekin eta Basauritarraken laguntzarekin.
Hitzordua 19:00etan izango da Nai Lua Teterian. Sarrera doakoa da, baina interesa dutenek mezua bidali behar dute beattaldea@gmail.com helbide elektronikora.
☉ Basauri
Herri Krosa izango da azaroaren 2an Basaurin: izena emateko epea gaur arte dago zabalik

Basauriko Herri Krosaren 43. edizioa izango da azaroaren 2an, igandez.
Irteera eta helmuga Artunduaga kiroldegia izango dira eta kategoriaren arabera irteera-ordutegi eta distantzia desberdinak egongo dira:
- 10:15. 2020-2025 urteetan jaiotakoak: 400 metroko lasterketa
- 10:30. Kategoria absolutua: 11 kilometro
- 10:35. 2014-2015, 2012-2013 eta 2010-2011 urteetan jaiotakoak: 3,5 kilometroko lasterketa
- 10:40. 2018-2019 eta 2016 eta 2017 urteetan jaiotakoak: 1,2 kilometroko lasterketa (atletismo pistari 3 itzuli)
Basauriko Herri Krosean parte hartzeko izena ematea zabalik dago kirolprobak.com webgunean gaur arte, urriaren 29ra arte, 23:59ak arte.
San Jose Ikastetxeko Ikasle Ohien Elkarteak eta Kukurrustu Kirol Klubak antolatzen dute Basauriko Herri Krosa.
☉ Basauri
Azeituna con huesos, Keax, Reeler, Jaimones, Kruddö eta Silkat lehiatuko dira larunbatean, Rockeineko finalean
Rockeinen 2025eko edizioan 196 artistak eman dute izena, 10. urtez jarraian parte hartze marka gaindituz

Larunbat honetan, azaroaren 1ean, izango da Rockein lehiaketako finala, Basauriko Social Antzokian. Bertan, Azeituna con huesos, Keax, Reeler, Jaimones, Kruddö eta Silkat bandak lehiatuko dira. Sarrera doakoa izango da eta gonbidapen bidez egingo da, Social Antzokiko webgunetik eskuratuz.
Basauriko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura, Euskara eta Kirol sailaren laguntzaz, antolatu eta Euskadiko eta Nafarroako talde eta bakarlariei zuzendutako Rockein musika-lehiaketaren 13. edizioaren finala izango da aurtengoa.
Azeituna con Huesos talde gipuzkoarra (elektronika, popa, jazza); Keax hirukote bizkaitarra (The Owl Project taldeko kide ohiak, LCD Soundsystem edo Ratatat bezalakoen eraginekin); eta Bilbon egoitza duen Reeler rock alternatiboko laukotea, Bizkaiko, Poloniako, Ingalaterrako eta Irlandako musikariek osatua, dira Rockeinen 13. edizioko sari nagusia irabazteko hiru hautagaiak.
Eskualdeko hautagaiak
Beste hiru talde finalistak Jaimones (70-80 hamarkadako rock amerikar laukotea, Basauriko kide batekin), Kruddö, rock gogor eta stoner bikotea, Jon Ander Santamaría bermeotarrak eta Txaber Miravalles etxebarriarrak osatua; eta dira Silkat, indie rock hirukotea, Bilbo eta Galdakaoko musikariekin eta The Cure edo Radiohead taldeen eraginekin.
Azken hiru talde hauek Hego Uribeko artistarik onenari saria lortzeko aukera izango dute, Basaurin, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon edo Zaratamon erroldatutako kide bat gutxienez duten proiektuak saritzen baititu.
“Ohi bezala, Rockeineko 5 kategorien irabazleen izenak (‘Bizkaia saria’, ‘Artistarik onena euskaraz’ eta ‘Eskarabilera saria’, barne) finalean bertan jakinaraziko ditu epaimahaiak”, azaldu dute antolaketa taldetik. Rockeinen 2025eko edizioan 196 artistak eman dute izena, 10. urtez jarraian parte hartze marka gaindituz.”
Emakumeen esperientziaren hitzaldia
Azaroaren 6an, MAZ Basauri jaialdiaren bezperan hain zuzen ere, ‘Emakumeak eta industria musikala’ topaketaren bigarren emanaldia hartuko du Marienean Basauriko Emakumeen Etxeak (Kareaga Goikoa, 54).
Iaz lehen edizioa izan zen eta Rockeinek, MAZ Basaurik eta Marieneak urtero antolatzen duten hitzaldia da, eta helburua musikaren industriako emakumeen esperientziak beste emakume batzuekin partekatzea da, “sektorean eta eszenatokietan emakumeen presentzia handiagoa sustatzeko”, hain zuzen ere.
Aurtengo gonbidatuak La Furia artista nafarra, Ibone Iza BIME Proko edukien arduraduna eta Maite Alaña MAZ Basauri eta Rockeineko zuzendaria izango dira eta Emilia Arias kazetari eta idazleak (TVE, Pikara Magazine) gidatuko du hitzaldia.
Egitaraua | Rockein finala 2025
Larunbata, azaroak 1
20.30 (ateak irekitzea)
Hego Uribeko artistarik onenaren kategoria
21.00 Silkat
21.30 Kruddö
22.00 Jaimones
Kategoria nagusia
22.40 Azeituna con huesos
23.10 Reeler
23.40 Keax
00.15 Sari-banaketa
☉ Basauri
Basauriko Social Antzokiko zubia itxiko dute ibilgailuentzat, San Faustoko obrengatik
Urriaren 28tik (asteartetik) azaroaren 9ra bitartean ibilgailuen trafikoa moztuko dute zubian

Urriaren 28tik (asteartetik) azaroaren 9ra bitartean ibilgailuen trafikoa moztuko dute Social Antzokiko zubian, San Fausto plaza berria eraikitzeko lanak direla eta.
“Egun horietan zehar, zubiko galtzada handituko dute, eta Autonomia kalekoa ere bai, elizaren eta A25 plazaren aurreko zatian”, azaldu dute udal ordezkariek. Hori dela eta, denbora tarte horretan ezingo da Autonomia kaletik udaletxerantz biratu, eta udaletxe eta Kareaga Goikoa kaleen arteko bidegurutzetik Arizgoitira jaitsi ere ez.
Gainera, Basauriko Udaletik iragarri dute azaroaren 4tik 9ra Autonomia kalean itxita egongo dela Begoñako Andra Mari eta Nagusia kaleen arteko zatia.








