→Basauri

‘Agustin Ibarrola, naturalki’ erakusketa antolatu du Aldundiak Bilbon

Erakusketak artista basauriarraren lengoaia plastikoaren eta ingurune naturalaren arteko hartu-emanetan sakontzen du.

Erakusketa gaurtik 2021eko uztailaren 4ra arte dago ikusgai Rekalde Aretoan, Bilbon // Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia

Bilboko Rekalde Aretoak ‘Agustin Ibarrola, naturalki’ erakusketa hartuko du gaurtik 2021eko uztailaren 4ra arte. Erakusketak artista basauriarraren lengoaia plastikoaren eta ingurune naturalaren arteko hartu-emanetan sakontzen du eta guztira 70 obra baino gehiago batzen ditu.

“70. hamarkadaren amaieran natura eta trenbide-trabesak margolan eta eskulturen euskarri gisa sartu zituenean, bere ekoizpen artistikoan etapa berri bat ireki zuen. Horri esker, lengoaia plastiko propio, konplexu eta garaikidea garatzen hasi zen. Lurrazpiko ibai sakon batek bezala, bere ekoizpena zeharkatzen duen lengoaia da, eta bere obra guztian zehar igarotzen da, espresionistenetik arrazionalistenera edo figuratibotik abstraktuenera”, dio Jose Ibarrola erakusketako komisarioak: Agustin Ibarrola, naturalki erakusketaren ibilbidea artistak lantzen dituen euskarri materialekin zerikusia duten arloetan egituratzen da: zura, harria, burdina eta papera. Hainbat lan eta irudi biltzen dira euskarri horien inguruan”.

Erakusketan margolanak, eskulturak, collageak, marrazkiak, maketak eta ingurune naturalean egindako esku-hartzeen argazkiak daude. Horietako batzuk oso esanguratsuak dira, hala nola, Omako Baso Margotua edota Ereñozarreko haitzak (gaur egun desagertuta), eta beste batzuk argitaratu gabekoak, kasurako Omako baserriaren inguruko zuhaixken hostoei buruzko azken pinturak.

“Duda barik, artista honek konpromiso sendoa dauka arteagaz, era askotako jarduerek eta beraren ibilbide luzeak erakusten daben moduan. Horregaitik, Bizkaiko sortzailerik garrantzitsuenetakoa da, besteak beste, Omako Baso Margotua bezalako ondare plastikoaren egilea dan gizona. Gure asmoa da artista honen obra begirada barri bategaz aurkeztea, naturagaz daukan lotura intimo eta sentikorra agerian isteko, hori izan da-ta beraren lana Bizkaian eta nazioartean proiektau dauana”, dio Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak.

Audioa eta irudia

Erakusketak jatorrizko ikus-entzunezko bat du, Josu Venerok zuzendua. Ibarrolaren lan nagusiak eta esku-hartze esanguratsuenak biltzen ditu ikus-entzunezkoak.

Era berean, Naiel Ibarrola Agustinen bilobak erakusketarako sortutako soinu-girotzea ere izango da. “Erakusketa honetarako sortutako konposizioa hiru soinu-piezatan banatuta dago, Agustin Ibarrolaren trabesek, altzairuzko eskulturek, harriek eta tresnek sortzen dituzten soinuak grabatuz sortzen direnak. Goizeko 7:00etan hasten da dena Omako haranean. Lehen eguzki izpiekin grabatu dut nola hitz egiten duten txoriek euren artean. Lehenengo pieza soinu-paisaia horren joko harmonikotik sortzen da. Txalaparta baten antzera haren trabesak jotzean eta haren eskulturak, harriak eta erremintak oinarri erritmiko gisa erabiltzean sortutako soinuek markatzen dute bigarren piezaren norabidea. Eta hirugarrena opari bat da nire aititarentzat, 90 urte betetzeagatik. Konposizio honek Aititaren obra itzelarekin jolasteko balio izan dit. Txikia nintzenean, eskulturaz betetako lorategi hura anaiarekin ikertzen nuen planeta ezezagun bat zen”, dio Naiel Ibarrolak.

Erakusketarekin batera, bitartekaritza- eta didaktika-jarduera osagarriak antolatuko dituzte Rekalde Aretoan. Hala nola, artistarekin topaketak, bisita gidatuak eta tailerrak. Jarduera guztiak doakoak izango dira, baina Covid-19a dela eta, edukiera mugatua izango da eta horregatik, aldez aurretik izena eman beharko da 944 068 532 telefono zenbakiaren edo salarekalde@bizkaia.eus helbide elektronikoaren bidez.

Euskal abangoardiako artista klasikoa

Agustin Ibarrola Goicoechea (Basauri, 1930) margolari eta eskultoreak 90 urte bete berri ditu. Basaurin jaio zen langile familia batean, eta Bilboko Arte eta Ofizio Eskolan egin zituen lehen arte ikasketak. Hamazazpi urte zituela aurkeztu zuen bere lehen erakusketa Bilbon, 1948an, eta horren ondorioz, Madrilera joan eta Daniel Vazquez Diazen tailerrean izan zen ikasle. Pintore haren eskutik abiatu zen postkubismoaren estetikan.

1980an, pintura eta grabatua erabat utzi gabe, eskulturaren munduan barneratu zen Ibarrola. Burdin xaflak eta hodiak edota burdinbideetako trabesak erabiltzen zituen eskulturak egiteko. Aipatzekoak dira Kantalazarrako parkeko eskulturak Basaurin (1990) eta Omako Basoa (1983-1991), bere obra nagusia.

1962an hartu zuten preso bere ideia komunistengatik. Madrilen epaiketa militarra egin eta bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Alderdi komunistako kide izanagatik hiru aldiz sartu zuten preso: 1962an, 1967an eta 1973an. Euskal artisten artean, Ibarrola izan zen frankismoaren aurkako borrokan gehien nabarmendu zenetako bat. Espetxean lanean segitu zuen, baina lanak izenpetzea eta kanpora ateratzea debekatu zitzaion. Era berean, ETAren indarkeriaren aurkako militantzian nabarmendu da Ibarrola eta mehatxatua izan da. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak