Alazne Molinuevo basauriarra Kolonbian izan da Eusko Jaurlaritzak urtero antolatzen duen ‘Gazteak Lankidetzan’ programan parte hartzen. Medellingo umeak, gazteak eta emakumeak lagundu ditu.
Gazteen artean elkartasun balioak sendotu eta horiek garapenerako ekintzekin sentsibilizatzea da Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren helburua. Uda honetan, Medellinen (Kolonbia) aritu da lankidetzan Alazne Molinuevo basauriarra. Ciudad Don Bosco deitutako elkartearekin batera egin du lan, hain zuzen ere, ‘Derecho a Soñar’ egitasmoan. Magisteritza eta psikopedagogia ikasketak ditu Molinuevok, baina Kolonbian psikologo eta pedagogo lana burutu du. “Medellingo aldirietan auzo ezberdinak daude eta laguntza gehien behar duten auzoetan lan egin dugu”, dio gazteak. Zehazki, aisialdi ekintzak, lan sozialak eta baloreen irakaskuntza lantzea dira Ciudad Don Boscoren helburu nagusiak.
Hiru auzo ezberdinetan lan egiten du taldeak: Villa Hermosa, Popular eta San Javier. Baina horietan aritzea ez da erraza. “Komuna edota kale bakoitzean banda armatu bat dago eta horiek asko mugatzen dute batetik besterako bidea”. San Javier auzoan muga hori “are mugatuago” dago, horregatik Ciudad Don Bosco elkartearen laguntzarekin bertakoek irteerak egiten dituzte ondoko auzotarrak ezagutzeko eta haiek ere euren berri izan dezaten.
‘Derecho a Soñar’ egitasmoaren lan taldea pedagogo, psikologo eta gizarte langileek osatzen dute eta egitasmo honi esker auzo horietara hel daitezke astean hiru aldiz. Bestela, ezinezkoa litzateke hori.
Ciudad Don Bosco egoitza barruan bizi izan da Molinuevo hiru hilabetez. “Barnetegi handia da. Bertan, eskola eta tailerrak egiten dituzte, eta lankidetzan dihardute El Patio deituriko beste barnetegi batekin”. Etxerik eta familiarik ez duten umeak bizi dira El Pation: “Eskola eta lanbide-heziketa irakasten dizkiete, baita jolasak eta txangoak egin ere“.
EGUN BAKOITZA, DESBERDIN
“Eguneroko bizimodua hemen baino lehenago hasi eta bukatzen da, ilunabarra askoz lehenago sartzen baita”, azaldu du basauriarrak. Asteko hiru egunetan, egun osoz egiten dute lan, “taldeak handiak baitira, 30-40 lagunekoak. 05:30ean esnatzen ginen eta 20:30ak arte egoten ginen pedagogo, psikologo eta gizarte langileen taldearekin”. Ilundutakoan, Ciudad Don Bosco barnetegira itzuli eta “ohera joan baino lehen bertako umeekin geratzen ginen”. Egun bakoitza gainontzekoengandik ezberdina denez, “jende berria ikusten genuen barnetegian, eta bakoitzak bere istorioa kontatzen zigun: bere aita mehatxupean zegoelako barnetegian zegoen umea, gurasoak ezagutzen ez zituen beste bat, ama prostituta zuen beste bat eta abar”.
Barnetegien barruko bizipenei dagokienez, “aurreneko bi asteak oso gogorrak izan ziren, baina orokorrean ezagutu dugun jendea oso jatorra eta atsegina da”. Aurreneko egunetan, bertako umeen agresibitatea izan zen Alazne gehien harritu zuena. “Hezitzaileek umeei arreta deitu eta lepotik hartzen zituzten. Hori hemen egiten baduzu, ondorio larriak izan ditzakezu. Denbora aurrera joan ahala ulertu nuen bertako bizimoduari aurre egiteko indartsuenaren legea askotan erabiltzen dutela”, dio Molinuevok. Izan ere, ume gehienak kalean bizi dira eta “bertan bizirauteko beharrezkoa dute biolentzia hori, hori delako egunero ikusten dutena”.
AUZO BATEAN UMEAK KALE GORRIAN BIZI DIRA ETA ONDOKOAN, LUXUZKO ETXEAN
PERSPEKTIBA ALDATZEA
Esperientzia horri esker, “Medellinen bizitzeko mila moduak” ezagutu ditu Alaznek. Izan ere, “auzo batetik bestera bizimodua erabat aldatzen da: posible da parez pare dauden bi auzok elkar laguntzea edo elkarri begiratu ere ez egitea; auzo batean umeak kale gorrian bizitzea eta ondokoan, berriz, luxuzko etxe batean”. Basauriarrak adierazi duenez, “15 urte bitarteko umeak izan dira niri zerbait irakatsi didatenak euren diskurtso eta bizimoduekin, heldu planta baitute”.
Horiek horrela, dena beltz-beltza ez dela dio Alaznek: “Beste perspektiba bat izan behar dugu Kolonbiari buruz, ez baita dena telebistan azaltzen dena. Kolonbia musika, dantza, alaitasuna eta laguntasuna ere bada. Guk ikusi egin dugu: jende xumeak egunero borroka egiten du euren auzoa hobea izan dadin. Ekonomikoki herrialde pobrea bada ere, bizitzeko beharrezkoa dena badute”.
