→Basauri

Atxiloturik ez Basauriko eraso homofobotik hilabetera

Eraso homofoboaren inguruan azken hilabeteko zenbait momentu / Geuria

Hilabete bete da Basaurin 13 gaztek beste bat jipoitu eta konorte barik utzi zutenetik. Eraso homofoboa izan zen. Eraso jaso eta hiru egunera, GEURIAk Ekain Perrino eraso bortitza jasan zuen basauriarrak kamara aurrean berba egiteko erabakia hartu zuen. Orduko elkarrizketan Ekainek aipatu zuen bere erasotzaileak ez zituela ezagutzen, libre daudela eta edozein momentutan berriro eurekin topo egin dezakeela. Erasoaren egunean bertan Ertzaintzak erasoan ustez parte hartu zuten bederatzi gazte identifikatu zituen.

Hilabete joan da erasotik eta gaue egun egoera honakoa da: erasoan parte gartu zuten hamahiru gazteetatik Ertzaintzak hamabi identifikatuta ditutela dio Silvia Gomezek, Ekain Perrinoren amak. Egoera gogorra bizitzen ari dira: “Pentsa, nire semeak berriro bizi du orain dela hilabeteko erasoa Samuelen hilketarekin. Familian berdina bizi dugu. Ekain ez zuten hil, baina konorte barik zegoela jipoitzen jarraitu zuten, eta alde egin zutenean erasotzaileek ez zekiten bizirik ala hilda utzi zuten hantxe, lurrean botata. Zein da Samuelen erasoarekin dagoen ezberdintasun bakarra? Samuel hil dutela. Nire semeak, gure onerako baita erasotzaileen onerako ere, ez zuten hil, baina eraso berdina da”.

Identifikatuta bai, baina ez dago atxiloketarik: “Erasotzaileak kalean daude, Basaurin egin zuten eraso honekin harrotuta, erasoak ez duelako ondoriorik izan. Euren artean bati eta besteari kontatzen diote eurek izan zirelako marikoia jipoitu zutenak, gazteei beldurra sartzeko asmoz edo. Eta gazteak beldurrez daude, lekukotzak emateko beldurrez ere”, azaldu digu Silviak: “Erasotuak orain erasotzaileak identifikatu behar ditu. Gutxienez hamahiru izan ziren eta bera lurrean zegoen. Erasoa taldekoa izan zen, talde bat pertsona baten aurka”. Erasotua eta lekukoak beldurrez daudela dio Silviak, erasotzaileak kalean daudelako eta eurak direlako aurpegia eman behar dutenak.

Salaketa instrukzio epaitegian dago. Erasoa ‘lesio-eraso’ bezala sailkatu du epaileak, ez eraso homofobo bezala. Ertzaintzak ere, lehen unean, erasoa ez zuen eraso homofobo moduan jaso, eta ondoren gehitu zuen eraso homofoboaren gakoa. 150 orrialde inguruko txostena idatzi du Ertzaintzak bertaratutako lekuen testigantzekin. Epaileak, aldiz, oraingoz hiru herritar deitu ditu lekukotza ematera, baina litekeena da lekuko gehiago deitzea, abokatuek hala eskatuta. “Legeak aldatzea. Hori da bidea eta horretan eragin behar dugu. Baina zenbat emakume hil behar izan dira legeak aldatzeko? Orain, zenbat gazte hil behar dituzte legea aldatzeko? Legea aldatzeko ezin dira gazte gehiago hil”, dio Silviak.

Eraso homofoboa izan zenetik, Basauriko Bizkotxalde plaza hutsik dago asteburutan eta dagoeneko ez da herriko gazteen topaleku. Ekain Perrinoren amak, Silvia Gomezek, borroka bere gain hartu eta gizarteko hainbat alorretan eragiteko asmoz. 2018an Basauriko herriak Pepe Godoyk azalarazi zuen sexu-abusuen afera entzutetsua pairatu zuen. Oraindik epaiketaren zain dagoen arren, lege aldatzea lortu da. Orduan egin bezala, ekainean bertan egindako manifestazioan gain, herritarrak antolatzen ari dira herri moduan erantzun irmo eta luze bat emateko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak