→Basauri

EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi du Basauriko entrenatzaileari sexu abusuengatik ezarritako kondena

Sei urteko kartzela zigorra berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak Basauriko entrenatzailearentzat // Geuria

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak sei urteko kartzela zigorra berretsi du Basauriko entrenatzailearentzat, adingabe bati sexu abusuak egiteagatik. Hau da, urrian Bizkaiko Auzitegiak emandako epaia berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak. Entrenatzaile ohiari sei urteko kartzela zigorra eta 40.000 euroko isuna, urruntze-agindua eta zaintzapeko askatasuna berrezarri diote. Horrez gain, bederatzi urtez adingabeekin harreman erregularra eta zuzena duen edozein lanbidetan aritzeko debekua ezarri diote.

Oro har, fiskaltzak eskatutakoa onartu zuen Bizkaiko Auzitegiko epaileak. Epai horrekin eta orain EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi duenarekin frogatuta geratzen da Basauriko futbol entrenatzaile ohiak adingabe bati lau urtez jarraian abusuak egin zizkiola, 2014tik 2018ra bitratean, biktimak 8 eta 12 urte zituela. Auzipetuak helegitea aurkeztu ahal du orain Auzitegi Gorenean.

Bi urteko borroka

Adingabeak jasandako sexu abusuen salaketa 2019an jarri zuen, eta bi urte baino gehiagoko prozeduradren ondoren, iazko urrian izan zen epaiketa. Bi saio izan zituen epaiketak: lehenengo  egunean auzipetuak akusazioak ukatu zituen, eta bigarrenen saioan honakoak izan ziren fiskaltzak emandako argudioak: “Kargu nagusiaren froga biktimaren deklarazioa da, baita duela urte batzuk sexu abusuak jasan zituen gainerako lekukoen testigantzak ere. Azken testigantza horiek preskribatuta egon arren, adingabeak kontatutakoarekin paralelismo argia dago: familiarentzako pertsona hurbila, gurasoekiko harreman estua, abusu berak, elkarrekiko masturbazioak, ingurune berdina akusatuaren etxean, abusuak denbora luzez ematen ziren edota biktimen adin berdina, hots, 8 eta 12 urte bitartean. Adingabearen deklarazioa indartzeko balio dezaketen datuak dira”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak